Mikel Urdangarin: 'kanta bakotxaren atzean persona bat dago'
Ia ez dau aurkezpenik behar. Taula ganera bertsotan egiteko urten eban lehenengoz, baina laster ohartu zan gitarrea ezinbesteko tresnea zala barruan eukazan ideiak kanpora musikaz jantzita atarateko. Ordutik zortzi urte pasau dira eta tartean dozena erdi disko baino gehiago. Orain, 'Dana' lanagaz jatorku zornotzarra eta kontetako gauza asko daukaz. Hona hemen berbalditxua:
1.- Urte biko tartearen ostean, indarrez beteta zatoz bakarkako bosgarren lanagaz. ‘Dana’ diskoa preparetako hartu dozu tarte hori ala, besterik barik, holan subertau jatzu?
Husten hasita nago! Ez, nahita hartutako tartea da. Hasi nintzanetik zortzi urte pasau dira eta lehenengo zazpi urteak nahikoa frenetikoak izan dira, geratu barik ibili naz. Kirmenegaz, Bingenegaz, Rafagaz... ‘Zaharregia...’ egin eta gero, tarte bat hartu behar nebala sentiduten neban, neure buruari deskantsua hartuarazo behar neutsala eta jenteari be bai.
Deskantsua gurata hartuta dago, urritik urrira, batez be disko honi begira, lan bati begira. Oso deskantsu aktiboa izan da, bestalde. Urte bi emon dodaz diskoa preparetan, lehenengoa bakarrik eta bigarrena jenteagaz, taldekideak izango ziranakaz eta produktorea izango zanagaz. Orduan, oso nahita hartutako tartea izan da eta indarrak hartzeko be balio izan deust, ilusinoa barriztuteko eta, batez be, esateko gogo hori inoiz baino indartsuagoa egon daiten zeure baitan.
2.- Aurkezpen-kontzertuak ganean daukazuz.
Gogoa daukat zuzenekoakaz hasteko, orain arte promozinoan sartuta ibili naz eta. Gogotsu nago, jentearen erantzuna ikusteko irrikaz, ezinegonez.
Beti daukazu erantzuna ona izango danaren esperantzea, bestela sufriduten egongo nintzateke.
Zuzenekoan, diskoan baino gehiago, jenteagan emozinoa sortarazotea topetan dozu. Baina ikusteko dago oraindino zer pasauko dan.
3.- Diskoan, emakumeari eskainitako kantek tartetxu berezia hartzen dabe, aurreko lanetan baino gehiago akaso. Zergaitik hori?
Emakumeari eskainitako kantak dira, bai, baina ezinbestez gizonari eskainitakoak be badira, gizona dalako kantetan dagoana. Emakumea dago, bai, baina gizon baten begietatik ikusita. Hor, elementu biak buztartzen dira.
Personen arteko hartu-emonak dagoz diskoan, batez be. Gizakion arteko hartu-emonak eta, kasu honetan, gizonen eta emakumeen artekoak. Azken baten, jentea da niri interesetan jatana, batekoak zein bestekoak, zaharrak zein gazteak... Jentea da nire inspirazino-iturria eta, disko honetan, kanta bakotxaren atzean persona bat dago, izen-abizenakaz. Konturatzen naz, aspalditik, hor topetan dodala nik zeresana eta zeini kontatua be bai.
4.- Aurkezpen egunean aitatu zendun ezinbestekoa dala ‘kantearen alde’ egitea zeozer ona lortu gura bada. Azaldu eiguzu kontzeptu hori.
Musikari batek kanta bat egiten dauenean musikari-talde batez inguratzen da. Besteek zu lagundu behar zaitue, kantua jantzi egin behar dabe.
Musikariak modu bitan egin leike lan: batetik, bere luzimenturako, haren joteko erea edo trebezia erakusteko; bestetik, haren trebezia erakutsi leike baina kanteari laguntzeko. Kontzeptu bera dala emoten dau baina ez da holan. Batak, kantea erabilten dau zenbat dakien erakusteko eta, besteak, bere jakinduria kanteari laguntzeko erabilten dau. Ni azken honen alde nago, ‘kantearen alde’ egitearen alde, errespetuz. Kanta bakotxaren aurretik isilune bat dago, poema batean orri zuri bat dagoan legez. Isiltasun horrenganako errespetuz jokatu behar da beti eta horixe euki dot nik taldeagaz. Eurek dakiena kantearen alde erabilten dabe, ez euren alde. Kontuan hartu behar da, ganera, kantearen alde egiten dozun aldi berean zeure alde be egiten dozula.
5.- Orain arteko diskorik elektrikoena eta erritmikoena legez definidu dozu ‘Dana’ lana. Barrutik urten jatzun kontua da ala aldaketearen bila ibili zara?
