Virginia Berasategi: 'egunean 7 bat ordu emoten dodaz entrenamentuetan'
Triatloiaren munduan, aurkezpen larregi behar ez dauen kirolaria da bilbotarra. Distantzia luzean munduko txapelduna da eta Lanzaroteko Ironman lasterketea bigarrenez irabazi ostean, Hawaiko Ironmanean be bigarrenez parte hartu (igaz, lesionauta erretirau zan txirrindularitzako atalean bigarren joianean) eta aurten, urriaren 15ean, ahal dala, irabaztea izango da erronkea. Urriaren 8an hartuko dau Hawaiirako hegazkina.
Horrezaz ganera, maiatzaren 21ean, Lanzaroteko Ironmanean EPO substantziagaz positibo emon ebala zabaldu zanetik Berasategik beti esan dau berak sekula ez dauela EPOrik, ezta antzekorik be hartu. Oraintsu, barriz, WADA, Dopinaren Kontrako Munduko Agentziak EPO analisien inguruan erespide barriak ezarri ditu eta horretan oinarrituta Espainiako Dopinaren Kontrako Batzordeak kasua artxibetako eskatu deutso Triatloi Federazinoko Diziplina Batzordeari. Kaltea eginda dago baina positibo faltsuarena horretan geratu da.
2000. urtetik kirol olinpikoa dan triatloiaren ganean, igeriketea, txirrindularitzea eta korrikaldiak buztartzen dituan espezialidade honen berezitasunez eta enparauez berba egiteko Virginia Berasategik gustora hartu gaitu. Hona hemen preparau deutsagun galdeketea:
1.- Ustezko positiboa artxibetako eskatu deutso Espainiako Dopinaren Kontrako Batzordeak Federazinoari baina kontaiguzu egoerea zelakoa dan momentu honetan...
Zorionez, uste baino arinago argi geratu da nire errubakotasuna eta ganera, WADAren erabagiaren kontra ez dago errekurtsoa aurkezterik; pozarren nago ze bageunkan bildurra Gurpegiren kasua zelan luzatu dan ikusita. Holako kasuetan normala dan lez, kontranalisi, alegazinoetarako eta beste pausu batzuk emoteko astia egoten da eta ni ez naz egon zigortuta, lehiaketetan parte hartzen jarraitu dot. Kontua da ze, makinatxu bat irregulartasun egon dirala; Espainiako Triatloi Federazinoak ustezko positiboetan jarraitu beharreko pausu batzuei jaramonik egin barik, berehala zabaldu eban barria; ganera, Lanzaroten dopingaren kontra egindako 10 analisietatik sei ustezko positiboak ziran baina biren izenak baino ez ebezan zabaldu nirea eta Ivan Rodriguezena.
2.- Egindako kaltea konpondu guran, ze pausu emongo dozu orain?
Esan dozun lez, kaltea eginda dago eta pena da barria zabaltzeko izan eben prisarik ez erakustea orain barria guzurtatzeko edo besterik ez bada egoera barria ezagutarazoteko. Minduta nago, hasarre eta Espainiako Federazinoaren kontra egiteko bideak eta aukerak aztertzen nago nire abogaduagaz.
3.- EPO, eritropoyetinea globulo gorriak ugaltzen eta errendimentu muskularra % 30 hobetzen dauen hormonea da, zenbait kasutan gorputzak berak sortarazoten dauena. Kontuak kontu, EPO analisien inguruan ezarri dabezan erespide barriak kirolarien eta ikuskizunaren mesederako izango ete dira?
Nik beti esan dot dopingaren kontrako analisietan positibo emoten dauena zeozelan zigortu egin behar dala baina orain niri pasau jatan kontuagaz, holako prozesuetan gorabehera eta irregulartasun handiak dagozala konturatu naz eta zuhur jokatu behar dala kirolariari ahalik eta kalte txikiena eragiteko. Kirolariak eta euren ahalegina zigortzeko borondate eta asmo sendoa dagoan lez, ez dot ikusten hutsegite larriak egiten dabezan laborategi edo erakundeak zigortzeko bape asmorik eta, beraz, erespide barrien harian, nahikoa eszeptikoa da nire jarrerea, WADAk orain hiru urte baekialako EPO analisietan hutsegite larriak egozala eta ez dauelako gauza handirik egin.
