Zinea  IV. urtea // 130. zenbakia

Ausentes


Julia (Ariadna Gil) eta Samuel (Jordi Mollà) uriaren kanpoaldeko luxuzko urbanizazino batera lekualdatu dira semeakaz batera. Toki zoragarria emoten dau, baina handik gitxira ikusi ahal izango dabe urbanizazino idiliko horren barruan zer edo zer gehiago ostentzen dala. Juliak lehenengo egunetik pentsetan dau leku horretan gauza harrigarri eta bildurgarriak jazoten dirala.

Horixe da bildurrezko film honen abiapuntua. Ideia ez da oso originala, baina printzipioz ez da txarra. Dana dala, pelikuleak ez dau ikusminik sortu eragiten, ez dauka erakargarritasunik... Ikus-entzuleak, gogaituta, amarauna noz askatuko zain dagoz. Argi dago erantzuna ez dana jakinena izango. Edozelan be, filmak bide errezari helduko deutso.

Calparsorok protagonistearen ikuspuntutik kontauriko istorio batean sakondu gura izan dau; joko hori nahiko arriskutsua da ondo erabili ezean; ikus-entzuleak itsuak badira, edozein gauza kontau dakikee. 'Ausentes' filma ona izan eitekean, tensino egoerak ondo landuta egon izan balira, aurreikusteko modukoak eta errepikakorrak izan ez balira...

Antzezleen lan bikaina lozorrotik ataraten zaituen bakarra da. Baina hainbatetan Ariadna Gil-en edo Jordi Mollà-ren magnetismoan pentsetako aukerea izatea ez da oso seinale ona. Sustoak be lar arinak dira, lar apalak. Film honetarako erabilitako musikeak lagundu eta gomutau eragiten deutsu thriller bat ikusten zabilzala, baina beste guztia monotonoegia da, behartuegia. Izenburua ezin egokiagoa da ikus-entzuleen sentipenak adierazoteko.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Daniel Calparsoro.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 91 minutu.
- Antzezleak: Ariadna Gil (Julia), Jordi Mollà (Samuel), Nacho Pérez (Félix), Omar Muñoz (Luis), Mar Sodupe (María), Alex Brendemühl (beharginen burua).
Gidoia: Daniel Calparsoro, Ray Loriga eta Elio Quiroga.
- Argazkia: Josep M. Civit.
- Muntaia: Iván Aledo