Taiwaneko gatazkea (III)
Stephen S. Lee-gaz (Amnesty Internationaleko zuzendaria Taiwanen) berbetan
Baina era horretara gero eta bakartuago geratzeko arriskua dago...
Ez, denpora kontua baino ez dala esango neuke; azkenean, Txinaren eginahalak ezerezean geratu eta nazinoartearen onarpena nagusituko litzateke; horrezaz ganera, Txinari gero eta presino handiagoa egin beharko litxakio bizitzarako eskubidea lako oinarrizko eskubideak errespetau eizan. Ez dot ulertzen zelan eduki leitekezan hain hartu-emon onak ehundaka disidente politiko hilten dituan herrialdeagaz. Beste alde batetik, Ekialdeko Timorrek pausua emon badau, guk zergaitik ez? Herrialde demokratikoa gara, estadu aurreratu baten baloreakaz eta Pekineko komunistak ez dira sekula egon gobernuan. AEB Irak diktadurearen buztarpetik atarateko herrialdea erasotzeko kapaz izan bazan, Nazino Batuen Erakundeak zergaitik kondenauko gaitu antzeko egoeran bizitzera?
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Txina eta Taiwanen arteko gatazkearen ganeko analisiagaz amaitzeko Stephen S. Lee-gaz, Amnesty Internationaleko Taiwaneko zuzendariagaz egon gara, giza eskubideen eta independentziaren aldarrikapenetan herrialdeko ekintzailerik nagusienetakoagaz. Gaur egungo presidentearen lagun handia da eta baten baino sarriagotan independentziaren aldarrikapena eta beharrizana nabarmendu dau.
Beste herrialde batzuen aldean, Taiwaneko Amnesty International erakundea bertako egoeraz baino arduratuago dago Txinan jazoten diran Giza Eskubideen urraketakaz. Stephen Lee-ren bulegoa liburu, papel, aldizkari eta enparauez josita dago; hormetan argazki ugari dagoz eta gaur egungo gobernu kideakaz batera agiri da Lee, baita Chen Shui-bian presidenteagaz be. Stephen S. Leeren eretxiz, ‘gaur egungo politikarietako batzuk preso politikoak izan ziran diktadura eta Gerra Legearen sasoian eta euren lanari esker gaur egun sistema politiko eta sozial ona dogu’.
Zein da gaur egun Taiwanek bizi dauen demokrazia mailea?
Bizitza demokratiko laburreko herrialdea da hau baina halan da be oinarrizko Giza Eskubideen errespetu handia dago; jakina, gure demokrazian gauza asko dagoz hobetzeko baina pausuak behar dan moduan emoten gagozala pentsetan dot. Orain heriotza-zigorra indargabetzeko ahaleginetan gabiz eta laster lortuko dogulakoan nago. Chiang Kai Chek-en diktadura sasoiko ohiko gehiegikeriak ahaztuta, aurrera pausu handiak emon doguz gizarte ongizatean. Txinagaz konparetan bagara, alde handiak dagoz, izan be, han alkartzeko zein adierazpen askatasunerako eskubideak ez dira errespetetan. Gure ekonomiaren oinarria aldatzea nahitaezkoa da bizirauteko. Gobernuak ekonomia eta politikea buztartuz, nazinoarteko politika berezia darabil Latinoamerikan eta Afrikan inbersinoak eginaz, izan be, era horretara, gure enpresek negozio bide barriak urratzeaz ganera herrialde horretako gobernuak presionetan dabez Taiwan estadu independiente lez aintzat hartu dagien eta ez Txinako zati lez.
Edozelan be, Taiwaneko kulturearen oinarria Txinan dagoala esan daiteke. Zein da Taiwaneko herritarren sentikerea?
Taiwanen oso arduratuta dagoz gai honegaz eta sarritan egiten dabez inkestak eta bestelako azterlanak jokerea zein dan jakiteko. Azken txostenen arabera, herritarren % 40k taiwandartzat dauka bere burua eta txinatar sentiduten diranak, barriz, % 13 baino ez dira; ganerakoak taiwandar eta txinatar sentiduten dira baina euren nazinotasuna taiwandarra dal pentsetan dabe. Azken urteotan, taiwandar sentiduten diranen kopuruak nabarmen egi dau gora eta txinatar sentiduten dirananen datuak, barriz, behera. Independentzia gura daben ala ez itaunduta, askok erantzuten dabe daborduko burujaube dirala eta izatez estadu subiranoa gara.
Herritarren sentimentua izan arren, ez da ofiziala. Anbiguotasunak baztertu eta behin betiko burujaubetzea aldarrikatzea ez ete da zentzuzkoena?
Jakina. Egoera horri ezin jako luzaroan eutsi. Txinaren mehatxua ahaztu eta geure subiranotasuna aldarrikatu beharko geunke eta ahalik eta arinen, Txinak inbasinorako behar beste indar eta babes lortu aurretik, hain zuzen be. Oraingoz, Txinako ejerzitoa ez dago preparauta eta hori da gure abantaila. Dana dala, taiwandarren artean bildurra da nagusi eta jarrera eta eretxi desbardinak dagoz, banaketa handia. Bakea eta bizimodu lasaia baino ez dabe gura eta, horretarako, prest dagoz orain arteko moduan jarraitzeko; laburzurrean, gerrea ez jako inori be interesetan. Txinak Taipeira misilak botateko gaitasuna euki arren, geuk be Shangai edo Hong Kog lako urietara ‘heltzeko’ modua daukagu. Ganera, independentziaren aldarrikapena modu askotan egin daiteke eta ez dago gogorrena zertan aukeratu. Nire eretxiz, nahikoa izango litzateke herrialdearen izena aldatzea.