Kulturea  IV. urtea // 131. zenbakia

Esaera zaharren liburua Salome Gabunia georgiar etnologoaren eskutik


'Egunotan liburu interesgarri bat argitaratu da Tbilisin, Georgiako uriburuan. Gaia: Euskal esaera zaharrak. Izenburua georgieraz dauka baskur-kartuli paremiologiur paralelebi, baina badakar euskerazko itzulpena be: ‘Euskal-kartveliar paremiologi kidetasunak’. Egilea Salome Gabunia andrea dogu, georgiar etnologoa eta euskaltzain urgazlea. Aspaldian dabil andra hau euskal etnologiaren arlo ugari aztertzen, eta askotan ohitura batzuek Kaukasian daukiezan antzak eta kidetasunak nabarmentzen saiatu jaku.

Liburu honen sarreran Salomek esaera zaharrak zelakoak izaten diran azaltzen deusku, horreen formazko eta mamizko egiturak kontuan hartuta, eta horren arabera atsotitzen sailkapena egiten. Iturri nagusiak be aztertzen ditu, Bibliako Testamentu Zaharrekoak ahaztu barik. Jakinarazo gura dan kontzeptua edo irakaspena berbera izan arren, herri bakotxak bere inguruko florea, faunea eta eguneroko bizimodua kontuan izanda, askotan era bereko adibideak birmoldatu ditu, eta horreek dira Salome Gabuniak azpimarratu gura izan dituenak, horreetan, hain zuzen, baitago nazino bakotxaren herri-sen berezia.

Gorago aitatu danez, ez da barria Salome Gabunia euskal arloan. Orain hogeita bost urte, 1980an Euskalarien nazinoarteko jardunaldietan parte hartu ebanean, Euskal Herrian eta Georgian heriotzaren inguruan egin ohi diran zeremoniak, dolu-erakutsiak, esaerak etab. aztertu eta horren ganeko artikulu batzuk argitaratu ebazan. Gai horren ostean, begiak paremiologian jarri ditu, hau da, atsotitz edo esaera zaharrak ikertzean. Bide horretatik azken urteotan euskal esaera zaharrak aztertzen eta sailkatzen jardun dau, eta oraingoan ia 1.200 atsotitz, bilduma zahar eta barrietatik jasoak batu ditu, bakotxaren ondoan georgierazko itzulpenagaz. Horretarako kontuan izan ditu euskal esaeren bilduma asko: 1596an Iruñean argitaratua (RS), Garibaik, Oihenartek, Azkuek edota oraintsu Gotzon Garatek plazaratutakoak, berbarako.

Aipatutakoaz gainera, georgiar andra honek bestelako lanak be argitaratu ditu, eta gurean inprobisazinozko poesiaz antolatu zan nazinoarteko jardunaldietan be esku hartu eban, Georgiako koblakaritza, neurri batez euskal bertsolaritzearen antzekoa dana, zelakoa dan azaltzeko.

Estimatzekoa da, nik uste, oraingo obratxu hau, dudarik barik gure kulturaren oihartzuna muga zabalagoetara zabaltzeko balioko dau eta. Geografiaz, urrun dagoz gugandik georgiarrak, baina halanda be hur gaitue bihotzean.'

Jatorrizko bersinoa: Xabier Kintana
Bizkaie!-k bizkaierara moldatua

Georgian, argitaratu barri da euskal esaera zaharren ganeko liburu bat, Salome Gabunia georgiar etnologoak idatzia. Gabunia euskaltzain urgazlea da eta euskal etnologian aditua. Xabier Kintana euskaltzainak liburu hori aztertzen dau ondorengo lerroetan.