Kulturea  IV. urtea // 131. zenbakia

'Lauaxeta. Lau haize hamaika begirada'. Euskal poetearen lana lau haizetara


Euskadigazko konpromisoa

Lauaxetaren kazetaritza-lanak eta euskereagazko konpromisoak 1936ko gerran Euskadiko Gudarostean izena emon eban arte iraun eben; hor komandantea izatera heldu zan. Gernikako geltokian gagoz. 1937ko apirilaren 29an, Lauaxeta foru-urira abiatu zan La Petite Gironde egunkari frantseseko kazetari bati hilaren 26an alemanek egindako bonbardaketeak eragindako hondamendia erakusteko. Gidaritza-zereginetan ebilela frankistek atrapau eben. Ikus-entzunezkoa 'Lauaxeta. Herri antzerkia' antzezlanerako egin zan eta bertan Euskadiko paisaje-irudiak erakusten dira eta ondoren, gerrako eta erbestaldiko beste batzuk.

Azkenik, Gasteizko geltokira helduko gara. Poeta eta gudaria kartzelara daroe. Espetxe-gelaren erreprodukzino bat, non grabazino batek Lauaxetaren azken bizi-orduen lekukotasuna emoten dauen; azken poemearen eta haren testamentu ideologikoaren ostean, Gasteizko Santa Isabel kanposantuaren hormea, non bagilaren 25ean fusilatu eben 32 urte eukazala.

Ganera, ibilbidean zehar bisitariak XX. mendearen lehenengo hereneko aldizkari zenbaiten azalak ikusi leikez: Jainkozale, Jagi-jagi, Euzkadi, The Times, Eguna, etab. Nabarmentzekoak dira, erakusketan dagozan multimedia-guneak; leku horreetan, bisitariak Lauaxetaren olerkien aukeraketa bat, eta artista garaikideen pintura batzuk ikusi leikez.

'Lauaxeta. Lau haize hamaika begirada' erakusketearen osogarri, Lehen Hezkuntzako (7-11 urte) eta Bigarren Hezkuntzako (12-16 urte) ikasleentzako zenbait tailer. Lehenengo kasuan, ikasleak, Lauaxetaren olerkietan oinarrituta, arte-lan bat sortu dagien motibetea da helburua, eta bigarrenean, bisitan jasotako informazinoa birbegiratzea eta ikasleak kazetari-lana ezagutarazotea.

Bizkaie!

Pasa dan abuztuaren 3an 100 urte bete ziran, euskal literaturako zein Euskadin izandako Gerra Zibilaren historiako funtsezko figurea izandako Esteban Urkiaga 'Lauaxeta' euskal olerkari eta idazlea jaio zanetik. Efemeridearen harian, Mungiako Udalak eta Sabino Arana Kultur Elkargoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak 'Lauaxeta. Lau haize hamaika begirada' erakusketea antolatu dabe helburu nagusi bategaz: bisitariari euskal poesiaren barritzaile handietako baten figurea hurragotik ezagutzen laguntzea eta 30eko urteetakoa lako belaunaldi garrantzitsu bat, margolariak, idazleak, olerkariak, etab. barruan hartzen ebazana mobiduarazo eben indarrak eta helburuak erakustea.

Erakusketea Mungiako Olalde erakustaretoan dago abenduaren 11ra arte: astelehenetik barikura 18:00etatik 20:30etara; zapatuetan 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30etara, eta domekatan 12:00etatik 14:00etara.

Lauaxetari buruz inoiz egin dan erakusketarik handiena da eta dokumentu, panel, argazki ugari, dokumental historiko bat, ikus-entzunezko bitartekoak, etab. biltzea lortu dau. Zenbait erakunde eta instituzinoren laguntzinoari esker posible izan da, besteak beste, Lauxetaren epaiketa eta fusilamentuaren espedientearen kopia bat, El Ferrol-eko Artxiboan gordea; Federico Garcia Lorca Fundazinoaren eskutitz bat; edo orain arte ezezaguna zan argazki bat, Markinako 'Karmel' aldizkariaren artxiboak lagatakoa. Euren lagapenakaz lagundu dabenen artean aitatzekoak dira Bilboko Arte Eder Museoa, Bilboko Euskal Museoa, Azpeitiko Trenbide Museoa, Federico Garcia Lorca Fundazinoa, Gasteizko Karmeldar Oinutsen Probintzi Artxiboa, Loiolako Santutegiko Agiritegi Historikoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, 'Karmel' aldizkariaren Artxiboa, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia eta Museoa.

