The merchant of Venice
William Shakespeare-ren obra ezagun honen egokitzapenak mueta honetako beste moldaketa batzuek ebagitako bideari jarraitzen deutso: zuzena, lineala eta literarioa da. Alkarrizketak egokiro jagon dira, jatorrizko lanaren iradokizunen mundua, berbarako homosexulidade, erlijino hipokresia eta biziraupenaren gaiak, zolitasun eta leguntasunez jorratzearren.
Hau guztiau janzteko egindako girotze lana produkzino karu bati jagokon moduan egin da; luxuzko estiloaren kanon guztiak bete dira, baina emoitzea garbiegia izan da, hau da, eszenatoki guztiak gehiegi goratzeko jokaerea lar agirian dago, lar puztuta.
Bestalde, antzezleak aukeratzeko eginkizuna be zehatz bete da; Al Pacino daukagu, larregi antzezten ohituta dagoana, Jeremy Irons motel eta apala eta John Madden oker eta libertino itxurakoa. Hiruren fisikoak eta antzezteko erak kontuan hartu ezkero, argi dago alderdi fisikoa eta filmikoa buztartzeko ahaleginak zorrotzak izan dirana.
'The merchant of Venice', bada, film zuzena da, xehetasunak nahiz detaileak zaindu dauzana eta antzezle onez jantzi dabena. Edozelan be, ondo girotu eta apainduta egoteagaitik be, ez dau albo batera itxi antzezlan bati jagokon izakera berezia. Horixe da gatza eta piperra kentzen deutsona, eta ez da gitxi.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Michael Radford.
- Herrialdeak: Erresuma Batua, Luxenburgo eta Italia.
- Iraupena: 138 minutu.
Antzezleak: Al Pacino (Shylock), Jeremy Irons (Antonio), Joseph Fiennes (Bassanio), Lynn Collins (Porcia), Zuleikha Robinson (Jessica), Kris Marshall (Graciano), Charlie Cox (Lorenzo), Heather Goldenhersh (Nerissa), Mackenzie Crook (Lancelot Gobbo), John Sessions (Salerio), Gregor Fisher (Solanio), Allan Corduner (Tubal).
- Gidoia: Michael Radford; William Shakespeare-ren lanean oinarritua.
- Argazkia: BenoƮt Delhomme.
- Muntaia: Lucia Zucchetti