Euskaldunok munduan  IV. urtea // 131. zenbakia

Mikel Ezkerro euskal argentinarraren ganeko liburua plazaratu dabe Argentinan


Iratxe Ormatza

'Mikel Ezkerro, la historia de vida de un argentino de estirpe vasca' da liburuaren izenburua. Oraintsu aurkeztu eben Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxean (Argentina). Egileak Elsa Caula eta Vanina Broda izan dira, Rosarioko Euskal Ikasketen Diziplina arteko Zentrokoak.

Mikel Ezkerro Rawson-en (Argentina) jaio zan 1938an. Handik gitxira gurasoakaz Bilbora etorri zan, eta umezaroa hemen emon eban. Gero, barriro be Argentinara joan ziran. Ezkerro euskal argentinarren komunidadera hurreratu zan eta eragin handiko personak ezagutu ebazan; euren bitartez, euskal kulturea hobeto ezagutu eta konpromisoan sakondu eban. Euskal kulturea Argentinan zehar bizirik irautea da haren amesetariko bat. Franco sasoian, desinformazinoari aurre egin eta egoerearen barri zabaldu eban eta ezkutuko kolaborazinoak be egin ebazan. Argentinako euskal etxeetan hamaikatxu berbaldi emon izan ditu eta eten barik ikertu izan dau euskal gaien inguruan.

Aitatutako guztia liburuan azaldu dabe, eta protagonistearen lagunek bere tarte bat izan dabe Ezkerroren ganean idazteko. Gehigarri moduan, argazkiak eta 'Eusko Lurra' aldizkarian Ezkerrok idatzitako artikuluak agiri dira.

Mikel Ezkerroren lanak, baina, ezin dira amaitutzat jo. Izan be, irratsaio batean kolaboretan dau: 'Presencia vasca' izenekoan; Parana herrian egiten da, eta Federico Borras Alkain da zuzendaria. Ezkerrok uste dau euskal etxeak tresnarik onenak dirala euskal kulturea Argentinan zehar zabaltzeko. Are gehiago, beraren ames utopikoa uri bakotxean euskal etxe bat egotea da. Izan be, euskal jatorriko argentinar askok lotura sentimentua daukie eta beraren eretxiz, hori bideratu egin beharko litzateke, berbarako, euskal etxeetan bi-hiru eragile izatea ezagutzea zabaldu eta loturazko sentimentua indartzeko.