Kulturea  II. urtea // 17. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 1a

Antton Irusta: 'gaur egun, dana eginda emoten deuskue.'

Ipuinak, ipuin kontalaritzea...


7. Gaur egun umeak hipnotizauta dagoz teknologia barriakaz baina kontaiguzu ipuinak zelan hartzen dituen.

Ondo hartzen ditue. Hori bai, gaur egun, abida handiko gizartean bizi gara eta umeak telebistari edo ordenagailuari begira dagoz, ikusentzunezkoen munduan bizi gara. Dana dala, ipuin bat ezelako euskarri barik kontetan dogunean, umeak garunean irudi propioa egiten dau; sikoanalistek esaten dabe gaur egun gizartean ariketa mental asko ez dala egiten, dana eginda emoten jakula eta abstrazinorik ez dogula egin behar; ipuinak kontetan doguzanean, barriz, alde hori jorratu behar dau umeak, mamuak eta bestelakoak dominetako beharra ikusten dau. Ipuinak oso onak dira konzentrazinoa lantzeko.

8. Herri kantuak, ipuinak eta pasadizuak altxor handia dira eta horreek galtzea pena handia izango litzateke. Irakaskuntzan zerenbesteko garrantzia emoten jake kontu horreei?

Ez jako askorik emoten. Halan da guztiz be, irakaskuntzan DBHn hizkuntza transmisinoaren auzian hutsune handiak dagozala ikusita, aukerako ikasgai bat dago: ipuinen tailerra hain zuzen be. Hamabi urtegaz lantzen dogu gai hau eta oso egokia da.

9. Dramatizazinoaren aldetik hutsune handia izango badogu be, kontaiguzu ipuin labur bat.

Luki lukitorena kontauko deutsuet. Arbola baten adarraren puntaren puntan baegoan sagar gorri eder bat eta erbiak ikusi bai baina hartu ezinik larri egoan. Orduantxe agertu zan urtxintxa eta bere laguntzinoa eskaini eutson. Gero sortu zan eztabaidea, izan be, sagarra bakarra zan eta jateko biak egozan prest. 'Sagarra neuk ikusi dot' erbiak eta 'sagarra ez da izaten ikusten dauenarena harrapetan dauenarena baino' urtxintxak. Hizka-mizkan ebiltzala, luki lukito agertu zan: 'zer pasetan da hemen?', 'sagarra nirea da' erbiak eta 'neuk hartu dot' urtxintxak. Lukitok esan eutsen: 'emoiztazue sagarra', sagarra hartu eta erdibana emon eutsen. Pozik geratu ziran biak, lehen arerio eta orain, ostera, lagun. Kontuak kontu, lukitok be zeozer merezidu ebala eta gura ebana eskatzeko esan eutsen urtxintxak eta erbiak. Lukitok sagar zati biak eskatu eta penaz baina emon egin eutsiezan. Sagar erdi biekaz algaraka geratu zan luki. Halako baten hara luki ikusi dot eta 'Antton zelan zabilz' esan deust; 'Koldo Isusigaz geratuta nago kontu batzuk esateko' erantzun deutset eta sagar gorriarena kontetako eta nire barri emoteko eta, bidebatez, Gabon-jaiak tarteko, Gabonaldi zoriontsua eta urte barri ona opatzeko agindua emon deust.

10. Urte barriari zer eskatzen deutsazu?

Esakerak dakarren moduan, 'osasuna, bakea eta lapiko betea'. Horrezaz ganera, gurasoek ipuin gehiago kontetea gurako neuke eta ipuinakaz disfrutetan ikasi daiela, era horretara, zoriontsuago biziko diralako bai eurak eta bai euren seme-alabak. Ipuinak kontetan zagozanean, umeen begiradea ikustea lakorik ez dago

Koldo Isusi Zuazo


Ipuin kontalaritzearen gaia jorratzea da oraingoan asmoa eta, horretarako, Antton Irusta prest azaldu da. Irakaslea da ogibidez Urretxindorra Ikastolan baina idazlea eta ipuin kontalaria be bai. Teknologia barrien sasoian, umeei ipuinak kontetea benetan gatxa izan daiteke eta sutondoan, aitita edo amoma ilobeari ipuina kontetan ikustea antxinako sasoietako irudia da. Edozelan be, ipuinak, kontu zaharrak gustora leidu eta entzuten ditue umeek.

1. 'Kanpotik datorrena hartu baina geurea ukatu edo baztertu barik' esan euskun Manu Etxebarriak oraintsu. Zein da Antton Irustaren eretxia?

Bat nator bete-betean, izan be, gaur egungo gazteak eta helduak be esango neuke ez dabela kanpokoa ezagututen eta etxekoa gitxiago. Horregaitik, ipuin kontalariaren funtzino sozialetako bat horixe da geure-geureak diran antxinako, tradizino zaharreko usadio, ohitura, kontu eta ipuinak jaso eta gaur egungo kaleko gizartera ekartea eta kanpoko kontuakaz buztartzea, guztiak oso aberasgarriak diralako. Gaurkoa, lehengoa eta gerokoa be gogoan hartzekoak dira duda barik.

