‘Noka2’: Los Angelesen be, diskoak euskeraz
Iratxe Ormatza
Taldearen izena Noka da eta Andrea Miren Bidart-Oteizak, Begoña Etxebarria Mendiburuk eta Catherine Parker Petrissansek osotzen dabe. Kaliforniakoak dira eta lehen, bigarren eta hirugarren belaunaldiko euskal jatorriko estadubatuarrak dira.
Noka taldekoek euskal kantuen ondarea berreskuratu eta zabaldu gura izan dabe, horretarako andreen ahotsa erabiliz kanturako eta andratasuna azaltzeko. Horren adibide da taldearen beraren izena: Noka.
Kaliforniara, eta Los Angelesera bertara be, euskaldun ugari joan zan sasoi baten, batez be, Ipar Euskal Herrikoak. Taldekideek Los Angelesen eta Nafarroan daukiez arbasoak. Los Angeleseko Chinokoak dira taldekoak, eta euskerea darabile berbalagun; horrezaz ganera, nokaz berba egiteko ohitureari eutsi deutse.
Hau da atara daben bigarren diskoa. Lehenengoa agortuta dago eta orain bigarrenagaz antzeko erantzuna jasotea espero dabe. Sarean eskuratu daiteke Chinoko ‘Gurean bat’ dantza taldearen web orrian (www.gureanbat.com).
Nokako kideen helburua emakumeen ikuspegitik euskal kulturearen ondareaz gozetea izan da. Bereizgarrien artean, kantu danetan noka erabili dabela nabarmendu daiteke. CDan tradizinozko kantuak dagoz eta, batez be, emakumeek egoera desbardinei zelan egiten deutsen aurre adierazoten dabe: ‘Mariñelaren Zai’, ‘Amak ezkondu ninduen’; baita maite dauen emakumeari gizonak diñotsona: ‘Apexa eta lorea’ eta ‘Zertarako ez?’. Horreek nokaz eginda dagoz, baina tradizinoan ez dagoz kantu asko nokaz idatzita eta abesti batzuk moldatu egin dabez, esaterako: ‘Neska soldadua’ eta ‘Emakume jaio nintzen’. Abesti barriak be maisutasunez sortu dabez, euren esperientzia, bizipen eta ikusmirak ardatz hartuta: ‘Maialen maitea’, ‘Ene anaia aingeruekin’, ‘NOKAnta’, ‘Sorgindun’, ‘Kafesneari esker’, ‘Nokalari berria’, ‘Eraztun’ eta ‘Zertarako ez?’.