Ikurrinearen nondik norakoak
Baina bai Sabino Aranak ezarritako koloreak zein diseinuak izan eben erantzun ona ikusirik, Luis de Aranak Euskal Herrirako izan behar zan ikurrinean egin eban aldaketa bakarra Ander Deunaren gurutzea izan zan. Hau, bizkaitarrek izandako gerra baten oroigarri izanda, ez eukan zentzurik Euskadi osorako izan behar zan ikurrin baten gordetea eta, beraz, gurutze hori kendu eta horren ordez sei marra berde ipini zituan. Marra bakotxak euskal lurralde bat gogoratzen eban (puntu honetan gogoan izan behar dogu Arana anaien ustez, Euskadi sei lurraldek bakarrik osotzen ebela, zazpigarrena, Nafarroa Beherea, Espainiako eta Frantziako erregeak adostutako zatiketea baino ez zalako). 1907. urte aldera egindako diseinuetan, Luis Aranak euskal lurralde guztietarako banderak asmau zituan. Diseinu horreek izan zituen jarraitzaileak baina gitxi batzuk baino ez ziran izan abertzaleen artean eta azkenik Sabino Aranak asmautako ikurrinea nagusitu zan. Honen baieztatzea 1936an heldu zan sortu barria zan Euskadiko Jaurlaritzeak ofizialki ikurrinea hartu ebanean Euskadiko ikurrinatzat. Gainera eta bitxikeri moduan esan daigun momentu horretan ezarri ebela ikurrineak bere historian ezagutu dauen aldaketa bakarra, hau da, gerran zirala eta ikurrinaren marrak lar estuak zirala ikusiz eta komunisten bandereagaz bereizteko asmoz, ikurrinaren marren neurriak bikoiztea erabagi eben. Aldaketa hau oraindino gaur egun mantentzen da eta ofizialki euskaldunok gaur egun erabilten dogun ikurrineak Sabino Aranak asmautakoak baino marra lodiagoak ditu.
Asier Madarieta,
Euskal Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Hasi barria dogun urtean ospatuko da Sabino Aranaren heriotzaren mendeurrena. Artikuluan zehar Sabino Aranak sortutako ikurrinearen gaineko argibideak emongo doguz.
Sabino Aranak ikurrinea 1894an sortu eban, hain zuzen be urte horretako garagarrilaren 14an; 'Euzkeldun Batzokija', lehenengo egoitza abertzalea izango zana zabaldu behar zala eta ikurrin bat behar eban Sabino Aranak bertan eskegiteko. Orduan bere anaia zan Luis Aranari eskatu eutson ikurrin barriaren diseinua margozten laguntzeko. Luis arkitekto ikasten ebilela eta marrazkilari hobea zalakoan berak egin eban ikurrinearen lehenengo zirriborroa. Zirriborro honetan ezartzen ditu Sabino Aranak ikurrinearen neurriak, koloreak eta ikurrinea bera era bitara asmatzen dau: diseinu bat, gurutz bikoa, guk gaur egun gehien erabilten doguna, ikurrinea mastiletan ipini behar zanerako. Eta beste diseinua, eskerretik eskumarakoa, bost marraz eginda (bi gorriak, bi orlegiak edo berdeak eta erdian marra zuria) ikurrinea balkoietan ipini behar zanerako.
Eretxi asko emon dira Sabino Aranak ikurrinea nondik asmau eban azaltzeko. Badira Bilboko konsuladuko banderan oinarritu zala esaten dabenak edo Britaina Handiko banderearen kopia eskasa zala esaten ebenak. Bitxikeria moduan esan geinke 1719an Donostiko setioan parte hartu eban frantziarrez osotutako gudaroste batek, La ValliƩreko gudarosteak hain zuzen be, gure ikurrinea lako banderea eroiala eta, horregaitik, gaur egun Donostiako umeen tanborradan, desfiletan ikusi geinken ikurrinea antzeko banderea da. Askok ikurrinea dala pentsetan badabe be ez da holan.
Baina ikurrinearen etxurea eta koloreen zergaitia Sabino Aranaren beraren ideietan topauko dogu. Sabino Aranaren asmoa ez zan Euskadi osorako ikurrinea egitea. Bere eretxiz, bai Bizkaian, zein Gipuzkoan, Iparraldean, Nafarroan edo Araban, euskal lurralde bakotxean euskaldunek euren banderak asmau behar zituen. Geroago, danak euskaldunak izanda, adostuko eben benetan danontzako ikurrinea izango zana. Bera, bizkaitarra izanda, Bilbotarra hain zuzen be, Bizkaiko ikurrinea asmatzeari ekin eutson.
Horretarako, Sabino Aranak, ordura arte Bizkaiko armarria zana ikurrina bihurtu gura izan eban. Armarri horren atzealdea gorria zan Sabino Aranarentzako eta beraz ikurrin barria sortzerakoan be gorria jarri eban atzealdean. Historiako liburuetan agertzen zan Padura edo Arrigorriagako bataila be azpimarratu gura eban Sabino Aranak. Gerra horretan antza danez, bizkaitarrak Leoneko gudarien kontra burrukan ibili ziran, euren foruen defentsan ibili ziran lehenengo aldiz historian zehar. Gerra hau 870 urte aldera izan zan, zemendiaren 30ean, hau da Ander Deunaren egunean. Hori zala eta, Sabino Aranak gerrearen gomutaz Ander Deunaren gurutzea jarri eban ikurrinean. Gainera, Ander Deunaren gurutze horri kolore orlegia edo berdea ipini eutson, kolore bardinekoak ziralako Gernikako arbolaren hostoak. Azkenik, ikurrinea amaitutzat emoteko erlijinotasuna adierazo gura izan eban Sabino Aranak, katolikotasuna euskaldunon ezaugarrietariko bat zalakoan. Beraz, gurutze zuria izan zan ikurrineari gehitu eutson azken partea.
Halan ba, prest egoan Sabino Aranaren ikurrin barria eta egia esan sekulako erantzuna izan eban berehala euskaldunon artean; urteak aurrera joiazan eta sorreran bizkaiko ikurrina modura sortutakoa izan arren, Euskadi osoko ikurrinea bilakatu zan.
Edozelan be, Luis Aranaren ustez hori ez zan bidezkoa eta Sabino Aranaren anaiak ez eban onartzen Bizkaiko ikurrin modura sortua zana Euskadi osoko ikurrin modura erabiltea. Behin eta barriro aitatzen eban Sabino Aranaren esanetan euskal lurralde bakotxak bere banderea sortu behar ebala eta gero danon artean ikurrin bat adostu; inork ez ebala horren alde pausurik emoten ikusita, berak ekin eutson lurralde desbardinetako eta benetako Euskadiko ikurrinea izan behar ziranak asmatzeari.