Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 131. zenbakia

1918ko birus bat berregin dabe hegaztien gripearen mehatxuari aurre egin guran


Birus arriskutsua eta Asiako hegazti gripea

Genoma hau sekuentziatu ostean jakin ahal izan da ‘gripe espainiarraren’ birusa benetan arriskutsua eta hilgarria izan zana; ganera, jatorria hegaztietan euki eban eta hainbat mutazino euki ebazan, gizakien artean kutsatzen hasteragino. Gorabehera honeek zerikusi handia daukie Asian daborduko 60 hildako eragin dauzen H5N1 hegazti birusagaz. Ikerlan honen ondorioz adierazotakoaren ildotik, 1918ko birusak eta oraingo H5N1ak gene berberak daukiez; desbardintasunik handiena zera da: 1918ko birusak lortu ebala gizakien arteko kutsadurea sortu eragitea eta oraingo hegazti birusek oraindino ez dabela jadetsi salto hori emotea, hemendik gitxira egingo dabela pentsetan dan arren.

Barri ona da, beraz, oraingo birus honen kontrako botikak egin ahal izango dirala uste dalako; behinik behin Asiako birusaren indarra eta arriskugarritasuna motelduko dabezan botikak egingo dirala pentsetan da. Era berean, 1918ko birusa berregin eta genoma sekuentziatu ostean, aldez aurretik jakin ahal izango dogu zeintzuk diran eragin handiko epidemia edo pandemia bat sortzeko gauza diran birusak.

Ikerlan honen barri euki dogu OMSek Asiako hegazti gripearen agerraldi arriskutsuaren bildur dala adierazo eta gero; izan be, erakunde honen esanetan, 1918. urtean lez, zoritxarrez, aukera handiak dagoz hemendik gitxira miloeka hildako eragingo dauzen gripea ostera be sortzeko.

Begiluzea

Estadu Batuetako eta Espainiako ikertzaileek lehenengoz lortu dabe ‘gripe espainiarraren’ birusa; datu zehatzik egon ez arren, patogeno horrek 20-50 miloe persona hil ebazan eta azken ehun urteotan izandako gripearen pandemiarik handiena eragin eban. Arerio hilgarri hori Estadu Batuetako segurtasun handiko laborategi batean gorde dabe, askatuko balitz, serieko hiltzaile iragarri odoltsua izango litzateke eta. Lan hau aurrerapauso handia da gripearen pandemia barriak aurrejagoteko eta prebentzio txertoak garatzeko.

Ikertzaileak eta birika izoztuak

Ikertzaileek birusa sortu eragin eben gripe honen biktimea izandako eta 1918ko zemenditik Alaskan lurperatuta eta izoztuta egondako persona baten birika ehunetako informazino genetikoari esker. Berregite lanak egin ahal izateko, segurtasun neurri zorrotzak hartu ziran eta teknika genetikoak erabili ziran, ADNren sekuentzietatik abiatuz eta bakteria nahiz zelulen laguntzaz. Teknika berberak erabilten dira hegaztien gripearen kontrako txertoak garatzeko.

Behar hau ‘Monte Sinaí’-ko lan taldeak, Estadu Batuetako Indar Armatuen patologoek eta ‘Terrence Tumpey’ gaixotasunak kontroletako zentroak bideratu dabe. Ikerlana ‘Science’ aldizkari prestigiotsuan argitaratu da eta oinarritzat hartu dauz beste ikertzaile estadubatuar batzuek 1918ko birusaren mapa genetikoa osotzeko egindako aurrerapenak. Ikerlana ‘Nature’ aldizkari entzutetsu eta ezagunean be argitaratu dabe.