Lertxundiren 40 urte zuzenean
Bizkaie!
Benito Lertxundik ikasten emon ditu azken 40 urteak. Eta hori, hamalaugarren diskoaren izenburuan azpimarratu gura izan dau: ‘40 urtez ikasten egonak’.
Oriotarraren zuzeneko lehenengo lana da, Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak bultzatuta egindakoa. ‘Ez zan nire helburua zuzeneko diskoa ataratea. Beti uste izan dot zuzenekoa hasi eta amaitu egiten dala baina Anjelek hainbeste biderrez eskatu deust eta hemen dago zuzeneko testimonioa’, esan dau barreka Lertxundik Euskalduna Jauregian gaur egindako aurkezpenean.
Martiaren 3an Gernikan eta 11an Tolosan eskainitako kontzertuak jatorkuz disko honetan. Tartean, kanta barri bi dagoz: ‘Itsasoari begira’ eta ‘Itoitz’. Lehenengoa Jon Maiaren bertso musikatuak dira eta bigarrena Olatz Zugastik Itoitz urtegiaren inguruko herritarren bildurrean eta tristezian oinarrituta egindako kantea da.
Lertxundik indarrez azpimarratzen dau bizitzako funtsezko ardatza ikastea dala. ‘Bizitzaren oinarria da. Sentimentu horrek handitasun bat dauka: beti aurrera egiten bultzatzen gaitu eta, aldi berean, humildade puntua be badauka eta errealidadera etorrarazoten deusku eta akaso hurrengo batean izan dala esan beharko deutsagu geure buruari’. Bizitzaren esentzia legez definiduten dau ikaste-prozesua eta inoiz nahikoa ez dakigula dino. Disko honetan be, asko ikasi dau oriotarrak, batez be Mikel F. Krutzaga soinu teknikariaren eskutik. ‘Mikel, soinu teknikaria izateaz gan, produktorea eta musikoa be bada. Bere ikutua ezinbestekoa izan da diskoan. Ez neban pentsau horrenbeste ezagutzen nauenik...’ esanez goraipatu dau Krutzagaren lana. Honek be polito goraipatu dau Lertxundiren lana: ‘lan asko inertziaz egiten dira gehienetan baina Benitok erakutsi deust gauza bakotxak bere azalpena daukala’. Bien arteko sinergia izan da, beraz, eta emoitza ‘40 urtez ikasten egonak’ zuzeneko disko bikotxean topau zeinkie. Kontzertuak be eskainiko ditu, eskumako argazki horretan daukazuez datak eta lekuak.