Kulturea  IV. urtea // 129. zenbakia

Bilboko Udalak Poesiaren III. Haur Lehiaketarako deia zabaldu dau


Bizkaie!

Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak hirugarren urtez antolatu dau Poesiaren III. Haur Lehiaketea eta dei egin deutse Bilboko irakaskuntza zentroei Poesiaren VI. Astean parte hartu dagien. Lehiaketearen helburua poesiarenganako interesa sustatzea eta publiko barriak irakurketearen bidez hezitzea da.

Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztietako 8 eta 16 urte bitarteko ikasleek parte hartu leikie. Gaia librea da, eta luzereari jagokonez, gehienez 20 bertso eta gitxienez 5 egin behar dira. Lanak euskeraz eta gaztelaniaz aurkeztu daitekez.

Poemak orijinalak eta argitaratu bakoak eta beste inon saritu bakoak izan beharko dira. Ume bakotxak bi poema aurkeztu ahal izango ditu. Lanak mekanografiauta edo mekanografitu barik aurkeztu daitekez. Era berean, egileek, poemeagaz batera irudiren bat egin ahal izango dabe.

Ikastetxe bakotxak bere ikasleek egindako lan guztiak batera bialduko ditu (gutunazal bakarrean) Bidebarrietako Liburutegira eta parte-hartzaileek ondoko datua idatzi beharko dabez poema idatzi daben orrian: izen-abizenak, edadea, helbidea, telefonoa, modalidadea eta ikastetxearen izena.

Banakako sei sari emongo dira, bat modalidade bakotxean. Banakako sariez ganera, beste bi sari egongo dira ikastetxeentzat. Sari horreek emoteko, parte-hartzea eta aurkeztutako lanen kalidadea hartuko dira kontuan. Ganera, epaimahaiak ohorezko aitamenak emon ahal izango deutse saritu bako poemei.

Saritutako lanak eta ohorezko aitamenak jasoten dabezanak Bidebarrieta Newsletter informazino-buletinean, Bilboko Udalaren beste argitalpen batzuetan eta Udalaren web-orrian argitaratu ahal izango dira.

Lanak emoteko epea urriaren 11n amaituko da eta epaimahairen erabagia urriaren 22an jakinarazoko da. Saritutakoek euren poemak errezitauko dabez egun horretan bertan, Poesiaren VI. Astearen barruan egingo dan ekitaldian.