4.- Kalean zabal dabilen komentarioa da eliteko kirolari guztiek hartzen dabela zeozer errendimentua hobetzeko edo nekeari aurre egiteko. Baieztapen horren aurrean zer esango zeunke?
Kalean, tabernan, lagunartean, ezelako oinarri barik kirolarien kontrako salaketa ugari entzuten dira eta jenteak ez daki zelako kaltea egiten daben.
Nekeari aurre egiteko burdina, bitaminak eta antzeko produktuak hartzea normala da eliteko kirolean eta zer esanik ez triatloiaren kasuan esfortzu fisiko handia egiten dogulako eta deskantsuagaz eta nutrizino plan bereziakaz ez dalako nahikoa. Hortik aurrera, penagarria da edozein kiroletan burua erakusten dauen kirolariaren lana hankaz gora botatea eta 'drogaren bat hartuko eban' esatea. Gaur egun, irabazten dauen kirolari baten aurrean, ‘ze ona dan’ esan beharrean, ‘zeozer hartuko eban’ esaten da kalean eta hori tristea eta bidebakoa da. Kirolariokaz pasetan da hori baina ganerako ogibideetan ez. Zientzialari batek penizilinea asmetan dauenean, inori be ez jako burutik pasetan drogaren bat hartzearen ondorioa izan danik. Holakoetan, berezko kontu bat dala edo lanaren frutua izan dala esaten da. Kirolarion kasuan be holan izan beharko litzateke, hau da, nabarmentzen garanean, berezko doea edo ezaugarriak daukaguzalako edo beharraren eta entrenamentuen ondorioa dala pentsetea.
5.- Triatloian, izenak berak erakusten dauenez, hiru kirol modalidade egiten dira (igeriketea, txirrindularitzea eta korrika). Noiz hasi zinan triatloiak egiten eta zergaitik?
Gazterik hasi nintzan kirola egiten, ia-ia jaiotzatik esango neuke. Etxean beti ikusi dodaz gurasoak kirola egiten, izan be, biak dira korrikolariak. Aita Bilboko Deportivoko ugeriketa irakaslea zan eta korrikolaria distantzia luzeetan (maratoia zein 100 kilometroko lasterketak) eta beragaz batera, txikitan, 7 bat urtegaz hasi nintzan uger egiten eta horretan ibili nintzan, 15 urtegaz triatloiagaz hasi nintzan arte. Edozelan be, tartean atletismoa be egin izan dot eskola sasoian.
Triatloiarena aitak deskubridu eban, inoiz bizikletan ibili bakoa izanda, 34 bat urtegaz bizikletea erosi, entrenametuak egin eta Nizako proban parte hartu eban. Esan leiteke aitak sartu ebala triatloia estaduan, euskal zirkuitoa, Kantabriakoa... Kontuak kontu, niri be triatloiaren garra biztu jatan eta 15 urtegaz hasi nintzan modu naturalean. Aita berehala konturatu zan, ugerrean eta korrika ondo nenbilela eta txirrindularitzearena lantzeko atala zala. Gazte mailan, nire lehenengo triatloian, bigarren sailkatu nintzan kategoria absolutoan eta berehala aukeratu ninduen Europako zein Munduko txapelketatan parte hartzeko. Hortik aurrera, geratu barik nabil.
6.- Hain gogorra dan kirol espezialidadean zer da garrantzitsuagoa alde fisikoa ala buruak be zeresan handia dauka?
Hasieran, ez egoan distantzia luzerik eta modalidade olinpikoa (1,5-40-10) baino ez zan lantzen eta ni ‘diesela’ izan arren, distantzia luzeetan gustorago ibili arren, nahikoa ondo moldatzen nintzan, larregi entrenau barik eta holan. Gaur egun, barriz, elite mailan burua erakutsi gura izan ezkero, lan handia egin behar da eta, horrezaz aparte, borondatea, gogoa eta ilusino handia behar dira. Portzentajeetan sartzea arriskutsua da baina esango neuke Ironmanetarako entrenamentuetan, berbarako, % 90 inguru fisikoa izan daitekela eta ganerakoa mentala. Lehian, barriz, alde sikologikoa % 95 ingurukoa izaten da eta fisikoa % 5 besterik ez; pentsaizu lehia kirolean gehienak ondo preparauta egoten garala eta holakoetan buruak agintzen dau.
