Sorkun: ‘Duna’
Bizkaie!
Bakarkako bigarren lana aurkeztu barri dau Sorkunek Bilboko Kafe Antzokian pasa dan astean. ‘Duna’ izenburupean, rock estilotik elektronikarako biderantz jo dau kantariak ezustean sortutako diskoan. ‘Ez neukan diskorik atarateko amesik baina orain urtebete inguru, surf-film bat zuzenean musiketako proposamena egin eustien eta gustau egin jatan kontua. Proiektuak ez eban aurrera egin baina nire buruan hainbat ideia geratu ziran eta horreen emoitzea da disko hau’. Fermin Muguruzaren Kontrabandeagaz batera eta bestera ibili ostean, diskoan buru-belarri sartu zan Sorkun.
Azkarateko Katarain estudioetan grabau dabe ‘Duna’ bagilean, garagarrilean eta abuztuan. Metak disketxearen eskutik jatorku hamar kantaz osotutako lana, tartean singlea: ‘Heldu nazazu’. Letrak Sorkunek berak eta Aritz Lazkanok idatzi dabez eta, kantariaren esanetan, ‘nahiko tristeak dira, amodioa, desamodioa, bakardadea... eta holako gaiak jorratzen dodaz’.
Kontzertuak
Hasita dago daborduko Sorkun diskoaren aurkezpen-kontzertuakaz. Bilboko Kafe Antzokian, Elorrioko Ateneoan eta Kilometroak 2005 jaialdian (kontzertu bi eskaini ditu, bata Aretxabaletan eta bestea Oñatin) izan da eta aurrerantzean, Gasteizeko El Campillon (urriak 8), Hendaiako Kanttu ostatuan (urriak 14), Durangoko Landako Azokan (urriak 15), Urnietako Sarobe Aretoan (urriak 22) eta Beasaineko Gaztetxean (zemendiak 5) izango da. Aukera parebakoa ‘Duna’ lan barriko kantez gozetako.