Antxina-barri  IV. urtea // 131. zenbakia

Euskal zientzilarien aitzindaria

Fausto Elhuyarren biografia laburra


Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


1755eko urriaren 11an jaio zan Euskal Herriak emon dauen zientzia gizonik ospetsuenetarikoa: Fausto Fermin Elhuyar Lubize. Gizon honek bere anaia Juan Joségaz batera hainbat ikerketa eta aurkikuntza egin ebazan metalen gainean eta batez be ospetsua da wolframioa lehenengo aldiz bakartu edo isolatu ebalako.

Aurten ba, urriaren 11an 250 urte beteko dira haren jaiotzatik. Hori dala eta, gizon honek bere anaiagaz batera euskal zientzian zein mundu osoko zientzian izan eban garrantzia kontuan hartuta, haren bizipenak artikulu honetara ekartea pentsau dogu.

Fausto Elhuyar Euskal Herritik kanpo jaio zan, Logroñon hain zuzen be, nahiz eta bere gurasoak lapurtarrak izan biak, aita Hazparnekoa eta ama Donibane Lohitzunekoa, baina aita ospe handiko zirujanoa zan eta Errioxako uriburuan egiten eban lan. Arabako Oionen emon ebazan bere lehenengo urteak gure zientzia gizonak, bera baino urte bete zaharragoa zan Juan José anaiagaz batera.

Juan Elhuyar aitak bialduta Oionetik Parisera joan ziran seme biak, eta Frantziako uriburuan hasi ebezan zientziako lehenengo ikasketak. Bertan emon ebezan sei urteetan Europan sasoian ziran zientzia gizonik garrantzitsuenakaz egoteko aukerea izan eben Elhuyartarrek. Horretarako, Strasburg, Mannheim, Freiburg edo Leipzigen izan ziran. Parisen ezagutu eben Antonio Maria Munibe; sasoi haretan Gipuzkoan 'Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais' (RSBAP) erakunde ilustratua bultzatzen egoan Xabier Maria Munibe, Peñaflorida Kondearen bigarren semea. Honen bitartez aitatutako erakundeagaz hartu-emonetan jarri ziran Elhuyar anaiak etorkizunera begira hain entzute haundikoa izango zan erakundearen garapenean erabateko zeregina harturik.

1778ko urrian Munibek bultzatzen eban Bascongada erakundean sartu ziran Elhuyar anaiak. Juan Josek Erregeak emondako dirulaguntzinoa jaso eban erbestera joateko zientzia ikasten eta beste horrenbesteko laguntzinoa emon eutson RSBAPek Faustori be. Horri esker anaia biak Europa osoan ibili ziran euren jakinduria sendotzen eta kontinentean ziran sasoiko zientzilari onenakaz ikasten.

1781ean Fausto barriro etxera itzuli eta Bergaran egoan ‘Seminario Patriotico’-n irakasle lanak bete ebazan, mineral eta metalen gaineko ikerketak bultzatuz. Hiru urtetan egon zan irakasle lanetan eta urte horreek dira erakundearen urterik onenak. Faustoren agindupean ikasketen antolaketea barriztau eta sasoiko abantailarik haundienak eukazan laborategia jarri ziran martxan. Horrezaz ganera, Erregeak emondako laguntzinoari esker, Eskola Metalurgikoa sortu eban Elhuyarrek Bergaran. Urte horretakoak dira Elhuyar anaiei eta Faustori Batez be osperik handiena emon eutsien zientzia aurkikuntzak, hain zuzen, sasoi horretakoa da wolframioa elementu kimikoa bakartu edo isolatzeko moduaren aurkikuntzea. Nazinoarte mailako egitadea Bergaran lortu eben Elhuyartarrek. Aurkikuntza honek jarri ebazan Elhuyar anaiak kimika munduan lekurik gorenetarikoan. Era berean, urte horretakoak dira platinoaren inguruan eta beste hainbat metalen inguruan (zilarra edo kobrea berbarako) egindako ikerketa zein aurkikuntzak.

Baina Juan Josék Espainiako Gobernuak emonda, Amerika aldean beste ardura batzuk bere gain hartu ebazanean, Faustok be bide hori hartzea erabagi eban. 1785ean Bergarako Seminarioa itxi eta Espainiako Gobernuaren aginduz Europa osoan ibili zan zilarra lantzeko egozan era desbardin inguruan ikertzen. 1786an, Juana Raabegaz ezkondu zan. Senar-emazteek alaba bakarra izan eben.

Azkenean, Espainia Barriko Mehaztegien arduradun izentau eben Fausto. Lurralde horretan izan zan 1821era arte, Mexikoren askatasunaren aldeko gerrea hasi arte. Urte horreetan ‘Real Seminario de Minas’ izeneko erakundea sortu eban Mexikon, berez, bertoko lehenengo injineru eskolea.

1821ean kargua itxi eta barriro Europara bueltau zan. Espainiako Merkataritzarako Zuzendaritza Nagusiaz arduratu zan eta Espainiako mapa geologikoa prepareteari ekin eutson. Karguan zala eta Asturiaseko meaztegiak ikertzen eta antolatzen egoala, 1833ko urtarrilaren 6an hil zan Fausto Elhuyar Madrilen.