7.- Modalidade olinpikoan (1,5 km. uger, 40 km. bizikletan eta 10 km. korrika) dira distantziak baina Ironmanean (3,8 km. uger, 180 bizikletan eta 42,195 km. korrika) dira. Superman eta superwomanentzaklo kirola da triatloia? Zelako entrenamentuak egiten dozuz?
Modalidade olinpikoan, arauak aldatu egin dira eta bizikletako saioan gurpilean joan zaitekez eta, beraz, ugerrean fin ibiltea eta korrika saiorako be ondo preparetea da giltza. Distantzia luzeetan, barriz, ez dago gurpilean joaterik eta mimo handiz preparau beharreko modalidadea da, izan be, diferentzia handienak bizikletan sortzen dira. Jakina, beste bi modalidadeak be ondo preparau behar dira.
Entrenamentuen harian, egunean goizez eta arratsaldez entrenetea normala da eta inoiz egunean hiru saio egiten dodaz. Hawaiiko Ironmanerako, berbarako, egunean 7 bat ordu emoten dodaz entrenamentuetan, uger 5.000 edo 6.000 metro, bizikletan 4 bat ordu eta arratsaldean, korrika ordubete edo ordubete eta erdi. Gure kasuan, ganera, bakarrik entrenetan dogu normalean eta hori be gogorra izaten da. Lehen esan deutsudan lez, borondate handia, gogoa, ilusinoa eta pazientzia behar dira aurrera egiteko ze gure plana nahikoa zehatza da, jarduera osokoa eta, jakina, entrenamentuei ez eze, deskantsuari eta jatorduei be aparteko garrantzia emoten deutsegu. Berbarako, egunean 8-9 ordu lo egitea nahitaezkoa da eta arratsaldean pare bat orduko biaoa.
8.- Igaz Hawaiko Ironmanean erretirau ostean, aurten zein da zure helburua?
Ezer baino lehen, urriaren 15eko Ironmana amaitzea. Triatloiaren munduan, Hawaiiko Ironmana amesa da eta igaz hain ondo ibili ostean, bizikletako saioan bigarren nindoala, lesino baten ondorioz erretirau ostean, aurten lehenengo hamarren artean be egon naitekela uste dot..., besterik ez deutsut esango ze neure buruari presino larregi sartzea izango litzateke...
9.- ADO bekarik edo bestelako laguntzinorik badozu?
Ez. Bekarik ez daukat. Espainiako Federazinoak modalidade olinpikoa baino ez dau aintzat hartzen eta distantzia luzeei ez deutse jaramonik egiten. Beraz, nire babesleen laguntzinoa baino ez daukat: Kuota, Dario Urzay eta Busines Location Rheinbach. Kontuak kontu, nire izenean parte hartzen dot proba guztietan eta ez inoren eta ezeren izenean. Biziteko beste badaukat eta badakit triatloian munduko txapelduna izan arren, 300 aldiz jaio beharko nintzatekela beste kirol espezialidade bateko munduko txapeldun batek irabaziko leukena irabazteko. Hori bai, nire babesleei, Iñigo Mujika entrenatzaileari eta Roberto mutil-lagunari eskerrak emon gura deutsedaz euren ekarpena be ezinbestekoa dalako nire abentura honetan.
10.- Zeintzuk dira zure erronkak datorren urterako?
Pausurik pausu ibiltea gustetan jat baina hemetik aurrera, Hawaiiko Ironmana urteroko helburua izango da niretzako eta urteko preparazinoa proba horri begira bideratuko dot. Munduko onenak batzen dira bertan eta erronka personal handia da norberaren indarrak neurtzea onenakaz.
Dana dala, Lanzaroteko Ironmana hirugarrenez jarraian irabaztea be gauza polita izan daiteke, oraingoz eta dauelako inork lortu eta proba horren gogortasunagaitik asko gustetan jatalako.
Ganera, AEBetan, Ironman zirkuitoko probaren batean parte hartzea be gustauko litxakit, batez be, han be burua erakusteko, bestela nor zaran be ez dakitelako.
Koldo Isusi Zuazo