Ereiteko sasoia (eta I)
Testuinguru honetan, gune erdaldun baten kokatutako Ikastola bateko irakasleak zera inoan: ‘gure ikasleek euskerea erabilteko aukera urriak eukiezan, euskeraz ez ziran ondo moldatzen eta erabilen hori zuzentzen geuntsen, eten barik. Baina, holan ez genduan lortu euskeraz hobeto egin eta erabilera-eremu gehiagotan erabiltea, ezpada, gazteleraz berba egitea’. Euskeraz totelka bada be arituz, euskerearen bidean, erabileran aurrera egiterik badago egon; gaztelerearen bidez, ostera, ez dago euskerearen erabileran ez eta hizkuntza gaitasunean aurrera egiteko modurik!
Erramun Osa
On Joxemiel Barandiaranek inoan: ‘Euskal-etnia badoia aldatzen. Guk bear dogu bide egokian erabili asmoz eta jakitez’. Testuinguruak, halanda ze, aldatuz doaz, gizarteak, sasoi barrietara egokitzen ari dira. Eboluzinoa, gogoko eta ez gogoko doguzan noranzko desbardinetan, jazoten ari da. Hizkuntza kontuetan be beste horrenbeste. Hagaitik, hizkuntza gitxiagotuak, askotariko espezieak lez, abiada bizian desagertzen ari diran mundu honetan, euskereak irauteaz ganera indarbarritzea be nahi badogu, orain arte hartu doguzan erabagiak, abian doguzan egitasmoak, eregi doguzan diskurtsoak, jokatzeko erak etab. mahai ganean jarri eta eguneratu egin behar doguz.
Egungo hezkuntzan, EAEn batez be, ereduak daukaguz aukeran, baina, euskeraz moldatzeko ez-gauza diran gazte askok eta askok urteten dabe oraindikarren eskoletatik. Ereduen sistemea, era berean, hizkuntza bietan pentsetan eban gizarte batentzat nahikoa izango zan, beharbada, baina euskerea oinarri dala, eleaniztasunean ardaztu gura dan eta ate joka daukagun etorkizuneko hezkuntza sistemarako, ostera, labur geratzen da.
Orobat, urteetako lanaren ondorioz, euskerea dakienen kopurua hazi egin da Euskal Herrian; erabilereak, barriz, ez dau maila bereko igoerarik izan. Eta holakoetan, neure buruari zera galdetzen deutsat: erderaz –batez be– funtzionetan dauen euskerearen aldeko gizarte baten, euskeraz biziteko aukera urriak daukiezan gazte belaunaldiek ze motibo euki leikie euskereari atxikimendua izateko, euskeraz berba egiteko, ingurukoek erderaz parra-parra eroso jarduten dabenean edota euren komunikazino beharrizanik nagusiak erderaz ez besterik bideratu ahal dabezanean?
Hizkuntzak, eurakaz batera doazen kulturen adierazpide be badirala behin eta barriz azpimarratzen dogun arren, zer egin geinke gure hizkuntzearen eta kulturearen artean hamarkadetan indartu dan etena gainditzeko? Eskoletako testuliburuak aztertu daiguzan, ikusi daigun geure kultureari eta izateari buruz zer dakarren, eta hizkuntzea albo batera itzita, Valentzian edo Madrilen ikasten dabilen baten edukinak igarriko doguz ehuneko zabal baten. Jazotakoa gure zabarkeriaren isla da ez besterik, eta geure esku dago, hein handi baten, egoera hori arteztuteko neurriak hartzea.
Eta zer esan gazte belaunaldiek darabilen euskereari buruz. Gazteek ez dabe gurasoen eta irakasleen antzera berba egin nahi, eta hizkuntzearen zuzentasunaren zuzentasunaz nazkatu egin doguz, eta euskereagazko grina askozaz gehiago apalduz, hizkuntzea erabilteko behar daben askatasun giroa murriztu deutsegu. Zein erregistro mota, non, zertarako eta noiz? Euskerea nongura eta noizgura erabiltea gura badogu, horri buruz be berba egin beharko dogu noiz edo noiz.