Barriketan  II. urtea // 17. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 1a

Alberto Iñurrategi:'...leitekeana da anaiagaz amestutako igoeraren bat egitea'.

'Gorputzak orain etxean denpora gehiago egoteko eta deskantsua hartzeko eskatzen deust'


2002an zehar oso lanpetuta ibili da Alberto Iñurrategi eta ez mendian bakarrik, sari eta liburuen artean nahastauta ibili da. Mendian, Alberto Iñurrategiri eta Jon Belokiri ikaragarri sufritzea tokau jake zortzimilakorik errazenean. Cho Oyu (8.201 metro): euskal mendizaleek neguan igotako lehen zortzimilakoa

Albertok eta Jonek abenduaren 3an zapaldu eben Cho Oyuren tontorra eta hamabost minutu inguru egon ziran bertan, hotza hazurretaraino sartuta baina hipnotizauta legez, begien gozamenerako Everest, Lhotse eta Pumoriko tontorren ikuspegia sekulakoa zalako.

Euskal mendizaleek neguan igotako lehenengo zortzimilakoa, Albertoren hamabosgarrena eta Belokiren bigarrena. Euskal mendizaleek 47 igoera egin ditue guztira mendi horretara, euskaldunek gehien igotako zortzimilakoa da baina hotzagaz (tarteka zero azpitik 40 gradu) eta haize bolada gogorrakaz asko sufridu behar izan dabe goraino heltzeko.

1. Zorionak Alberto, beste batez. Munduko hamalau zortzimilakoak zapaldu ondoren, neguan Cho Oyura era alpinoan. Lehenago, neguan Manaslu igoten be ahalegindu zinien baina ezinezkoa izan zan. Zergaitik aukeratu zenduen Cho Oyu?

Aurreko Manasluko esperientzia ikusita, neguko baldintza gogorretan igotea eta gainera filmaketarako lanak egitea benetan gogorra zala konturatu ginan eta, beraz, mendia aukeratzeko orduan, apustua gehiago izan zan gailurrerako aukereari lehentasuna emotea zailtasun teknikoari baino; gauzak holan dirala, neguko igoerea egiteko teorian behintzat zortzimilakorik errazena edo aukeratu genduan

2. Cho Oyuren tontorra 93ko irailaren 15ean be zapaldu zenduan Felixegaz batera. Gauza asko etorriko jatzuzan burura tontorrean...

Bueno, 2000ko ezbeharra pasau zanetik gailurreko sentsazinoetan poza eta tristurea nahasten jataz. Edozelan be, Cho Oyun ez dot izan hain presente anaiaren irudi hori tontorreko momentuan behintzat. Alde batetik, pasau dan denporeak zeozelan distantzia bat markau dau nahiz eta oraindino anaia beti gogoan izan eta, bestetik, Cho Oyuren tontorrean egon ginan momentua ez zan izan gozoena sekulako hotza pasau gendualako eta, gainera, filmaketa beharrak egiten ibili ginan zero azpitik 50 gradu inguruko tenperatureagaz. Manoplak eta kentzeko bildurra geunkan eta momentu gogorra izan zan, burua beste kontu batzuetan izan genduan.

3. Kontaiguzu igoerea zelakoa izan zan eta zeintzuk izan ziran zailtasunik handienak.

Igoerea oso azkarra izan zan, bi egunetan egin genduan. Lehenengo egunean, kanpamentu nagusitik 7000 metrotaraino heldu ginan eta tarte horretan, ez zan ezelako ezustekorik izan bidea ondo ezagutzen gendualako eta baldintzak be ez ziralako hain gogorrak izan. Goizeko lehen orduetan hotza hazurretaraino sartzen bajakun be, nahiko eroangarria izan zan. Gailurreko egunean, ostera, hotz handia pasau genduan eta zailtasunak hortik etorri ziran; kontuan izan, mendiak berez ez dauela aparteko zailtasun teknikorik, oso bide erraza da, ibiltea da kontua eta dinotsudan legez, ez dauka holako arrisku tarterik. Burukomin handiena, batez be, hatzamarrak eta behatzak bero mantentzea izan zan. Belokiri hasiera-hasieran hotzitu jakon oinetako bat eta nahikoa arduratuta igon eban gero sustoa baino izan ez bada be.

4. Igoerako egun bat zelakoa izaten da? Zenbat ordu egiten dozuez lo? Gosaldu zer eta ze ordutan egiten dozue? Mendian gora zenbat orduko saioak egiten dozuez?...