Uste dot, neuk definidu baino, definidu egin dabela. Nik badakit gitarra elektrikoak inoiz baino pisu gehiago daukala, baina kantuagaz modu oso egokian eta armonikoan bat eginda dagoala uste dot. Bateriaren pisua be inoiz baino handiagoa da baina disko honetan bake-sentsazinoa inoiz baino handia da. Tekladuak eta programazinoak lekua daukie baina oso argi daukat: nire identifikazinoa kantakaz oso handia da eta elementu musikal guztiak ahotsaren zerbitzurako eginda dagoz, ahotsak agintzen dau. Horren ganean eregiten da beste dana. Bai jantzi, bai hustu, begirunez eginda dago dana.
Elementu barriak oso ondo josita dagoz eta niretzako ez dira arrotzak. Badago, halanda be, nahita egindako aldaketea, baina probokauta izan arren, nik oso natural bizi izan dot.
6.- Talde-lana be behin eta barriro azpimarratzen dozu eta, bide batez, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda, Kirmen Uribe, Mikel F. Krutzaga eta beste asko goraipatzen dozuz. Ez dago bakarlari onik talde onik barik?
Bakarlaria, normalean, beti dator lagunduta. Askotan, ganera, laguntzinoa oso ona izaten da. Nik esker ona erakutsi egiten dot, bakotxari berea emoten deutsat. Euren arimen zatitxu bat jarri dabe diskoan eta hori asko da neuretzat.
Musikearen mundua oso zekena da; polita bai, baina alde ilunak be badaukaz. Egoa oso gogor ataraten da askotan eta, egoagaz batera, txartoulertuak eta enbidiak. Askotan, ikutu ez-osasuntsua hartu leike mundu honek eta, horregaitik, esker ona oso garrantzitsua da. Eskerrak emon behar dira emon behar danean; ni eskertuta nago eta erakutsi egiten dot, ez dot ostenduko hori neure egoagaitik.
7.- ‘Zaharregia, txikiegia agian’ emonaldian izandako taldekideak be badira aurreko itaunean aitatutako horreek. Oraintsu, ganera, ‘Ehungarrenean hamaika: Lauaxeta 2005’ ekimenean be parte hartu dozu, tartean Rafa Ruedagaz. Zelako da mueta horreetako proiektuetan parte hartzearen esperientzia?
Oso gustora ibilten naz, lagun arteko kontua da eta. Lauaxetaren diskoaren gonbita Rafa Ruedaren eskutik etorri da eta nik ezin deutsat ezezkorik emon Rafari. Otehitza dantza-ikuskizunean be partu hartu dot... Nire izaereagaz bat datozan kontuak dira horreek danak. Ni ez naz aurpegi bakardun personea, poliedrikoa naz, apur bat dispersoa be, eta hori igarri egiten da.
Orain dala gitxi, ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ filman parte hartzeko gonbita egin eustien eta baiezkoa emon neban, ez dakit onerako ala txarrerako, eurak jakingo dabe! Ezinegona daukat, askotan ipurterrea be banaz eta gustura nagoan lekuetan gustura nago.
8.- Zer egiten dau Mikel Urdangarinek saltsa honeetan sartuta ez dagoanean?
Lagunakaz egotea asko gustetan jat. Zorionez, leku askotan daukadaz lagunak eta, beste barik, eurakaz berbetan egotea gustetan jat.
Paseatzea eta begira egotea be gustetan jat. Orduak pasau ahal dodaz holan, errudun sentidu barik ganera. Askotan, alperkeriagaz nahastau leike hori baina, gitxi da ba begira egotea? Lanean egoteko modu bat be bada eta nik garrantzi handia emoten deutsat kontenpletan egote horri. Bizitza zure aurretik pasetan dagoala ikusi behar dozu, zer egiten zagozan jakin behar dozu... Beste aukera bat prisaka ibiltea da, batetik bestera, zetan zabizan jakin barik. Horregaitik, gero eta gehiago gustetan jat trankil eta begira egotea.
9.- Askok, euskal kantagintzearen pioneroen, Lertxundi eta Laboa berbarako, ondorengotzat jo zaitue. Zer dinotsazu horren pisu handiko baieztapenari?
Nik ezin dot balorau kanpotik zelan ikusten naben. Kate honetan kate-begi bat izateaz oso ondo sentiduten naz. Pribilejiatutzat daukat neure burua musikaria nazalako, horregaitik bakarrik, eta honetaz eta honegaz bizi ahal izateagaitik. Zorioneko sentiduten naz, baita, euskal unibersoaren barruan leku bat eukiteaz, tarte bat neuretzako. Jenteagana heltzeko aukerea izateaz be pozik nago. Hor sentiduten naz ni zorioneko.
Oinordeko banaz edo ez banaz... Ni horretan ezin naz sartu. Ez dot uste nazenik. Izatekotan, neure lanaren oinordekoa izango naz eta hori da neure buruari ziurtatu leikiodan gauza bakarra. Eta horretan nabil, ereiten.
10.- Kantautorea, musikaria, kantaria... zelan definiduko zeunke zeure burua?
Nire amak esango leuke desastre hutsa nazala eta ez da definizino txarra. Apur bat desastretxua naz eta, horrezaz gan... abeslaria eta musikaria naz. Neure letrak neure musikaz kantetan dituan personea naz, bere kantak kantetan dituan personea.
Saioa Torre Gereketa