Musikea  IV. urtea // 130. zenbakia

Debajazz, talde barrien lehiaketeagaz hasiko da


DEBAJAZZ, talde barrien lehiaketea:

Elgetako Espaloia Kafe Antzokia // Finalisten kontzertuak

- Urriak 8, zapatua, 22:30etan: EL EJE QUINTET (Musikene-Donostia) Carlos Bernal gitarra, Jose Gallardo saxo altoa, Ivan San Miguel kontrabaxua, Alejandro-Satxa Soriazu pìanoa, Francisco Gazol bateria + HIGH GROOVING (Berklee-Boston) Gabriel Riesco gitarra, Dennis Frehse bateria, Alex Gordeev saxoa, Demian Gabaud kontrabaxua, Leo Genovese pianoa.

- Urriak 9, domekea, 20:00etan: ZAFARI PROJECT (Madrid) Marta Sanchez pianoa, Julio Botti saxoa, Francisco Lopez kontrabaxua, Borja Barrueta bateria + KARION (BCN) Marc Cuevas kontrabaxua, Sergi Sirvent pìanoa, Ramon Prats bateria.


Bizkaie!

Debajazz jaialdiak bigarren urtea beteko dau urrian, baina barritasun bategaz hasiko da, Talde Berrien I. Lehiaketeagaz. Izena emoteko epea amaituta, 15 talde apuntau dira. Maila onekoak eta formazino bariatuak dira parte hartu dabenak, Euskal Herritik eta kanpotik, jazz eskoletakoak eta klubetan ibilten diranak, kantu propioak zein besteenak joten.

Kontuak kontu, urriaren 8an eta 9an ikusiko doguz zuzenean lau finalistak Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Irabazleak, diru saria eskuratzeaz ganera, diskoa kaleratzeko aukerea izango dau. Era horretara emongo jako hasierea aurtengo Debajazz jaialdiari.

Errabal Kultur Elkarteak, 2004ko udagoienean, errealidade bihurtu eban Debajazz egitasmoa, jazzaldi xume bat 'etxean' izatea eta Deba Ibarreko herrietara kalidadezko jazz emonaldiak ekarteko helburuagaz. Euskal Herriko zein beste leku batzuetako jazz proiektu interesgarriak ezagutarazotea asmo ederra da arreta berezia eskainiz hurreko musikariei, izan be, lehenengo edizinoan Iñaki Salvador eta Victor de Diego lako musikari ezagunek jardun eben.

Jaialdiaren izaera ibiltariari esker (egunetik egunera herri desbardin batek egiten deutso leku kontzertuari) musika molde hau ezagutarazotea errazagoa da.

Lehiaketeagaz hasiko dan aurtengo egitaraua zemendiaren 4ra arte luzatuko da Mutriku, Deba, Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Elgeta herrietan eta bertatik Carme Canela, Mikel Andueza, Miren Aranburu, Santi Ibarretxe edo Bill Evans moduko musikariak arituko dira