Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 130. zenbakia

Kirurgia estetikoa baginara ailegau da


Begiluzea

Kirurgia estetikoa andrazkoen txokorik ostenduenera ailegau da. Gero eta neska gehiagok kirofanoan sartzea erabagiten dabe, arrazoi estetikoak dirala-eta bulbako beheko ezpanak ebagiteko. Azken urteotan, ginekologiako klinika pribaduek baginea berregiteko eskaria handitu dala egiaztau dabe. Eskaerek ez dabe gora egin izugarri, baina hazten doaz egunetik egunera. Ebakuntza mueta honen hazkundea azaltzeko, tangearen arrakastea eta gaur egungo gizarteak edertasunari neurriz kanpo emoten deutson balioa hartu behar dira kontuan, adituen esanetan.

Estetikea andrazkoen hankartera be heldu da. Orain dala hamar bat urte, emakumezko baten bularretakoaren tiranteren bat agirian geratzen bazan, nork edo nork beti esaten eutson 'kontuz, bularretakoa agirian daukazu eta'; gaur egun, ostera, sasoiak aldatu eta modea dan-dana erakustea da. Emakumezkoek soineko gardenak jantzi, zila erakutsi eta baginako ezpanak kopontzen dabez.

Plazerra galtzeko arriskua

Ebakuntzea teknologia laserra edo baliabide arruntak erabiliz egiten da, errez-erreza da eta ordu erditik hiru laurdenera irauten dau, beti be aukeraturiko teknikearen arabera. Antze-antzekoak diran prozedura mueta bi erabili ohi dira. Lehenengoan beheko ezpanetako ertzak ebagiten dira. Beste batzuetan, ostera, espezialisteak itxura triangelurreko ebagidura txiki bat egiten dau ezpan bakotxean; azal zati hori kendu eta ertza josten dau (zetaplastia).

Horrenbestez, ginekologoak organo honen kanpoaldea ez dau ikutzen eta teorian gaixoen bildurrik handienetariko bat ebitetan dau: sentsibilidaderik ez galtzea. Espezialistak, dana dala, ez datoz bat gai honetan. Batzuen eretxiz, ebakuntza honek ez dau sexu plazerra bape murrizten. Euren esanetan, ebakuntza honetan mukosa eta azala baino ez dan ezpan zatia baino ez da kentzen.

Jaione Zulueta ginekologoak ez dauka hain garbi: 'ezpanen ingurua guztiz sentikorra da. Ebagidurek amaiera nerbiosoei eragin leikiee; edozelan be, emakumezko batzuek itxura hobea gurago dabe, atsegin sexual apur bat sakrifikau behar bada be'.

Gorputzea erakusteko modea

Andrako batzuek espezialisteari azaltzen deutsie kirol zehatz batzuetan diharduela, kasu baterako txirrindularitzan, eta zeleak traba egiten deutsela. Beste hainbatetan dinoe lotsatuta sentiduten dirala dutxara sartu eta euren ezpanak taldekideenak baino mardulagoak dirala ikusten dabenean. Kasurik gehienetan, barriz, arrazoi estetikoak nagusi izaten dira.

José Gurrea ginekologoaren ustez, bestelako arrazoi batzuk be badagoz. 'Alde batetik, tanga brasildarra ipini da modan, hortz-aginetako haria baino meheagoa dana; eta, jakina, halangoakaz dan-danak egiten dau traba. Beste aldetik, jardun sexualak aldatu egin dira; gaur egun ahoko sexua garrantzitsuagoa da. Azkenik, modeak andrazkoen gorputza gehiago erakusten dau'.

Ebakuntzeak 500 euro inguru balio dau; hasikera batean, handitu txiki bat eragiten dau, baina aste batzuk igarota desagertzen da. Medikuek hilebete eta erdian sexu hartu-emonik ez eukitea gomendatzen dabe. Jaione Zulueta ginekologoak azken hausnarketa bat egin gura izan dau kirurgia mueta honen ganean. 'Emakumezkoak beti kexetan izan gara fisikoagaitik bakarrik kontuan hartzen gaituelako. Nahiko paradoxikoa eta kontrajarria da denpora luzean gure izakereagaitik kontuan hartzea aldarrikatu izana eta gaur egun geu izatea perfekzinoaren bila goazenak. Guztia kontrolpean euki gura dogu arraren grina eta desirea bizkortzeko. Bitxia benetan'.