El metodo
Marcelo Piñeyro zuzendariak zine onaren erakustaldia opetsi deusku ostera be. Ondo be ondo landutako testu baten ganean egin dan proposamen ausarta da; ez daukat jatorrizko antzezlanaren barririk, baina pantaila handira eroandako istorio hau indartsu eta sendoa da eta, giza arimearen nahiz gogoeten sakontasunaren distantzia laburrak arakatuagaitik be, argi dago bidaia luzea eta gatxa egin dauena.
Alkarregaz zerikusirik ez daukien zazpi persona alkarren kontrako lehia estuan sartuko dira, bakotxaren zaurietan azterka eginez, ahultasunaren odol arrastoak topatuz eta urduritasun eta artegatasunaren izerdia usainduz. Beharbada, proposamen dramatikoa muturreragino eroan da, akaso hainbat unekadatan sinisgarritasunaren mugak gainditu dira, baina atzean gorpuz betetako eremua itxiko dauen garaipen garratz honetara ailegetako ebagi beharreko bidezidor krudel eta zitala benetakoa dala emoten dau.
Antzezleen zerrendea zoragarria da eta guztien jarduna izenaren parekoa. Eduardo Noriega, Najwa Nimri, Eduard Fernández, Pablo Echarri, Ernesto Alterio, Carmelo Gómez, Adriana Ozores eta Natalia Verbeke beharginik onena topetako aukeraketa bateko partaideak izango dira. Joko zelai honetan hausnarketa interesgarria egingo da lan munduko bortizkeria, lehiakortasun eta ankerkeriaren inguruan eta giza hartu-emonen benetakotasunaren ganean.
Film hau muturreko egoera batean irabazle urten behar daben personen kontzertu harmoniatsu eta orekatua da, gaur egungo gai bati oratu arren, betiko zine klasiko on eta gozoaren ezaugarriak daukazana.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Marcelo Piñeyro.
- Herrialdeak: Espainia, Argentina eta Italia.
.- Iraupena: 120 minutu.
- Antzezleak: Eduardo Noriega (Carlos), Najwa Nimri (Nieves), Eduard Fernández (Fernando), Pablo Echarri (Ricardo), Ernesto Alterio (Enrique), Carmelo Gómez (Julio), Adriana Ozores (Ana), Natalia Verbeke (Montse).
- Gidoia: Mateo Gil eta Marcelo Piñeyro; Jordi Galcerán Ferrer-en lan batean oinarrituta.
- Argazkia: Alfredo Mayo.
- Muntaia: Iván Aledo.