Musikea  IV. urtea // 130. zenbakia

‘Señor Si’, Señor No taldearen disko barria


Gotzon Uribe

Gaztelupeko Hotsak zigiluak hartu dau Señor No Donostiako punk-rock taldearen disko barria atarateko ardurea. Señor No Buenavistako lokaletan (Donostiako punk-rockaren harrobia) sortu zan 1993ko udaberrian La Perrera talde enblematikoa desegin zanean, Xabi (gitarra eta ahotsa) eta Mikelen (baxua) eskutik.

Askotarikoak dira taldeak bere egin dituan eraginak. Garrantzitsuenak, akaso, 70. hamarkadako rock gogorrenean (Stooges, MC5, Motorhead ...) eta 77ko punkean (Damned, Dead Boys, Ramones, Saints ...) dabe oinarria.

Europako eszenatoki ugari zapaldu eta rockanroll indartsuz betetako hainbat single eta LP argitaratu ondoren, 2005eko maiatzean, Bukowskin, Donostiako areto mitikoan zuzenean grabautako ‘Señor Sí’ izeneko disko akustikoa kaleratu dabe. Zuzenean 14 kantu abestu ebezan baina diskoan 10 baino ez dabez sartu. Bai, disko akustikoagaz datoz oraingoan, eta taldean aldaketa batzuekaz.

Hainbat urte Euskal Herriko rock’n’roll eszenan emon ditu taldeak, eta gaur egun hor dirau. Lan barria hamar abestik osotzen dabe eta nabarmendu behar da 2004ko maiatzean egin ebela grabazinoa. Taberneari ohore eginez diskoa zabaltzen dauen lehen kantua ‘Bukowski’ izenekoa da eta zarratzen dauena, barriz, 'Chinaski', omenaldi berezia, blues ukutuko kantuak.

Disko akustikoa da baina ez horregatik indarrik bakoa, eta taldearen beste alderdi bat erakusten dau, lirikoagoa, zuzena eta dotorea, baina betiko indarra eta gordintasuna galdu barik.

Esan behar da diskoan euren ibilbideko hainbat kantu berrikusten dabezala, moldaketa eta jarrera desbardin bategaz. Euren kantuekaz batera bersino bat be sartu dabe diskoan, John Mayallen 'Crawling up a hill' abestiarena hain zuzen.

Señor No hasi da daborduko kontzertuak emoten eta urrian Alemanian, izango dira herri eta areto desbardinetan joten. Urriaren 6an hasita, Hamburg, Berlin, Potsdam, Dresden, Wien, Konstanz, Nürnberg, Weimar eta Düsseldorfen emongo dabez kontzertuak.

Handik bueltan hilabetea biribiltzeko Tolosan eta Gasteizen be zuzenean izango dira. Ezustekorik ezean, urriaren 10etik aurrera egongo da salgai diskoa.