Kulturea  IV. urtea // 130. zenbakia

Hiru bilbotarrek euren artea batu dabe BAD-en VII. edizinoaren kartelean


BAD 2005eko kartela

- Argazkia: Vicente Paredes.
- Aktorea: Iñaki Ziarrusta.
- Jantziak: Azegiñe Urigoitia.

Bizkaie!

BAD jaialdia Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia da eta Bizkaiko uriburuan egingo da urriaren 21etik 30era, Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak antolatuta. Beraz, arte eszenikorik barrienek beste hitzordu bat daukie Bilbon.

Aurtengo kartelaren ardurea hiru bilbotarrena izan da: Vicente Paredes argazkilaria, Iñaki Ziarrusta aktorea eta Azegiñe Urigoitia jantzien arduraduna; hirurek euren sormena batu dabe BAD-en zazpigarren edizinoaren irudia ikur bihurtzeko.

BAD-en VII. edizinoaren irudia sano deigarria da; bertan, egitarauaren ardatz diran antzerkia eta dantza beti agertzen dira kartel eta liburuxken estetikan. Bilbo, Antzerkia eta Dantza dira edizino guztietan batzen diran atalak. Argazki-saioa uriaren eta arteen benetako ikurra dan Arriaga antzokian egin da. Argazkietan amaitu barik dagoan antzerki-eszena bat agertzen da eta, horren bidez, ikuslearengan Jaialdira etortzeko gogoa biztu eta deskubriduteko dagozan askoz be irudi gehiago dagoala adierazo gura izan da.

Irudi ausartak BAD-en ezaugarria dira. Abangoardiako jaialdi batek abangoardiako estetikea behar dau, ausarta eta apurtzailea, eta teknikearen azken aurrerapenak eta ukutu digitalak erabili behar ditu, dana kolorez betez. Hori dala eta, BAD-en karteletan beti ikusten doguz ezagutu daitekezan gauzak eta personak, baina, neurri batean, euren itxurea galdu dabenak.

Jaialdiko karteletan estatuak, manikiak, zubiak, antzokiak eta abar agertu dira. Eta eurenak ez ziran kolorez tintau dira, mutatu edo aldatu egin dira, 'BAD estetikea' lortu arte.

Igaz, atzean paisaje industriala agiri zala, gizon bat garrasika ari jakon maniki baten buruari. Biak egozan gorriz tintauta, Hamlet ezustean Bilbon agertu eta XXI. mendeko jantziakaz jantzi izan balitz lez. Jaialdiaren mamina da. Aurreko hitzorduetan, dantzea izan zen protagonistea eta bikote bat agertzen zan dantzan. Euren atzean Euskalduna zubia ikusten zan, itxuraldatuta. Beste batzuetan, burlea izan da kartelaren ezaugarria. Gauzak holan dirala, antzerki-eszeneari emondako beste buelta bat izan da gauzarik eraginkorrena, guztiaz barre egiteko. Emoten dau irudiak 'BAD txarra da' dinoala. Eta txarra da lotsabakoa, konformagatxa dalako, ikusleei emoteko zeozer gehiago bilatzen dauelako. Beraz, BAD ona da. Jaialdi ona da, eta ikusleentzako giro desbardina sortzea lortzen dau. Ikusleak konbentzidu egiten ditu, kartel baten eta lehenengo argazkiaren bitartez; konbentzidu egiten ditu jaialdia konprometiduta dagoala sormen garaikideagaz, bai bertokoagaz, bai estadukoagaz zein nazinoartekoagaz.

Zazpi urteko ibilbidean, BAD urteroko hitzordu lez finkatu da, konbentzionala ez dan eszeneagaz jarritako hitzordu lez, hain zuzen be. Ganeran, BAD jaialdia erreferentzia bihurtu da Estadu osoan eta arte eszeniko barrienak eta barritzaileenak erakusteko balio dau.