Jan-edanak  IV. urtea // 131. zenbakia

Dieta disoziatuak


Hona hemen dieta disoziatu famatuenak:

- ‘Hay’-ren dietea

Dieta honek karbohidratoak eta proteinak banatzen ditu, aldi berean jan ezkero, loditu egiten dabelako. Berbarako: arroza barazkiakaz edo bera bakarrik jaten da, ez arrainagaz edo paella erara. Dieta honek ez dauka fundamentorik. Gure digestino-aparatua proteinak eta karbohidratoak daukiezan elikagai guztiak batera digeriduteko eta hesteetan xurgatzeko ahalmena dauka. Digestinoa egiten daben enzima guztiak oso espezifikoak dira eta ez dago ezelako daturik esateko aktibidadea gitxitzen dala beste nutrienteen aurrean.

- ‘Antoine’-ren dietea

Dieta honetan egunero banatzen dira elikagaiak, egun batean elikagai bat baino ezin zeinke jan, gura dozun beste, baina beste ezegaz nahastau barik. Berbarako, astelehenetan arraina, martitzenetan okelea, eguaztenetan barazkiak… armozetako, bazkaltzeko, afaltzeko... egun osoan. Hilebetero aste bat beteten da holan. Astean 3-4 kilo galtzen ei dira dieta honegaz. Baina kontuan hartu, dieta hipokaloriko batean, dieta orekatuta eginez, astean gehienez kilo bat galtzea gomendatzen dala, gehiago galtzea osasunerako kaltegarria izan daitekelako, ez dira-eta gantzak galtzen, ura eta proteinak baino. Dieta honek hesteetako funtziomentua aldatu leike, egun batean elikaduran fibrarik ez dagoalako edo beste batean karbohidratoen gehiezko kargea dagoalako, berbarako.

- 'Montignac'-en dietea

Dieta honetan ez dira karbohidratoak eta gantzak nahastetan, beraz, mantenugai bi honeek daukiezan elikagaiak galazota dagoz.

Holan, dietatik azukerea desagertzen da eta gorputzak derrigor hartu behar dau behar dauen azukerea fibradun elikagaietatik.

Frutearen kasuan (oso ezaguna gure artean), bera bakarrik hartzea gomendatzen dabe, gantzakaz edo proteinakaz nahastau ezkero, ez dalako ondo digeriduten. Dieta honen aldekoen arabera, proteinen metabolismoa aldatzen da holan eta, beraz, galazota dago fruta postre moduan hartzea edo armozutan, beste elikagaiakaz batera.

Pisua bajatzearen oinarrizko faktorea pankreasean dagoala dinoe. Bertan, euren esanetan, elikagaien glukosea batzen da, erreserba moduan, eta horrek gorputza loditzen dau. Halanda be, pankreasen metabolismoak ez dauka zerikusirik loditzeagaz.

Amaia Laforga,
Dietetika eta Gizaki Elikaduran diplomaduna

Dieta disoziatuen oinarrian elikagaien bost mantenugai honeek dagoz: proteinak, gantzak, azukerea, almidoia eta azidoak. Euren artean erreakzino desbardinak izaten dira. Askotan pasiboak izan daitekez, baina bi edo hiru nutriente arteko nahasketea alkartezina bada digestinoa hondatuko da.

Teoria honen arabera, nutriente batzuk aldi berean jaten badoguz ez dogu digestino ona izango. Beraz, ez doguz elikagaiak ondo aprobetxetan eta euren balio nutrizionala galtzen da. Bihotzerrea eta hesteetako arazoak izan geinkez eta askotan dirua alperrik galduko dogu.

Horregaitik, elikagaien konbinazinoa ona bada, digestino ona egingo dogu eta mantenugai danak hartuko doguz.

Oro har, dietek otordu bakotxean elikagaiak banatzea proposatzen dabe elikagaien konposizinoaren arabera: proteinak eta karbohidratoak ez nahastau eta gantzak eta karbohidartoak be ez.

Danetarik jan geinke baina banatuta. Egunean, elikagai talde guztietatik zeozer hartzen da, aldi berean izan ez arren. Beraz, ez da malnutrizinoa agertuko baina nahasketa metabolikoak sortuko dira eta, orduan, bitaminen eta gatzen faltea igarriko da.