Barriketan  IV. urtea // 130. zenbakia

Nikolas Segurola: ‘Euskal Herriko artzaintzea ezin da gehiegi kexau’

Nikolas Segurolak bizitza osoa eskaini deutso artzaintzeari. Urteen joan-etorriaz jarduera horretan izandako gora-behera guztiak hurretik ikusi eta etorkizuneko artzainak hezitzen ditu Arantzazuko Artzain Eskolan. Artzain Munduak antolatu eta oraintsu Arantzazun egindako Munduko Artzainen III. Topaketearen harian, honakoak kontau deuskuz:

Zelan joan da topaketea?

Nik oso ondo joan dala uste dot. Badakit baegoala bildurra atzera egingo ete genduan aurreko kongresutik baina aurten hirukoiztu egin da parte-hartzea eta giroa ezin hobea izan da.

Zergaitik etorri da, zure ustez, lagun gehiago?

Jentea ari da ikusten mesedegarria dala, gero eta egarri gehiago dago gure gaiez arduratzeko eta gauzak ondo egiteko, izan be, geure kulturearen zati bat da.

Euskal Herriko artzainentzat zer dakar Artzain Munduak antolatu dauen ekimen horrek?

Oso positiboa da gauza honeek egitea. Bai kongresu hau, bai feriak, daukaguna azaltzeko gure esku dagozan baliabide guztiak aprobetxetea oso pozgarria da gure artzaintzea aurrera atarateko. Ez dogu dirua irabazten bertan, izan be, kostua dauka horrek, baina izango dau geroago bere emoitzea.

Artzainek topaketan egindako berbaldietan natureari egindako gehiegizko babesak euren lanbideari kalte egiten deutsola adierazo eben. Zein da zure eretxia?

Artzainak berez ezkorrak gara; gure kritika gehiena atzerakoia izaten da. Baina, ados nago eurekaz ze herri inguru askotatik bota egin gaitue. Neurri batean ulertzen dot, jenteak bizi behar dauelako, artzainok be industria behar dogu, esaterako, baina hori konpensetako horren ordezkoa beharko geunke errekonpensa moduan. Behin baino gehiagotan adierazo deutset politikariei ez dodala ulertzen zergaitik ez diran abandonauta dagozan baserriak preparetan eta artzain gazteei emoten, ordezko lez. Badira gazteak hori hartuko leukienak.

Zergaitik ez dozue babesik?

Zoritxarrez, artzain gehienek esaten dabenez, ez da babesten dirurik emoten ez dauen ezer. Baina artzaintzea pagau behar dan lez pagauko balitz, eta Europatik datozen babesak hain txikiak ez balira, egoerea guztiz desbardina izango litzateke eta Administrazinoak gehiago arduratuko litzatekez gugaz. Ardia ez da bakarrik gaztaia lortzeko, gure mendietako lorezainik onena da, eta horretaz konturatuko balira artzaintzea salbauko leukie.

Artzainak arduratuta dagoz eta ondorengotzarik ezagaitik artzaintzea azkenetan dagoala adierazo dabe. Ados zagoz baieztapen horregaz?

Askotan entzun doguna da, baina nik ez dot Euskal Herrian horrenbeste ardi inoiz ezagutu. Ganera, artzain profesionalen kopuruak gora egin dauela pentsetan dot. Hortik jo beharko dau artzaintzeak jarraitzekotan, profesionaltasun horretatik. Kongresuan entzundakoaren arabera, artzaintzea galduko dan bildurra badago egon. Halan da be, badirudi Espainiar estaduko herriek arrazoia dabela guk baino bildur gehiago izateko, izan be, guk bideratu dogu daborduko artzaintzea. Herri horretan, mobimentuak sortzen ari diran arren, badakie gu baino 20 urte atzerago doazela. Dana dala, amesa hor dago.

Artzainek euren jarduereak etorkizuna izan dagian indarrak batuz alkarteak sortzeko beharra nabarmendu eben. Munduko Artzainen III. Topaketea izan daiteke anaitasun horren abiapuntu?

Bai, abiapuntua izan daiteke, eta izan behar dau. Era horretako ekimenek bultzada handia emoten deutse artzain munduari. Beharrezkoa da gure erreibindikazinoak egiteko danak alkartzea, eta egarri hori nabaria zan kongresuan. Baina eskaerak ez doaz aberastasunak lortzeko nahiaren aldetik, izan be, konforme gagoz gure pobretasunean, natureagaz lan eginaz eta bizimodu gogor hori eroangarriago egin gura dogu, besterik ez. Ez dugu gehiegi eskatzen, bizitzeko beste bakarrik. Eta gizarte osoarentzat onuragarria dala kontuan hartuz, alkarlana da zentzuzkoena.


Zeintzuk dira Munduko Artzainen III. Topaketatik atara dozuzan ondorioak?

Lehen ondorioa, Euskal Herriko artzaintzea ezin dala gehiegi kexau. Beste herrialdeetako artzainei entzunda euren egoerea larriagoa dala esan daiteke. Horrenbestez, azken urteetan beste herrietan egin ez daben lana gurean egin dogula bistan da. Bigarrena, artzaina bokazinoz dala artzain, eta ez aberasteko. Dirua gura dau ardiak zaintzeko, eta, ez alderantziz, jendeak pentsetan dauen moduan. Hirugarrena, aurrera egiteko sentiduten dan gogoa. Gehienak pesimistak ziran, baina ez dabe atzera egiten eta euren lanbidea zelan edo halan salbau gura dabe. Laugarrena, espainiarren etsipena; euren nahia eta ezina. Bosgarrena, laguntzinoaren ezinbesteko beharra; Seigarrena, alkartzeko nahia eta beharra. Zazpigarrena, Kongresuan parte hartu eben politikarien babesak sortutako zirrarea eta biztu euskun itxaropena. Eta azkenik, atzerritik etorritako artzainek adierazi eben esker ona egindako harrera beroagaitik eta lau egunetan izan genduan giro ona eta goxoa.

Artzain Mundua