Espedizinoetako ordutegiari eta mendiko jarduereari jagokonez, mendi bakotxaren arabera praparetan dira. Tontorrerako egunean izan geinkezan zailtasunei begira, aurreko egunean sortzen dira ardura, zalantza eta bildur nagusienak eta, beraz, horixe izaten da konturik txikienak be zehazteko momentua. Jagiteko ordua be egun horretan egin gura dogun bide zatiaren eta tarte horren zailtasunaren arabera marketan dogu baina gehienetan oso goiz jagiten gara, gauerdia eta goizeko bostak bitarte horretan hain zuzen be. Zazpi mila metrotik gora, zailtasunaren arabera, orduko 150-200 metro igoten doguz eta horretan oinarrituz egiten doguz gure kalkuluak. Gosaltzeko, barriz, likido asko hartzen dogu, ahalik eta gehin, litro erdi edo bakotxak eta guk tea aukeratzen dogu. Edari isotonikoak be edaten doguz eta solidutzat gailetaren bat, barrita energetikoak edo holako batzuk izaten dira.

5. Mendian gora, holako altueretan, garrantzitsuak dira prestaketa fisikoa eta sikikoa baina haizeari eta hotzari aurre egitea be ez da erraza izango.

Sasoi normaletan, hau da, Nepalen udabarria edo udazkena danean, hotza eta haizea baino gehiago bidearen zailtasuna izaten da ardura nagusia. Baldintza klimatikoak normalean ez dira hain gogorrak izaten baina egia da askotan haizeak berak marketan dauela gure jarduna. Jakina, mendian seguru ibilteko eta igoera azkarra egiteko nahitaezkoa da prestaketa fisikoa baina mendian sekula be ez da jakiten aurrean zer izango dozun eta, beraz, prestaketa sikologikoa be garrantzitsua da, kasu batzuetan mendiaren zailtasuna handia izan ez arren.

6. Azken espedizinoetan oso ondo konpondu zara Lafaillegaz eta Jon Belokigaz. Datozen espedizinoei begira, kordada laguna topau dozu?

Bai, oso gustora ibili naz batez be Jon Belokigaz, beragaz parte hartu dodalako azken espedizinoetan baina tokau danean, Lafaillegaz, oso ondo ibili naz eta Lazkanaogaz be ez daukat ezelako problemarik alkarregaz sokan joateko eta beste batzuekaz be polito. Motibazino kontua da dana eta kordada baten ilusino maila konpartiduten danean, normalean ez da arazorik izaten. Egia da batzuk bakarrik be ibilten dira mendian baina horretarako maila ikaragarri altua behar da arlo guztietan, beste maila baten dabiltzala esango neuke, banaka batzuk baino ez dira kapaz horretarako: Loretan...

7. Munduko hamalau zortzimilakoak zapaldu ondoren, presino gitxiago igarten dozu helburuak zehazteko orduan?

Bai, nik uste dot motxila astuna kendu nebala gainetik hamalau zortzimilakoak zapaldu ostean. Sasoi horretan presino soziala oso handia zan, kalean edozeinek edozein leku eta momentutan itauntzen eustan ia noiz amaitu behar neban abentura hori. Duda barik, orain askosaz erosoago sentiduten naz eta esango neuke Cho Oyuko igoera honegaz ziklo bat amaitu dala, orain deskantsurako gogoa daukat. Aurrerantzean zer egin gura dodan lasaiago pentsauko dot, presino barik, askatasun osoagaz.

8. 'Annapurna: sueño y vacio' dokumentalagaz mendiko film onenaren saria irabazi dozu Torrellóko Mendiko XX. Zine Jaialdian. Beharrean jarraitzeko indarra emongo eutsun sari horrek?

Oso pozik gagoz sariagaz eta zehaztu gura neuke beharra askoren artean egindakoa izan dala. Dokumentala egiten Andoni Egaña, Juanjo San Sebastian, Aitor Gisasola, Jon Beloki, Lazkano eta beste batzuk ibili gara. Nik pentsetan dot positiboa dala holako sari bat jasotea, besteak beste, aurrera egiteko motibetan gaitualako eta, beste alde batetik, geure buruari gehiago eskatzen behartzen gaitualako. Kontuak kontu, espero dot hemetik aurrera montauko doguzan kapituluetan hori igartea, seinale ona izango da seguru.

9. 'Hire himalaya' liburua be atara dozue, sentimentuez gainezka datorren liburua...

Bai. Felix anaiari egindako omenaldia da liburua. Egoereak holan eskatzen eban ze kontau barik ezin genduan itxi, jakina, ahalik eta modu finena eta morbo gitxien erabilita. Sentimentuak islatu beharra egoan eta nik uste dot Koldo Izagirrek bete-betean asmau dauela.

