Bertsotan  IV. urtea // 130. zenbakia

Txapelketa Nagusiaren Bizkaiko aurkezpena


Bizkaian egingo diran saioak

Kanporaketea:

- Urriak 16, domekea, Zornotzako Zelaieta zentroan, arratsaldeko 17:00etan (Xabier Paia, Iratxe Ibarra, Jon Martin, Oihane Enbeita eta Miren Artetxe).

Finalaurrekoa:

- Zemendiak 12, zapatua, Markina-Xemeingo Udal pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan (Jon Maia, Igor Elortza + E taldeko irabazlea + D taldeko irabazlea + 2. puntuazinoz + 7. puntuazinoz.

Finala:

- Abenduaren 18an, domekan, BECeko Bizkaia Arena aretoan, goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 16:30etan (Andoni EgaƱa, Maialen Lujanbio + finalaurrekoetatik sailkatuko diran sei bertsolari).

Bizkaie!

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen-ekitaldi ofiziala Bilbao Exhibition Centre erraldoiean egin ostean, Bizkaiko Foru Aldundian aurkezpentxua egin eben pasa dan astean, Bizkaiak Txapelketa Nagusian izango dauen ekarpena azpimarratzeko helburuagaz. Aurten, berezitasun nabarmena dago: lehenengoz, Bizkaian izango da Txapelketa Nagusia. Behin eta barriro aitatu dan kontua da eta, akaso, bertsolariei eurei protagonismo apur bat kendu deutse.

Aurkezpenean Belen Greaves Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua, Gorka Martinez BBK Fundazinoko ordezkaria, Karmelo Uriarte Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Andoni Otamendi txapelketako koordinatzailea eta Bizkaiko bertsolari parte hartzaileak, Iratxe Ibarra, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Etxahun Lekue, Xabier Paia, Arkaitz Estiballes eta Igor Muniategi eta Onintza Enbeita izan ziran.

Aurten txapela Bizkaian geratzea da aitatutakoen eta zaletu askoren helburu nagusia, Xabier Amuriza eta Jon Lopategiren bidea jarraitzeko asmoz. Aukerak egon, badagoz, parte hartuko daben 38 bertsolarietatik 10 bizkaitarrak diralako, aurkezpenean egon ziranak gehi Fredi Paia eta Oihane Enbeita.

Karmelo Uriarteren esanetan, Txapelketea Bizkaian izatea erronka berezi da baina daborduko argi dago bertoko zaletasun-mailea altua dala, Euskalduna Jauregia jentez ganezka ikustea besterik ez da behar horretaz konturatzeko. Aukerarik galdu barik, Uriartek bizkaitarrei bertso-saioetara joateko gonbita egin deutse eta, zelan ez, abenduaren 18an Barakaldora hurreratzeko be.