Barriketan  IV. urtea // 132. zenbakia

Unai Iturriaga: 'txapela ez da izan inoiz nire helburua'

Durangarra, 1974an jaioa, aurreko hiru txapelketa nagusietan finalista eta 1990etik aurrerako Bizkaiko Txapelketa guztietako finalista; Bizkaiko txapela birritan jantzi dau.

Bertsolaritzaz aparte, 1999an ‘Berandu da gelditzeko’ nobelea eta 2004ko ‘Unibertsolariak’ filmaren gidoia idatzi ditu. Musikari batzuentzako kantuetako berbak be idatzi izan ditu eta denporalditxu baten bertsoak eta musikea buztartuz herririk herri ibili zan Zazpi Eskale taldean.

Bertsolaritzan zein bestelako arloetan palmares handiko laguna, beraz, ‘Barriketan’ geugaz.

1. Esperientzia oso garrantzitsua izaten da bizitzako arlo gehinetan eta esperientzia faltarik ez daukazu Txapelketa Nagusietan zein bestelakoetan. Esperientzia beti da mesedegarria ala kaltegarria be izan daiteke inoiz?

Esperientzia ez da sekula kaltegarria, urteetan egindako lanaren frutua da baina atzetik be jente piloa datorrela esan gura dau horrek eta, beraz, lortutako maileari eustea izaten da helburua. Kokoteko batzuk hartuta gagoz eta konfidantza eta patxada larregi ez hartzeko be balio dau. Zeozegaitik esaten da gora heltzea goian mantentzea baino errazagoa dala.

2. Aurreko Txapelketa Nagusietan finalera heldu zara baina zer falta izan jatzu azken pausu hori emoteko? Aurten, txapela jantzi zeinkela sentiduten dozu?

Ez, ez dot sentiduten ezer berezirik. Txapela ez da izan inoiz nire helburua. Niretzako sari handi bat da, gazterik sartu nintzan, akaso lar pentsau barik eta gero badakit zenbat kostetan dan hor egotea eta, alde horretatik finala da nire helburua, txapela urrun ikusten dot eta ez nau obsesionetan. Neure buruagaz gustoren amaitu dodan finalean, posturik txarrena lortu neban eta hobeto kantau neban finalean, azkenengoan seigarren edo bosgarren geratu nintzan. Finalik txarrenean, barriz, posturik onena lortu neban. Aurten, finalean sartzea be gatx egongo da, inoiz baino gatxago, sei leku baino ez dagoz eta ez da erraza izango; finaletik kanpo geratzea be aurreikusi dodan aukeretako bat da. Txapela irabazi ezkero, ondo baina horrek ez nau arduratzen, ahalik eta ondoen egiten saiatuko naz, finalean sartu eta gustora geratzea da nire helburua. Txapelak errespetu handia emoten deust ze gero txapela defendidu egin behar da plazatan...

3. Aurtengo ‘Pasa hitza’ lemapeko Txapelketa Nagusian, danetara 38 bertsolari zagoze (Arabatik 2, Bizkaitik 10, Gipuzkoatik 19, Nafarroatik 4 eta Iparraldetik 3). Gazteenak Iparraldekoak dira: Miren Artetxek 20 urte baino ez daukaz eta Amets Arzallusek 21. Gazteek zelako maila emotea espero dozu?

Ona. Aitatu doduzan horreetatik Ametsek bere bigarren Txapelketa Nagusian kantauko dau, aurrekoan finalaren atarian geratu ostean. Asko ibilitako bertsolaria da eta danok buruan daukagun hautagaietako bat da. Mirenegaz be aurten bi, hiru bider kantau dot beragaz eta polito dabilen neskatoa da. Xabier Paia be hor dago, Ekaitz Goikoetxea, Jon Martin, Gipuzkoako azken txapelketan bigarren geratu zana... Entzuleen babes osoa eukiko dabe, galtzeko ezer ez eta nortasun eta gaitasun handikoak dira.

4. Aurten, Manuel Uztapideren markea (62, 65 eta 67an jantzi eban txapela) gainditu leike Andoni Egañak 4. Bertsolari Txapelketea irabazita. Aparteko motibazinoa euki leike Egañak ala besteek gehiago?

