Eusko Jaurlaritzeak gai soziolinguistikoei buruzko 'Hizkunea' argitalpen elektronikoa plazaratu dau
Bizkaie!
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak 'Hizkunea' izeneko aldizkari elektroniko barria argitaratuko dau soziolinguistikeagaz zerikusia daben gaiak hausnartu eta eurei buruz berba egiteko. Buletin hau Eusko Jaurlaritzako web-orriko euskerazko atalean kokatuko da eta artikuluak, aitamenak, ikerketa-lanak eta lau hizkuntzatan egongo dan agendea eskainiko dau.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan dau buletin honen helburua 'ikuspegi desbardinetatik azterketak sustatzea eta, era berean, ezagupen horreek zabaltzea' dala.
Bere esanetan, elkarregaz biziteko 'eskasiarik latzenak eta arduragarrienak mundu erdaldunak euskerari begira daukan ezjakintasun-jarrerea eta ardurabakokeriaz' dira. 'Bereizketa harresi bat dago eta hori ez da onuragarria ezertarako ezta inorentzako', gaineratu dau.
Era berean, bere Sailburuordetzaren lan nagusietakoa 'oraingo ezagupenak partekatzeko beharrizana' dala adierazo dau, 'bai gure herrian euskeraz ez dakiten jenteagaz zein gure mugetatik kanpo euren hizkuntzen berreskurapenagaitik lanean dabiltzanakaz be'.
Hedabide elektronikoaren ezaugarriek 'Hizkunea' argitalpenaren edukinak eten barik barriztea eragingo dabe, astero edo hamabostero barrikuntzaren bat erantsiko baita buletinean. Edukinik gehienak euskeraz izango dira, baina ingelesez, gazteleraz eta frantsezez be irakurri ahal izango dira zenbait eduki edota honen laburpenak.
'Hizkunea' aldizkariak lau atal izango ditu. Lehenengoa soziolinguistika alorreko adituren batek idatzitako artikulu bat izango da, idazki argitaratubakoa eta hilebetero ordezkatuko dabena.
Argitalpen eta ikerlan atalean, soziolinguistika eta hizkuntzakaz zerikusia daben liburu eta aldizkarien barri emongo da. Euskerazko bersinoan gainera, aurkibide eta informazino zehatzagoa eskainiko da, beste hizkuntzetan laburpen txiki bat emongo dan bitartean.
Agendaren atalari dagokionean, bertan Euskal Herrian zein atzerrian egingo diran kongresu, mintegi eta ekimenen barri emongo da. Atal hau eten barik eguneratua izango da eta lau hizkuntzatan irakurri ahal izango da. Azkenik, hemeroteka atal bat be eukiko dau, aurretik argitaratutako edukinak berreskuratu gura dabenentzat.