Ezker abertzalea indarkeriaren biharamona preparetan
Iñaki Atxutegi
Orain gitxi Arnaldo Otegik animoak hotzitu guran urten eban komunikabideetara. Oraindino bake prozesurik ez dagoala adierazo eban. Ez eban arrazoi faltarik Otegik. Seguruenik berak baizen ondo oso jente gitxik jakingo dau momentu honetan gai honen inguruan zer dabilen. Berak jakingo dau noiz hasten dan bake prozesua. Baina ezin eban ukatu ezer ez dagoanik.
Jazoerak kanpotik begiratzen doguzanok mobimentu bereziak igarten doguz ia egunero. Pasa dan astean LAB sindikatuaren buru Rafa Diez Usabiagak itxaropena berbiztu eban barriro komunikazino bide bat baino gehiago zabaldu dirala esan ebanean. Zeozelan, bake prozesuaren atarian gagozala baieztu eban. Honek be badaki “zeozer” kontu honeen ganean. Beraz, adierazpen garrantzitsuak izan ziran.
Ganera, egunean bertan jakin izan genduan Batasunak kongresu berezia egingo dauela eta Bide eginez haren ponentzian erritmo desbardinak onartzen dituala Nafarroa, Iparralde eta EAErako.
Hori ezustekoa hartu genduana! Ez dogu erraz ahaztuko Lizarra-Garaziren denporan jazotakoa. Orduan, ezker abertzaleak konpromisoak eskatu eutsezan ganerako indar politikoei. Euren eretxiz autodeterminazinoaren ganeko botazinoa egin behar zan Euskal Herriko zazpi lurraldeetan une berean. Eskari hau ezin zan bete eta ondorioz orduko itxaropenak pikutara joan ziran.
Beste alde batetik, hau gitxi bazan, beste bat: indarrean dagoan marko politikoa oinarritzat hartuko dabe eraikuntza nazionalerako behar diran tresnak lortu ahal izateko. Ahoa zabalik geratu gara baiztapen horregaz.
Ezker abertzalean errealismo politikoa nagusitu leitekela emoten dau. Maximalismo politikoak alde batera itxita, nik esango neuke indar handiz gura dabela barriro sartu euskal politikagintzan. Itxura guztien arabera udal eta foru hauteskundeetara ez dira edozein modutan joango. Honeek mezuok beste alderdiek agertu izan dabez. Errealismo honen ondorioz, nik esango neuke bai EA eta bai Aralar jokalekutik atara gura dituala Batasunak. Ganera, EAJren botoemole batzuk bereganatzeko itxaropena ez dabela galtzen emoten dau.
Oraindino ia urte bi falta dira hurrengo hauteskundeetarako. Zorionez inork ez dauka alde horretatik ezelako presinorik. Egin beharrekoa hausnartu eta egiteko denporea dago oraindikarren. Honeek estrategiak eta bestelako kontuak pentsetako momentuak dira. Lartxu aurreratu nazela uste dozue? Hara, ez dot uste nik alderdi politikoetan bestelako kalkuluak egiten dabilzanik. Honeek kalkuluak errealidadean pasetea ala ez bestelako kontua da. Zorionez, estratega politikoek ez dabe beti asmetan.