Ez dot pentsetan horregaz obsesionauta egongo danik. Sarritan esan dau Egañak txapela tabladuan galdu gura dauela eta nik pentsetan dot berak ez dauela gurako beste txapelketa bat jokatzerik. Dana dala, horrek ez dau esan gura saiatuko ez danik eta danok dakigu saiatzen danean, arerio gogorra dala.

5. Bizkaitarren artean, Amuriza (80 eta 82ko txapelduna) eta Lopategi (89ko txapelduna) dira Txapelketa Nagusiaren ibilbidean erreferentzia. Gaur egun, Bizkaian 25 Bertso Eskola dagoz eta aurten, 38 bertsolarietatik 10 zarie bizkaitarrak. Erreleborako zenbat falta da?

Ez dakit. Azkenengoan Igor eta biok hor egon ginan eta suertau lei Egañak irabazi ezean bizkaitarren batek irabaztea. Amuriza eta Lopategiren ostean, geu hasi ginan burua erakusten baina hor urteetan hutsunea lakoa igarri dogu. Egia da salto kualitatiboa behar dala, akaso urteetan tapatxua izan gara geu; edozelan be, badagoz batzuk buelta erditxu bat gehiago behar dabenak, apur bat estutu eta gora egin leikienak. Azkenengo finalean ikusi zan Bizkaiko bertsolaritzeak gora egin dauela baina nazino mailarako saltoa falta da; jakina, hor beste faktore batzuk dagoz eta ez bakarrik plazako bertsoen mailea, jenteak zeozegaz identifikau behar zaitu, etorria, izakerea, nortasuna, patxadea behar dira; kalidade faltarik ez dago baina plazan jenteak zeozer gehiago gura izaten dau. Horrezaz ganera, kontuan hartu behar da zelako momentua bizi dogun, izan be, Iparraldeko (Sustrai eta Amets), Nafarroako (Xabier Silveira) zein Gipuzkoako (Jon Martin...) oso gogor dabiz.

6. Historian lehenengoz, Txapelketa Nagusiko finala Bizkaian izango da aurten, 12.000 lagunentzako lekua daukan ‘Bilbao Exhibition Centre’ dotorean. Zelan baloretan dozu erabagia?

Pozik hartu dot erabagia baina kontu honek eragin dauen saltsea larregizkoa otu jat. Nik ulertzen dot Belodromoa sinbolo bat zan, sasoi batean Balda zan moduan baina horreek gauzak naturaltasunez egin behar dira. Zertarako behar da horrenbeste azalpen? Finalaren antolakuntzea hartzeko gai dan beste edozein lekutan zergaitik ez da egingo finala? Gipuzkoak zein Donostiak ez dauka horren esklusibarik. Hurrengoa Iruñean egitea erabagiten bada, aurrera.

Kontuak kontu, Barakaldoko BECera, erdalgunera finala eroatea erabagi zuzena dala pentsetan dot, jentearen arretea erakarteko, geure ohiartzuna handitzeko.

7. Aurten txapela janzteko hiru faborito eskatuko deutsudaz...

Finalean Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio dagoz daborduko eta faborito dira, beraz. Igor Elortza be aitatuko neuke eta beste izen bat aitatzearren, Aitor Mendiluze. Hortik gora pronostikoa gatx dago. Finalean nik be egon gurako neuke baina... Nik uste dot finalean izen barri bi egon daitekezala, sekula ez da errepetidu final bat eta aurten lehia handia egongo da; Elortza, Martin, Mendiluze, Colina, Irazu eta nire artetik bi finaletik kanpo geratu daitekez, ezusteko bi horreen mesedetan; Silveiragaz be kontuz, Arkaitz Goikoetxea, kinielatan sartzen ez dan bertsolaria 9. sailkatu zan aurreko txapelketan. Aurtengo irabazlearen izena asmetea ez da erraza.

8. Zein da Bertso Eskolen funtzinoa? Plazetan kantetako aukera gitxi eukiten daben bertsolari gazteentzako zein da konponbidea?

Bertso Eskolen zeregina herri mailako bertso-agente izatea da, antolakuntzan, girotzean eta bertsolarien trebakuntzan; hori bai, maila batetik gora, beste trebakuntza mota bat behar izaten da, lagunartekoa, Lopategigaz edo beste batzuekaz.

