Arratiako euskal idazleen antologia argitaratu dau Zertu Kultur Elkarteak
Idazleen lanetan danerik dago: bertsoak, artikuluak, obra erlijiosoak, saio politikoak, ipuinak zein antzerkia. 'Topau ez doguzan bakarrak nobelak dira, jakinarazo dabe zuzendariek. Nagusi da gai erlijiosoa, baina badira Meaberen antzera, arazo sozialak azaltzen dabezanak be.
Ezinezkoa da liburuan idazleen lan guztiak biltzea, baina garrantzitsuenak behinik-behin bildu dira. Horregaitik, autoreren batengan interesa euki ezkero, osotzeko idazlearen beraren liburuetara jo beharko dogu.
'Arratiako Idazle Aitzindarien Antologia'-k Batz, GEA, BBK eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzino ekonomikoa jaso dau. Ganera, 'Arratiako Udala eta norbanako batzuk be laguntzaile izan dira', argitu deuskue zuzendariek.
Gotzon Aurrekoetxeak, Angel Larreak eta Iñaki Esparzak zuzendutako 'Arratiako Idazle Aitzindarien Antologia' izeneko liburua ikerketa sakon baten emoitzea da, eta inoizko alkarlan sare handiena mobidu dabe horretarako.
Arratiako idazleen inguruko lan sakon eta mardula gidatu dabe Larreak, Aurrekoetxeak eta Espartzak. Koordinazino lan itzela izan da, hogeita hamar filologo baino gehiagok iruzkintxua egin dabelako Arratiako idazle baten gainean.
Egileen helburua ganerako belaunaldiek gai honen inguruan bakotasunik ez eukitea izan da. Esangura horretan, guztiz beharrezkotzat jo dabe holako proiektu bat. Gogoratu Angel Larrea eta Iñaki Esparzak 'Arratiako Euskal Idazle Aitzindariak' argitaratu ebela 2004an. Lan hori hartu da oinarritzat oraingo honetarako.
'XVI. mendetik hasi eta 1920. urtera bitartean jaiotako idazleak dira libururako hartu doguzanak' argitu dabe zuzendariek 'geure historia ezagutarazteko helburuagaz'. 2004ko liburuan, 34 idazleren biografiak eta bibliografiak bildu baziran, oraingoan horreetatik 28 iruzkindu dira. Bitartean lehenago 'fitxau barik egozan hiru idazle agertu dira: Lukas Añibarro, Fabian Angoitia eta Meltxor Andonegi. Bitxia da, baina Arratiako andrazko idazlerik ez da agertu orain arte euren ikerketetan.
Iruzkingile bakotxari idazle bana emon eta gero, haren inguruko informazinoa erraztu deutsie zuzendariek. Gero bakotxak bere erara atondu dau ikerketea hizkuntzearen, literaturearen, gaiaren zein bestelako arloen ikuspuntutik.