Eretxia  IV. urtea // 130. zenbakia

Catalunyako Estatut: bigarren pausua zelakoa izango ete da?


IƱaki Atxutegi

Pronostiko guztien kontra Estatut barriaren egitasmoa onartu dabe Catalunyako Parlamentean. Azken ordura arte egon izan dira negoziazinoetan Generalitatean dagozan hiru alderdiak eta urte luzetan agintzen egon izan dan CiU. Azkenean, akordioa lortu dabe.

Pozik dagoz Catalunyan eta ez horrenbeste Madrilen. Alderdi Popularraren inguruko komunikabideek ahobatez kritiketan dabe egitasmoa, euren ustez Espainia apurtu egiten dauelako. Alderdi Sozialistako batzuek be ez dabe begi onez ikusten Diputaduen Kongresura joango dan Estatut barria zenbait puntu Konstituzinoaren kontrakoak izan leitekezalako.

Artega dagoz Madrileko sozialistak. Kanpainean zehar Zapaterok argi eta garbi esan eban onartu egingo ebala Catalunyako Parlamentean onartutako egitasmoa. Jakina, ez eban espero orduan Zapaterok Gobernua irabaztea eta bere garaian egindako promesak oposizinoa egiteko moduko promesak ziran. Kontuak kontu, oposizinoan egon barik, gobernuan dagoz sozialistak eta auskalo Catalunyan onartutako Estatutua joan dan astean onartu bezela Madrilen onartuko daben.

Badagoz, nire eretxiz, puntu bi eztabaidagai nagusiak izango diranak: alde batetik nazinoaren aldarrikapena. Egitasmoan aldarrikatzen da Catalunya nazinoa dala. Honek aurrez aurre joten dau Espainiako Konstituzinogaz. Bertan esaten danaren arabera, Estaduko nazino bakarra Espainiakoa da. Baten batek pentsauko dau Catalunyan onartzen dabena ez dabela onartzen Euskadin, baina hori beste baterako lagako dogu.

Beste alde batetik, azken momentura arte eztabaidatzen egon dira finantziazino sistemea. Erreibindikazino historikoa izan da hau Catalunyan. Beti esan dabe Catalunyak Espainia finantzietan dauela. Hain zuzen be, askoz gehiago emoten dabela jasoten dabena baino. Egoera honegaz akabau gura izan dabe Catalunyan. Baina, zelan uko egingo dautso Estaduak orain arte horren goxoa zan diru iturriari? Horri gehitzen badeutsagu Europako diruak epe laburrean gitxitu edo desagertu egingo dirala, ondorioa argia da: epe laburrean arazo serioa izango dabe Estauko kontu publikoek diru iturri bi honeek moteldu edo agortu egin ezkero.

Ez da erraza izango, beraz, Catalunyako Estatut barri honen ibilbidea Diputaduen Kongresuan. Ez dago jakiterik Zapaterok emondako berbeari eutsiko ete deutson ala jan egingo dauen. Eutsi ezkero, ze arrazoi dago Euskadi be nazinoa dala onartzeko? Eta holan bada, zergaitik bota zan atzera Eusko Legebiltzarrak bere garaian onartutako egitasmoa?