The Brothers Grimm
Ipuin zatiez atonduriko film hau ilun nahiz xaloaren arteko eremu labankorrean mobiduten da, txikerretan gehien gustetan jakuzan istorioen benetako hariari jarraituz; guztiagaz be, azken pasarteetan Disney-ren aldeko ikutua hartzen dau, Holywood-i hainbeste gustetan jakozan amaierak eskaintzearren.
Amaierak amaiera, zine fantastikoaren alorreko proposamen hau ondo eginda dago, baina ikus-entzule guztiek berehala igarriko daben arazotsu bat dauka: pelikulan Grimm-en ipuinen aldeko keinu lar sartu dabez; unekada batzuetan, ahalik eta gehien sartzeko lasterketa batean gagozala emoten dau. Bestalde, kontakizunari laguntzen deutsien osogai batzuk behartuegi agiri dira, larregi errepetiduten dira. Edozelan be, hainbat bitarteko eta baliabide zoragarri erabili dabez; istoriorako preparautako dekoratuak, efektu bereziak eta girotze beharra, esaterako, ezin hobeak dira, ipuinekoak benetan.
Matt Damon eta Heath Ledger protagonisten jarduna be ez da txarra. Euren rola ondo bete dabe eta, gidoiari esker, badakie barregarri, serio edo prestu azaltzen, beharrezkoa dan guztietan. Pelikula honetan jarduteko erregistro desbardin batzuk landu behar izan dabez eta ederto egin dabela aitatu beharra dago.
Laburbilduz, hutsune batzuk gorabehera, film hau nahiko irudimentsua eta gomendagarria da, batez be ume eta helduen ezaugarriak edo alderdi maltzurra eta inozentea arazo barik buztartzen dakien personentzat.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Terry Gilliam.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 118 minutu.
- Antzezleak: Matt Damon (Will Grimm), Heath Ledger (Jake Grimm), Peter Stormare (Cavaldi), Lena Headey (Angelika), Jonathan Pryce (Delatombe), Monica Bellucci (Reina Mirror), Tomás Hanák (Woodsman), Julian Bleach (Letorc), Richard Ridings (Bunst), Mackenzie Crook (Hidlick).
- Gidoia: Ehren Kruger.
- Argazkia: Newton Thomas Sigel.
- Muntaia: Lesley Walker.