Torre biak, Eraztunaren Jaunaren bigarren zatia, ilun bezain ikusgarria
Zer edo zer izatekotan, epopeia fantastiko batek sinisgarria izan behar dau. Dana dala, hiru orduetan helburu hori neurri berean betetea gatx-gatxa da eta holan, ez da harritzekoa, narrazinoaren ibilbidea batzuetan desorekatzea; edozelan be, 'Torre Biak' filmak sakontasun, sendotasun eta bikaintasunari eusten deutso. Kalidade handiko produkzinoa da, diseinuak, indar dramatikoak, erritmo neurtuak eta interpretazino bikainek erakusten deuskuen legez. Abenturea giro ilun eta beliko batean garatzen da. Eta hutsuneak hutsune, lan bikain honek emozinoa, indarra eta bizitasuna batzen ditu.
Joseba Terreros
Orain urtebete, Peter Jackson mundu erdiko zinezaleak harritzeko gauza izan zan 'Eraztunaren Jauna' trilogiaren lehenengo zatia egokitu ebanean. Oraingoan, bigarrenaren makineria ostera be ipini da abian, lan honen fantasiaren indar guztia pantaila handian erakusteko. Halandaze, azken urte biotan Gabonetako errito bihurtu jakun film honetan Erdiko Lurreko arrazak ahaleginduko dira Sauronek irudikatzen dauen Okerraren Indarren aurrerakadea oztopatzen eta naturak berak matxinada berezi bati ekingo deutso Jaun Ilunaren botere suntsitzailearen kontra.
Aurrekoaren jarraipena
Bigarren emonaldi honetan trilogiak abenturearen bideari jarraitzen deutso, lekukoa 'Eraztunaren Komunidadeak' etenaldia egin eban toki berean hartuz. Zentzu zehatz batean, bada, film hau lehenengoaren jarraipena dogu, bide luze honen bigarren etapea, hatan be. Begien bistako zehaztapen hau egin gura izan dot filmak ez dauelako inguru orokor batetik kanpo interpretetako adinako autonomiarik, baina hori guztiori ez da traba izango ildo nagusiaren jakinaren ganean dagozan ikusleentzako. Halandaze, pelikulea hasiko da 'Eraztunaren Komunidadea' amaitu zan egiturearen arabera, hau da, protagonistak hiru taldetan bananduta dagozanean: batetik, Frodok, eraztunaren eroaleak eta Sam beraren lagun banaezinak Mordorrera abiatu gura dabe eraztuna desegiteko; bestetik, beste hobbit biak, Merry eta Pippin, Orkoek bahitu ditue; azkenik, Aragom, Legolas elfoa eta Gimli nanoa lagun bahituak erreskatau guran dabilz.
Produkzino honen inguruan izan diran aparteko zirkunstantziakaitik (Perter Jackson zuzendaria, lan talde bera eta, garrantzi handiagokoa, istorioaren hiru zatien filmaketea bata bestearen atzean), 'Torre Biak' izeneko pelikula honek aurrekoaren hari kontzeptualari eusten deutso. Barrikuntzak, beraz, istorioaren argumentuaren bilakaereak dakarz eta horrek pertsonaia nahiz egoera barriak sartzeko aukerea emon dau. Orain arte ezezagunak baina garrantzi handia izango daben arpegietariko batzuk ondokoak dira: Fara-mir (David Wenham), Boromirren anaia; Theoden, Rohango erregea (Bernard Hill); eta Eowyn (Miranda Otto) nahiz Eomer (Karl Urban) lobak.
Burrukearen ikusgarritasuna
Kontakizunaren bigarren zati honetan, abenturen edo fabula fantastikoaren ukutuaren gainetik, azpimarratzekoa da bataileari aurre egiteko kemen epikoa; adore hori argi eta garbi ikusten da buruz buruko burruketan edo bikaintasunez gidaturiko eraso guztietan. Gerrako testuinguru honen barruan, pelikulearen plater nagusia Helmeko Lezeko azken burrukea izango da. Sekuentzien buztardurea guztiz ikusgarria da eta ezin da hobeto irudikatu gotorlekua defendiduten daben Rohango gizonen eta berori hartu gura daben uruk-hais basatien arteko gerrea. Ondo be ondo filmautako gatazka honetan benetako pertsonaiak ez eze ordenagailuz sorturiko beste batzuk be ikusiko doguz; lorturiko emoitzea, benetan, zoragarria da. Ganera, filma montetako era arin eta zuzenari esker, gauez eta euripean garatzen dan burruka erraldoi honen indarrak zur eta lur itxiko gaitu, beti be zehetasun ilunei ezin hobeto egokituriko argazkigintza lainotu eta baltza lagun. Gatazka nagusiaren aurretiko uneak be goraipatzeko modukoak dira, giro arduragarri eta ezkor batek ederto batzen ditualako heriotzeari itxarotea beste zereginik ez ei daben heroiak.
Tonu ilun eta etsikor horrek oso-osoan beteten dau bigarren kapitulu hau. Hiru talde protagonistak, bakotxa bere aldetik, gitxitan ikusiko doguz tristura horretatik urteten. Bildur eta ezkortasunaren gerizpeak eragina izango dau euren mobimentu guztietan. Zoritxarreko gogo goibel hori pelikulearen tratamentu baltz eta hotzaren bitartez heldu eragingo deuskue. Umorea be doluz jantzita agertuko jaku.
Ikutu fantastikoa eta hutsuneak
Rohango erresuman izandako gatazka militarrek eta azpikeria politikoek Erdi Aroko giroa ekarten deuskue gogora (gazteluak, dinastiak...); ikuturik fantastikoena, ostera, izaki ezinezkoen eskutik jatorku, batez be Ents arbola erraldoi eta zuhurren eskutik. Film honetan Barbolek eta ganerako arbolek alkartasun eta ekologiaren aldeko mezua zabaltzeko erantzukizuna hartuta be, euren etxurea ez da izango efektu bereziek jadetsitako onena. Beste irudi digital batzuen aldean, nahiko zurrun azalduko jakuz, harri-kartoitik hurren.
Hasikeran esandako moduan, 'Torre Biak' eta 'Eraztunaren Komunidadea'-ren arteko desbardintasunak batez be argumentuan topetan doguz. Ildo horretatik ikusita, esan leiteke emonaldi hau ez dala aurrekoaren mailara ailegetan. Lehenengoz, egoerak ez dira bestean bezain aldakorrak; ganera, batzuk larregi luzatzen diralakoa daukat. Sentsazino hori sarritan izango dogu Frodok eta Samek interpretautako pasarteetan. Arriskurik eta ezusterikorik falta ez dauen odisea honetan Gollumek zeregin garrantzitsua beteko dau. Edozelan be, hainbatetan pentsau leiteke pertsonaia honen esku-hartzea larregizkoa dala eta giltzarri komiko modura beteten dauen eginkizuna ez dala apartekoa. Era berean, pertsonaia nagusi batzuen esku-hartze handiagoa faltan hartzen da, esate baterako Gandalfena. Azkenik, 'Eraztunaren Komunidadean' talde legez ondo baebilzan be, partaide batzuek ez dabe lehengo maila emoten. Hori berori Merry eta Pippinen kasuan pasetan da, une batzuetan ikuslea abrosiduteko moduko jarduna darabile eta. Beraz, interesa ez da neurri berekoa eta hainbat momentutan filmak sendotasuna galtzen dau. Zorionez, pelikuleak amaierako zatian aldeak laburtu eta gailurrera heltzea lortzen dau.