Bilboko Txistulari Bandeak bat egingo dau ganbera musikeagaz zein folk zelteagaz
Bilboko Udal Banda barrituak aldi barria hasi eban igazko denporaldian, ohiko jarduerez gan (jaiak, kalejirak, protokolo ekitaldiak, etab.), emonaldi programa zabala egin eben eta: birak egin dabez Euskadi barruan nahiz kanpoan, kontzertu didaktikoak emon dabez eta musika estilo eta genero barrietara zabaldu dira. Tanbolin-jotzaileen talde profesional urrietako bat da, gainera.
Gaur egun Bilboko Txistularien Udal Bandea lau musikari gaztek osotzen dabe. Talentu handiko gazteak dira, trebakuntza akademiko sendoa dabe eta lanbide esperientzia luzea, bai interpretazino arloan, bai irakaskuntzan. Garikoitz Mendizabal (1. txistularia) Bandearen zuzendaria da 2004ko urtarriletik eta Euskadiko Txistularien Elkarteko lehendakaria be bada. Idioa Kareaga (2. txistularia) txistu irakaslea izan da hainbat musika eskolatan, eta nabarmendu egin da 'Hala Dzipo' musika tradizionaleko Barakaldoko eskolako koordinatzaile moduan. Gorka Zabaleta (silbote-jotzailea) Azkoitiko Txistularien Udal Bandako kide izan da eta Sahatsa, Itsasi eta Itxaropena dantza taldeetakoa be bai, 2004ko urtarrilean Bilboko Txistularien Udal Bandan sartu baino lehen. Azkenik, Asier Garcia (atabalaria) 'Perkustra'-ko perkusino taldeko kidea da, eta taldearekin hainbat jaialditan hartu dau parte, baita nazinoartekoetan be. Garcia Areatzakoa da eta 1999an hasi zan Bilboko Txistularien Udal Bandan.
Txistularien Bandea gaur egun BILBAOMUSIKAren menpean dago. BilbaoMusika Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailaren menpeko organismo autonomoa da eta Musika Eskola, Udal Banda eta Ikasfolken kudeaketearen arduraduna. Era berean, kultura musikala sustatu eta zabaltzeko ardurea dauka.
Bizkaie!
Bilboko Txistularien Udal Bandeak dobaneko 11 kontzertu izango dituan zikloa eskainiko dau gaur, urriaren 10ean hasi eta 2006ko martira bitartean. Ziklo horretan euskal musika tresna berezkoenaren ahalmenak ezagutuko doguz genero eta estilo barriak interpretetako orduan, gaur egungo musikea, folk zeltea edo ganbara musikea. Gauzak holan dirala, Bandeak pianoa eta harizko laukoteagaz interpretauko dau ganbera musikea zemendiaren 16an; urtarrilaren 11n, John Tilbury pianista britainiarrak gaur egungo musikako kontzertua emongo dau Sabin Bikandi txistulariagaz batera; eta martiaren 8an, tanbolin-jotzaileek eskusoinua, baxu elektrikoa eta teklatua izango dabez lagun errepertorioa egiteko, musika zelta tradizionala eta eguneratutako Euskal Herri kantutegiko piezak hartzen dituana.
Errezitaldi guztietarako sarrerea doban izango da eta Euskalduna Jauregian (A4 Aretoan) egingo dira, igaz Udaleko tanbolin-jotzaileen talde barrituak abian jarritako ekimenari jarraituz. Esandako moduan, denporaldia gaur (urriak 10) hasiko da Luis Aramburu jaio zaneko mendeurrenari eskainitako kontzertuagaz. Luis Aramburu txisturako obra gehien sortu dituan konpositore arabarra da, eta txistua garatzen lagundu dau, barritasun handiko partiturak egin baititu txistua beste instrumentu batzuekaz alkartzean.
Horrezaz ganera, abenduaren 19rako Gabonetako kontzertua antolatu dabe Udal Musika Eskolako irakasle eta ikasleen laguntzaz. Ganerako kontzertu zikloa Bandearen beraren emonaldiek edo Euskadiko beste herrietako taldeenek osotuko dabe: Burlatako Ataitz taldea, Tolosako eta Donostiako udal bandak, eta Elciego & Friends gaita-jotzaileak. Zikloa martiaren 22an amaituko da kontzertu berezi bategaz, izan be, beste kulturetako tanbolin-jotzaileak izango dira protagonista.