Beste alde batetik, plazea aldarrikatzen da beti baina Amurizak be esaten dau plazea irabazi egin behar dala. Jakina, bertsolari gazteei lagundu egin behar jake eta, esangura horretan, Bertso Eskolek be zeregin handia daukie. Bertsolari gazteentzako plaza kontuan, gora begira eta telefono deiaren zain egotea ez da ona, dagozan aukerak aprobetxea eta barriak sortzea izan daiteke bidea eta hor dago ‘Txapel bete bertso’ ekimena, norberaren burua erakusteko baina bertsotan disfrutetako antolatutako kontua.

9. Ahozko inprobisazinoaren harian, Kuba zein Kanarietako kasuak be ezagutzen doguz eta bertsolaritzeagaz hartu-emonak be bideratu dira. Bertsolaritzea norantza doa?

Bertsolariok eta ingurua goazen lekurantza joango da bertsolaritzea. Datu lez, aurtengo Eskolarteko Txapelketan, txapeldun biak Iparraldekoak dira, bata Hendaiakoa eta bestea Donibane Garazikoa, adibide berezia bertsolaritzea norantza joan leiteken kalkuletako eta hori bada ez da norabide txarra. Edozelan be, norabide desbardinak ikusten dodaz, danok ez gabiz ‘onda’ berean, bertsokera eta giro desbardinak dagoz eta hori guztia positiboa da nire eretxiz. Hainbat gazteren artean, klasikorantza bueltea igarten da eta ondo dago, errepetidutea baino berrirakurtea interesgarriagoa iruditzen jatan arren. Bertsolaria kapaz izan behar da Sestaon zein Errezilen kantetako baina izan lei egoera batean gustorago ibiltea bestean baino eta hori berez ez da txarra.

Bertsolaritzea osasuntsu dago baina arriskua badago egon euskerearen biziraupenagaz lotuta; hizkuntzeak komuniketako balio behar dau ze bihar-etziko gazteei ez badeutse balio, bertsolaritzea alperrik egongo da. Esan gura dodana da euskerarik barik, bertsolaritzeak jai daukala. Kubako dezimista batek Madrilen be kantau leike baina guk ez.

10. Saltsa askotan ibiltea gustetan jatzu baina kontaiguzu bertsolaritzaz aparte zertan zabizen orain momentuan...

Saltsan. Honako lau lerro, besterako hiru bertso, plazan kantuan eta orain, Txapelketa Nagusia preparetan. Urtarriletik aurrera, barriz, beste gozagarri bat topau gurako neuke, lehengo moduan jolasteko, musikeagaz edo dana dalakoagaz. Sasoi baten asko disfrutau genduan eta hortik tiretu gurako neuke.

Bestetik, aspaldi amaitutako beharra da baina Gabonetan estrainauko da Olentzeroren II. zatia, Baleukogaz egindako animazinoko filma, Juanjo Elordi zuzendari dala. Gidoia da nirea.

11.- Amaitzeko, azken urteetako anekdota edo pasadizoren bat entzun gurako geunke...

Usansolon, gaztetan, 15 bat urtegaz edo, krossa amaitu eta sari banaketea baino lehen jarri euskuen saioa eta euri zaparrada handia tarteko, sariak jasoteko zain egoan jentea berotu egin zan eta txistuka eta txilioka hasi jakuzan. Kristonak bota eta hanka egin genduan handik.

Bestetik, ederra pasau jakun igaz, edurtzak izan ziranean, Legazpin neukan saioa. Autopistea bera nahikoa txarto egoan baina gero Azkarate eta Azkoititik Aizpurutxutik eta joan behar izan neban. Azkarate zarratuta egoan. Kate barik joan nintzan eta ez atzera ez aurrera egiterik ez egoan lekuetan, labankada batzukaz eta, azkenean heldu nintzan. Aurretik ertzain batzuk esan eustien ia nondik nentorren eta esan neutsenean ez eustien sinistu. Azkenean, saio polita izan zan eta ez daukat ahaztuteko ze bertan pasau behar izan genduan gaua eta bertako jenteak asko eskertu euskuen heldu izana.

Koldo Isusi Zuazo