Mendiko liburua da baina ohituta ez gagozan modu baten kontauta, mendian azken baten ezbeharrak be egoten diralako eta holakoen inguruan sentimenduak sortzen diralako; duda barik, mendiaren parte dira ezbehar horreek be.

10. Mendizale, abenturazale, bidaiari, zelan ikusten dozu zeure burua?

Mendizale ikusi gura neuke nire burua, pasetan dana da mendizale soil-soila izatea ez dala posible herri honetan; bizi ahal izateko mendiagaz lotuta beti baina telebistari lotuta nabil aspaldian, ikusentzunezkoak preparetan, proiekzinoak egiten eta bestelako saltsa batzuetan sartuta. Egia esateko mendiari baino denpora gehiago dediketan deutset kontu horreei eta mendikoa eta menditik kanpora egiten dodana balantzan jarri ezkero, menditik kanpoko jardun horrek dauka pisu gehiago; horren arabera, mendizale baino gehiago beste zeozer naz. Balantza hori mendi aldera ekilibrau gura neuke.


11. Mendizaletasuna kirola ala zeozer gehiago da?

Bai. Kirola baino zeozer biribilagoa da. Kirolaren atxakian, paraje ederrak, besteak beste, Himalaya, Patagonia zein Alaskaren inguru osoa ezagutzeko aukerea dago, milaka balore, kultura, erlijino, bizimodu eta ohitura ezagutzeko modua. Kontua da ze horretarako jarrera eta gogoa behar dirala eta azken boladan himalayismoan gauzak goitik behera aldatu dira. Lehen beste patxada bategaz joaten ginan espedizinoetara, gaur egun, kirol arloari emoten jako lehentasuna eta beste kontu horreek bigarren mailan gelditzen dira. Jentea itsu-itsuan joaten da mendira inguruko kontu guztien balioaz jabetu barik.

12. Himalayan ez eze, munduko beste bazter batzuetan be ibili zara: Afrika, Zelanda Berria...; non zabilz gustorago?

Esperientzia osogarriak dira danak be. Zortzimilakoetan oso gustora ibilten naz baina beste maila bateko mendi igoeretan be asko disfrutetan dot. Gainera, buruari deskantsu apur bat emoteko be oso onak izaten dira.

13. Hasi barri dan urtean nondik nora ibiliko da Alberto Iñurrategi, ze proiektu darabilzu buruan?

2002. urtea oso betea izan da niretzako eta espero dot 2003a askosaz lasaiago hartzea. Oraingoz ez daukat buruan ezelako proiekturik kanpora joateko. Gorputzak orain etxean denpora gehiago egoteko eta deskantsua hartzeko eskatzen deust, barriro mendirako gosea egiteko, orain asetuta legez sentiduten naz eta mendira zenbat eta gogo gehiagogaz joan hobeto.

14. Murugain mendiak zer dakartzu gogora?

Entrenetako erabili dodan lekua da Muru, etxe ondoko mendia. Datu bat emongo deutsut: 90eko abuztuan egunero igon neban mendi hori korrika.

15. Anbotoko tontorra zenbat aldiz zapaldu dozu?

Gitxitan. Anboton dozena erdi bat aldiz edo egongo nintzan, mendi dotorea da.

16. Pagasarri?

94. urtetik urte baten kale egin genduan Nepalen gengozalako baina bestela urtero gustora etorten naz BBKren Pagasarrira Martxara. Aurten 10 mila mendizale inguru alkartu gara eta benetan esperientzia ederra izan da. Mugea non egongo dan ez dakit baina urtetik urtera jente gehiago animetan da.

17. Mendien edertasuna neurtzea subjektiboa da jakina baina zein da zure ustez mendirik ederrena?

Ez da erraza. Batetik alde estetikoa dago eta, alde horretatik, Manaslu ikaragarri polita da, Txindokiren antza dauka eta ederra da. Ama Dablan, Jannu...asko aitatu neikez. Beste alde batetik, kanpotik ederrak izan arren, mendi batzuen igoerak aspergarriak be izaten dira.

18. Helburu bete bakoen artean bateren bat azpimarrauko zeunke?

Felixen ezbeharra pasau arte ilusino batzuk bageunkazan inoiz egiteko esperantzeagaz. Gero, anaiarena pasau ostean ilusino horreek guztiak galdu eta gainera pentsetan neban sekula ez nebala barriro gogorik izango biok amestutako proiektuak aurrera atarateko. Dana dala, apurka-apurka ilusinoa berreskuratzen nago eta leitekeana da, hemetik denporatxu batera, lehen anaiagaz amestutako igoeraren bat egitea.

Koldo Isusi Zuazo