Bertsotan  IV. urtea // 130. zenbakia

Gure umea bertso-eskolara?


IƱaki Aurrekoetxea

Ikasturtea abiatu da
seme-alabak jo ta ke
ta gurasoei aisialdia
lotzea be otu jake:
bihar inglesa, etzi piano
eguaztenean karate...
Ta zergaitik ez bertso-eskolara?
ez deutso egingo kalte
are gehiago, arlo askotan
onerako izan leike.

Ikasturte hasikerea gure seme-alaben aisialdia antolatzeko garaia da. Igaz futbolean ez ebala nahikoa disfrutau, musika tresnaren bat joten ikasi beharko leukela, ingelesa hoba hizkuntza eskolan egingo baleu... Kontua da arratsaldean be ahalik eta okupazino handiena eukitea, etxean ez dagian matrakarik emon. Trankil, ez hasarratu, seguru zuotako askok ez dozuela horregaitik egiten, eta zuon helburua etxekoei heziketa aberatsena emotea dala.

Seme-alaben gogoa be erabagigarria izan beharko litzateke. Derrigorrezko hezkuntza orduak bete ostean, zer gitxiago arratsaldeko betebeharrei gozamen puntu bat topetea baino. Zer probau gura dauen, haxe egitera bultzatu beharko geunke. Baina pasetan da ezer probetako gogorik ez eukitea, nagiak jota telebistaren aurreko aparkaleku finkoari eustea, edo besterik barik, ezagutzen dauen eskaintzak beragan interesik ez sortzea. Orduan bai, gurasoen bultzadatxua ondo dator, motibazino edo ziurtasun falteari erantzuna emon behar jako, informazinoa eskura imini, hezkuntza osogarriaren balioaz ohartarazo... Eskola orduz kanpoko ekintzak antolatzea ez da bromea gero, eta gehiago esango neuke, hezkuntza ez-arautua gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari da gaurko gizartean.

Aukeren artean seme-alabak bertso-eskolara bialtzea dago. Herri guztietan ez da eskolarik izango, ala edade horretako talderik ez da sortuko; mobimentu anitza eta autonomoa da bertso-eskolena, eta lekuan lekuko berezitasunak dira nagusi. Baina gauza bat argi dago: hara doazen gaztetxuak ez dira damutuko, bertsotan ikastera joan eta motxila bete balore ekarri dabelako bueltan. Bertsozaletasun apur bat izatea komeni da bertso-eskolan izena emoteko. Hortik aurrera, gaztetxuaren motibazinoa askotarikoa izan leiteke: lagun artean ondo pasetea, kantetea gustetan jakola, euskereagaz jolastea atsegin dauela, sormena landu gura dauela, lotsea galdu...eta zergaitik ez, bertsolari izan gura dauela. Bertso-eskolan zer topauko dauen be garrantzitsua da, eta badira arrazoiak edozein gurasori bertso-eskolearen aukerea aztertu arazoteko modukoak. Halandaze, guraso horren seme-alabak:

- Euskal Herriko ahozko tradizino adierazgarriena ezagutuko dau: bertsolaritzea, sormena, doinua, neurria eta errimea buztartzen dauzen bat-bateko adierazpidea.

- Gaitasun ugari lantzeko modua izango dau: ahozkotasuna, komunikazinoa, sormena, musikea, adierazkortasuna, jentaurrekotasuna, hizkuntza gaitasuna...

- Berbakaz jolastu eta hizkuntzeagaz gozetako txokoa izango dau bertso-eskolan, taldean kantau, taldean disfrutau, taldean ikasi eta taldean sortzeko.

- Bertso-eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatutako ekintza osogarrietan parte hartuko dau: barnetegiak, topaketak, bertso-udalekuak... Bertsolari ezagunak ezagutuko dauz, eta baita euskal herrietako bertso-eskoletan ari diran gazteak be.

Hezkuntza arautuan be bertsolaritzearen ekarpenez ohartuta dagoz aspaldion. Euskerearen erabileraz arduratuta gagozan garaiotan, eta kultur erreferentzien globalizazinoak gureak iruntsiko ete dauzen ez dakigula, bertsolaritzearen eta bertsogintzearen esparruak marko ezin jatorragoa eskaintzen deusku, euskerearen alderdi ludikoa ezagutu, kultur tradizino bizi baten parte sentiduazo eta garapen personal eta sozialerako lagungarri diran bestelako gaitasunak garatzeko. Bertso-eskolek eskaintza hori ezagutuazoten asmau behar dabe. Ez gagoz ohituta, baina izena emoteko kanpainak antolatzea pentsau beharko dogu. Eskola arautuz kanpoko eskaintzea oso zabala da, baina gure indar-guneei etekina atara behar deutsegu. Zuok, guraso estimagarriok, ez galdu aukerea, eta animau egizu zure etxeko kuttuna herriko bertso-eskolara. Ez zarie damutuko.