Lauaxetaren bizitzako lau aldi

Poetak idatzi eban lez, 'bizitza bide baten modukoa da' eta erakusketa lau tren-geltokitan dago egituratuta: lau leku Esteban Urkiaga 'Lauaxeta' poetearen bizi-bidean. Lau geltokiak Mungia, Bilbo, Gernika eta Gasteiz dira.

Lizardiren kasuan lez, 'Lauaxeta'-ren (1905-1937) obra ez da olerkiaren arlora mugatzen, ezpada ze, gehien bat kazetaritza-artikulua eta, ez horrenbeste, antzerkia lantzen ditu eta, noizean behin, saiakerea be bai.

Esteban Urkiaga modernotasunetik hur dagoen poeta lez agertzen jaku eta bere argitasuna medio, baliabide erraza eskaintzen dau modernotasuna Euskadin zelan agertu zan aztertzeko. Europako mobimentu modernisten euskal bersinoa da. Lauaxetarengan eta beraren obran modernotasunaren eta egile garaikideen arteko lotura mozorrorik barik agertzen da eta europar poetikek euskal hizkuntzan daben presentziaren lorratzari zalantza barik jarraitzea ahalbidetzen dau.

Mungiako lehenengo urteak

Hasteko, Mungiako geltokian Lauaxetaren bizitzako lehenengo urteak jasoten dira. Laukizen jaioa 1905eko abuztuaren 3an, lau urtegaz Mungiako 'Lauaxeta' baserrira joan zan biziten eta aurrerantzean, bere idazlanetan izen hori hartu eban izengoititzat.

1921 eta 1928 bitartean josulagunakaz ikasi eban, lehenengo Loiolan eta gero Oñan. Estebanen kontzientziazino euskaltzalerako persona giltzarrietako bat Jokin Zaitegi izan zan.

Komentua itxi ostean, soldadutzea egin eban eta Euzkadi egunkarian hasi zan lanean. Euskerazko orrialdearen ardurea eukan, ordura arte Nikolas Ormaetxea 'Orixe'-k kudeatu ebana. Haren kazetaritza lanbide-jardura sasoi haretako olerkari ingelesak eta frantsesak itzultzeagaz bateratzen eban eta horrek hurreratu eban Europako abangoardiako poesiara.

1930ean Euskaltzaleak-ek Errenterian antolatutako Olerti Eguneko lehenengo saria irabazi eban Maitale Kutuna poemeagaz, Orixeren eta Lizardiren aurretik. Sasoiko jostailuak, Markinako 'Karmel' aldizkariak lagatako argazki ezezagun bat, Jose Ariztimuño 'Aitzol'-i idatzitako gutun bat, Jesusen konpainian sartzeko ohar txikiak eta botoa barritzeko bertso-koaderno bat (1925-1927) dira haren bizitzako aldi honen lekuko.

Bigarren erakusketa-gunean, Bilboko geltokian, Lauaxeta idazle eta kazetaria topauko dogu, euskera-irakaskuntzeari eta bere sasoiko kultura-bizitzari emona. Aldizkarietan eta egunkarietan argitaraturiko artikulu ugariez gan, 1931n 'Bide barrijak' poema-bildumea argitaratu eban,. hizkera eta gai aldetik lan barritzailea. Argitartau eban bigarren liburua, 'Arrats beran' izan zan, hizkera errazagoagaz. Bietan jorratu eban heriotzearen gaia. 'Olerkiak' be idatzi eban. Bere garaiko poeten artean, Lauaxetak egin eban ahaleginik gehien euskal lirika Europa osora zabaltzen ari zan korronte modernoenetara hurreratzen.

Sasoi haretatik bildu dira, besteak beste, Lauaxetak Garcia Lorcari idatzitako gutun bat, beraren poema batzuk euskerara itzultzeko baimena eskatuz, baita horreetako hiru euskaratuta be.