Bertsotan  IV. urtea // 131. zenbakia

1935etik XXI. mendera


Aldaketa nabarmena ekarri eban Fernando Aire bertsolariak: bere euskalkiak eta bere bertsoen kalidadeak arazo bat baino gehiago ekarri eutson. Euskal Herriari begiak edegi eutsozan 1967an.

Bertsogintzea be asko aldatu da 70 urtean: lehengo gaien lautadak gero eta haran estuagoak dira, bertsolariak gero eta gehiago jakin behar dau espeleologiaz (geografiaz, mineralogiaz eta beste hainbat logia, eria eta tasunez), gero eta gatxagoa da bat-bateko eta idatzizko bertsoak desbardintzea... Bertsolariak be aldatu dira: gero eta emakume gehiago dago, gero eta gazte gehiago, gero eta euskaldun barri gehiago, gero eta bertsolari profesional gehiago...

Bertsoaren lurraldea badakigu non hasten dan, baina ez dakigu non amaitzen dan. Akaso bertsoak Turtzioz dauka mugarri, edo ortzi-muga. Akaso ez dauka mugarik. Edozelan be, seguru nago bertsoak osasuntsu irribarre egingo dauela abenduaren 18an Barakaldoko biztanle batek baino gehiagok bere etxeko atea kanpotik ixten dauenean. Eta ez daitela izan egunkaria erosteko.

Finala BECen izango da. Bilbao Exhibition Center Ansion dago. Tira, gipuzkoarrei Becodromoan dala esan beharko deutsegu. Bertsozale Elkarteak 10.000 zale espero ditu egun handirako. Azkenengo belodromaldian egon ziran milaka personen erdia baino gehiago gipuzkoarra zan. Aurten, ikusi beharko da probintziatik urtetea kostetan jaken.

Eta guztia zortzi izate eszenatoki baten ganean zortzi ordu inguruz entzuteko, biziten ez dabizen fikzinozko egoeren inguruan kantari, bizi gurako leukiezan uneak sentiarazoz eta aukera izandakoan bertso-eskolan landutako oin eta argudioak maukapetik ataraz. Zein indartsua izan leitekeen berbaren kirol nazionala!

Xabier Paia

Euskal kulturan elebitasuna derrigorrezkoa zan sasoian ‘Campeonato del Mundo de Versolaris’ izena jarri jakon Euskal Herriko Bertsolari Txapelketeari. Izan be, bertsolaritzea bakarra da munduan.

Planetako lehenengo txapelketa nagusia 1935. urtean antolatu eben eta ekimenaren sortzaileetako batek jantzi eban txapela. Bertsolarien arteko lehia formala sortzearen zergaitia argi ei euken orduko euskaltzaleek: bertsolaritza taberna, ardaotegi eta sagardotegi ilunetatik atara beharra egoan. Bertsolaria ezin izan eitekean alproja, pailazo edo mozkor txistezale berben sinonimo. Horra, hiru mende laurden geroago, bertsolaria termometroaren bestaldean: telebistan aurkezle, irratian esatari, prentsan zutabegile... bertsolarien eretxia eta komunikazino gaitasuna presente dagoz euskal gizartean. Izan be, ondo pentsauta, hogei segundoan bertso bat egiten dauenak, hogei minutuan, zer ez dau egingo?

1960an bertsolari txapelketek kriogenizazino kamaratik urten eben, 24 urtean bertsogintzearen eboluzinoa izoztuta egon ostean. Euskaltzaindiak hozkailua edegi eban eta atea zabalik mantenduko eban 26 urtez. Euskal Herriko jentea bertso-gose zan, eta bardin jakon arraina edo okela jan, label euskaldunekoa zan bitartean. Gaien aldetik be, mahai ganean jarten zan edozein gaik betiko saltsa bardinean amaitzen eban, hori zalako jenteari gustetan jakona.