2. Etxeko txikitxuenei ipuinak konteteako joerea galtzen joan da gurean. Ipuin kontalarien funtzinoa zein da?

Lehen be zeozer esan dot. Ipuin kontalarion beharra arlo askotan egin geinke: komunikabideetan, eskoletan eta bestelakoetan eta, esangura horretan, antxinako kontuen transmisinoa bermatutea da gure zereginetako bat; nire ustez, helbururik jatorrena hizkuntzeagaz eta ipuinekaz disfrutetea da eta txikitxuenei ipuinakanako pasinoa sortarazotea. Ipuina, publikoa, ipuin kontalaria hirukotasuna gogoan hartuta, ipuin kontalariaren asmoa mezu bat zabaltzea da, tradizino zaharreko kontuak galdu ez daitezan, izan be, hor ondare edo altxor handia dago.

3. Gure mugetatik kanpo be badagoz ipuin kontalariak eta beharbada gurean baino joera handiagoa dago.

Bai. Egia esan, ipuin kontalaritzearena mobimentu soziala da eta, jakina, Euskal Herritik kanpora joan ezkero, Madrilera, Bartzelonara, Valentziara edo Guadalajarara aldeak igarten doguz. Ipuin kontalari asko antzerki mundutik abiatu dira eta alde bisualari be berebiziko garrantzia emoten deutsie, musika tresnak be tartekatzen ditue eta, askotan, talde profesionalizatuak izaten dira; Kafe Antzoki, Pub eta era horretako aretoetan joera polita dago ipuin kontalaritza saio bisualak antolatzeko. Euskal Herrian, ostera, ikastoletan, euskaltegietan edo liburutegietan kontetan doguz ipuinak eta antzezpen gitxigaz. Lehen aitatutako eredu hori ez da asko erabilten gurean baina handik eta hemendik, esperientzia batzuk egin dira Bilborock Aretoan eta bestelakoetan. Euskeraz be egin daitekez era horretako saioak eta beharbada hastea baino ez da izango.

4. Ipuinak ez dira umeen kontua bakarrik. Helduentzako be kontau izan dozuz ipuinak eta ipuin kontalarien maratoietan eta kogresuetan be parte hartu dozu. Zelako esperientziak izaten dira?

Oso aberasgarriak. Norberak bere estiloa dauka eta holako saioetan ipuinak kontetako modu eta ipuinen tratamendurako teknika desbardinak ikusten dozuz. Antzerki gehiago egiten dabenak, gorputz adierazpenari ipuinari berari baino garrantzi handiagoa emoten deutsienak eta ipuin kontalari peto-petoak ikusten dozuz. Bakotxak berbea lagun dauela ikuskizun berezia egiten dau baina besteek egiten dabena ikustea eta, ahal dala, zeozer ikastea be ona izaten da.

Dana dala, nire ustez ipuin bat kontetan danean, garrantzitsuena ipuina bera da eta ez da komenidu ipuinari bere nortasuna kenduko deutson ezer gaineratzea. Antzerki larregi egiten danean, entzuleak gehiago geratzen dira ikusentzunezko eredu horregaz eta ipuinen mamia galtzeko arriskua dago.

5. Zelan ikusten dozu zeure burua: trobalari, koblakari, bufoi ala ipuin kontalari?

Horreek berbak zehaztea komenidu da. Lehen be, XVI. mendean titiriteroak be baebiltzan, trobadoreak eta enparauak baina nik ipuin kontalari legez ikusten dot nire burua, huts-hutsean. Sarritan esaten deutset nik gurasoei bildurrik barik kontetako ipuinak eta ipuinakaz gozetako askorik ez dala behar, lotsa guztiak bazterrean ixtea dala onena.

6. Idazlea be bazara eta oraintsu Txistu eta Danbolin ipuin liburua eta Baleukok eginiko Olentzero filmaren gidoian oinarritutako kontakizuna kaleratu dozuz Ibaizabal argitaletxeagaz. Gehienbat umeentzako idazten dozu?.

Bai. Niri egia esateko asko kostetan jat idaztea, denporea eta konzentrazino handia behar dira baina haur literaturan, ipuinen arloa asko maite dot eta ahalegintxuak egiten dodaz. Txistu eta Danbolinen kasuan, txistua eta danbolina zelan sortu ziran azaltzen dot eta Olentzero filmagaz be eredu ekologistearen ikuspegitik, umeentzako gidoi berezia egin dot. Istorioa 30eko hamarkadan girotuta dago Pirinioetan eta Olentzero bera narratzaile moduan agertzen da. Jenteak pentsetan dau Olentzero agertuko dala eszena guztietan baina bera da ipuina kontetan dauena. Anje gaztea bertan bizi da eta goitik behera aldatuko jako bizimodua Fernando Salzar asmatzaileak jaioterrira joatea erabagiten dauenean. Zentral hidroelektrikoa eregiteko asmoa dakar. Herri osoa alde egongo da Anjeren aitita izan ezik. Ikazkin zaharra izadiagaz orekan biziten ohituta dago eta hareen arteko tirabirek gorrotoa biztuko dabe herrian.