Sarean  IV. urtea // 130. zenbakia

Euskararen telefonoaren web gunea herritarren esku

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak www.euskararentelefonoa.com web gune barria aurkeztu dau. 'Herritarrari modu errazagoan bizipenak helarazoteko modua abian jarri dogu', azaldu dau Behatokiko Zuzendariak, Paul Bilbaok.

Web gune barria hizkuntza-eskubideen urraketen edo zoriontzeen barri emoteko bitartekoa da. 'Administrazioen, erakundeen, enpresen eta bestelakoen urraketen eta txalotzeen barri emoteak hizkuntza-eskubideen egoerea irudikatzen laguntzen gaitu', adierazo dau Bilbaok.

Euskerearen telefonoa Behatokiak urtero argitaratzen dauen txostenerako informazino-iturri garrantzitsua da. 'Horren adibide argia Europako Adituen txostena dogu, bertan urraketa zehatzak erabili ahal izan genduzan egoerearen barri emoteko', gaineratu dau.

Honako www.euskararentelefonoa.com gunean, erabiltzaileak era errazean egin leikez gura dituan kexak, zoriontzeak edo galderak. 'Herritarrak urraketa baten barri emon gura badau, adibidez, bere izena erregistrau behar dau eta kexa jakinarazo', azaldu dau Behatokiko Kudeatzaileak, Arantza Haranburuk. Erabiltzaileak nori egiten deutson txalotzea edo zoriontzea argitu behar dau eta arrazoia azaldu. Ganera, kexa edo txalotzea ziurtatzeko dokumentua atxikitzeko aukerea be badago.

Euskerearen telefonoaren proiektuak 4 urte beteko ditu urte amaieran. 2001etik hona Behatokiak 3.000 espedientetik gora bideratu ditu.