Gabonetako turroi, polboroi eta mazapanak
'Ur goiena, ur barrena urte barri egun ona...'
Gozozale eta gozozale ez zarienontzako oharrak:
Gogoan izan, osasun arazo larririk ez badogu behintzat, gabonetako postre berezi honeetaz lasai disfrutatu geinkela (pasau barik, baina lasai); dana dala, postre gozoegi horreen konposizinoari begiratzea ondo dago, batez be, diabetisagaz edo obesidadeagaz arazoak doguzanean. Hori bai, gehiegikeriak be neurriz egitea da nire gomendioa baina egun batzuetako kontuagaitik zorrotzegi jokatu barik: gitxiago ala gehiago janda, egun berezi honeen enkantua sakon bizi eta urte barria ondo hasi!
2003rako osasuna, bakea eta lapiko betea danontzako
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan diplomatua.
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.
Barriro be, bizitzaren zirkulartasunaren barruan, urte barriari hasierea emon deutsagu. Urte barria hasi dogu bai, baina postre zaharren gainean berba egiten jarraitu behar dogu: aspaldiko turroi, polboroi eta mazapanen gainean, izan be, joan jakuzan gabon-jaiotan sekulako gehigikeriak egin doguz jatekoagaz eta gozoekaz be pasau egin gara seguru.
Turroi, polboroi eta mazapanen oinarrizko osogaia almendrak dira
Almendrak frutu sikuak dira eta euren konposizinoa honakoa: proteinea % 18, karbohidratoak % 18 eta koipea % 55. Almendrak koipe monoinsaturatu edo oliba-orioa dabenen muetakoan dira aberatsak eta kolesterolik bakoak dira. Dana dala, odoleko kolesterolagaz arazoak dituen personek euren elikadurako koipe kopuru osoa kontrolau beharkoleukie eta, beraz, jaten daben turroi, polboroi eta mazapan kopurua be bai jakina.
Dana dala, kontuz ibili ze polboroiak esate baterako txarri koipeagaz be egiten dira eta kasu horretan kolesterolean aberatsak dira.
Azukeratan be aberatsak dira (almendrak ez dira karbohidratoetan hain aberatsak: %18) eta turroien karbohidrato gehienak gehitutako azukeratik datoz; diabetikuak eta kiloetan pasauta dagozanak beraz, kontuz.
Turroi, polboroi eta mazapanetan ez dago sodiorik. Hipertentsinoa daben personek koipe kopuruagaitik kontrolau beharko leukie kantidadea, baina ez sodioagaitik.
Gaur egun produktu komertzial guzti horreek aditibo desbardinakaz preparetan ditue (antioxidatzaileak, estabilizatzaileak eta bestelakoak), denporan zehar produktua baldintza egokietan (gusto onagaz eta nutrizino balio guztiakaz) mantentzeko.
1) Turroi tradizionalak (gogorra eta biguna)
Bai turroi gogorren eta bai bigunen lehengai nagusia almendrak dira. Turroi gogorraren osogaiak honexek dira: almendrak, eztia, arrautza zuringoa, azukerea eta oblea. Lehenengo masa bat egiten da eztia, azukera eta arrautza zuringoagaz eta gero almendra errea gainera bota, guztia nahastauta masa bat egiteko. Moldeetan oblea jarri eta masa hori gainera botaten da.
Turroi bigunaren osogaiak gogorrarenak dira, hau da, almendra, ezti, arrautza zuringo eta azukerea, hain zuzen (turroi bigunak ez dauka oblearik). Turroi gogorra egiten dan monduan egiten da hau be baina desbardintasuna ondokoa da: almendrea txiki-txiki eginda dauka eta eztia eta zuringoagaz nahastaukeran pasta gogor antzeko bat sortzen da.
Proteina, koipe eta azukeratan dira aberatsak (intxaur saltsearen antzera). Proteina % 12-15 inguru, karbohidratoak % 35 inguru eta koipea % 38. Karbohidrato muetak, glukosea, fruktosea (eztiarena) eta sakarosea (azukerearena) izaten dira.
Merkatuan badagoz diabetikuentzako turroiak, normala baino karbohidrato gitxiagogaz, batez be, ez deutsielako azukerarik botaten. Diabetikuentzako turroien konposizinoa hauxe da: almendrak, fruktosea, arrautza zuringoa eta oblea. Hau da, ganerako turroien konposizinoa baina azukerearen eta eztiaren ordez fruktosea botaten deutsie. Badirudi, gure gorputzeak fruktosea erabilteko ez dauela insulinarik behar. Halan da guztiz be, fruktosearen edo frutearen azukera horren kopurua edo kantidadea dietearen barruan kontau behar da. Hau da, diabetikuek mueta horretako turroiak jan leikiez baina neurria kontrolauta (100 gramo bakotxeko diabetikuen turroiaren balio nutritiboa: 537 kilokaloria, 15 g. proteina, 37g. koipe eta 36g. fruktosea).
2) Polboroiak
Polboroi tradizionala almendrazkoa da baina gaur egun pakete eta kajatan polboroi mueta desbardinak etorten dira: txokolatezkoak, limoizkoak eta gusto guztietakoak. Horreen guztien oinarrizko konposizinoa polboroi tradizionalarena da eta gero beste osogairen bat gehituten deutsie.
Polboroien oinarrizko osogaiak almendrak, azukerea eta txarri-koipea dira. Edozein modutan be, gaur eguneko polboroi batzuk almendra barik be egiten dira (gehienetan, merkeagoak izaten dira).
Polboroiak oso aberatsak dira energian eta euren konposizino nutritiboa honakoa da: proteinea % 5, karbohidratoak % 35, koipeak % 25, kolesterola 14 mg/100 gramotan. Turroiagaz daben desbardintasunik aitagarriena kolesterola da, animalia jatorriko koipe bat erabilterakoan (txarri-koipea) kolesterola osogaietariko bat bihurtzen da.
3) Mazapanak
Honeek be almendreari azukerea gehituz preparetan dira.
Polboroein antzera, mazapanek 500 kilokaloria dabee 100 gramoko. Turroiak, ostera, energia apur bat gehiago dauka. Koipea % 30, Karbohidratoak % 36 eta proteinak % 11, bai turroi eta bai polboroien antzera.