Getxoko Komiki Azokeak Olmo marrazkigile bilbotarra eta 'Tótem' liburu-dendea omenduko ditu
Bizkaie!
Getxoko Komiki Azokearen laugarren edizinoa abenduaren 2tik 4ra bitartean izango da, eta prentsako tira komikoen munduko marrazkigilerik ospetsuenetako bat omenduko dau: Luis del Olmo bilbotarra, 'Olmo'. Bilboko marrazkigilearena da 'Don Celes' pertsonaia famatua, dagoeneko sei hamarkada dituana. Aurten, gainera, Bilboko 'Tótem' liburu-dendeari be eskainiko jako beste omenaldi bat, bere 25 urteko jarduerea dala eta.
'Don Celes' pertsonaia 1945eko urrian jaio zan, sortzaileak egindako apustu bitxi baten ondorioz. Pertsonaia mutua sortzeko erronkea hartu eban; tira komikoak izango ziran, garai haretan Europako prentsan hain ospetsuak ziranak. Del Olmok 40 istorio jarraitu sortu ebazan elektrotekniako ikasketak eta prentsako marrazkilari lanak batera egiten ebazan sasoian.
Umore grafikoaren munduan 'La Gaceta del Norte' egunkarian hasi zan; han ospetsu bihurtu ebazan 'Profesor Nimbus' lako pertsonaiak, atzerriko argitalpenetan inspiratuak. Horren adibide da 'Adamson', Suediako egunkari batean agertzen zan eta. 1940ko hamarkadearen erdialdera Bilboko egunkariko zuzendariak erabagi eban bazala ordua pertsonaia propio bat sortzeko eta holan sortu zan 'Don Celes', geroago 'El Correo' egunkariaren orrietara pasatuko zana.
Ordutik hona Luis del Olmok 40.000 aldiz marraztu dau pertsonaia ezaguna eta 15.000 istorio inguruko protagonista izan da. 'Don Celes' pertsonaiak mugak be gainditu ditu eta lau kontinentetako egunkari eta argitalpenetan agertu da.
Beste egunkari batzuetan agertzen 1950eko hamarkadearen amaieran hasi zan, Danimarkako 'Press Illustration Bureau' agentziako ordezkari batzuk etorri ziran eta 'La Gaceta'-ra euren istorioak eskaintzera. Orduan izan eben 'Don Celes'-en barri eta eskubideak erostea erabagi eben, beste herrialde batzuetan erabilteko izen desbardinakin: 'Carlo' edo 'Troispoils' (hiru ule).
Pertsonaiaren arrakastearen oinarrian xumea izatea eta minik emoten ez dauen umorea erabiltea dago. Eguneroko gorabeherek eta 'betiko galtzaile' izaereak be lagundu deutse 'Don Celes' pertsonaiari ospetsu egiten, eta tradizinoa balitz lez, urtean sei aldiz hain zuzen, ondo amaitzen dira bere gorabeherak.
Olmogaz batera, Getxoko Komiki Azokearen omenaldiak 'Tótem' liburu-denda bilbotarra be izango dau protagonista. 'Tótem' liburu-dendeak 25 urteko ibilbidea bete barri dau eta Bizkaiko uriburuko aitzindarietako bat izan zan komikien salmenta espezializatuan.