Taiwaneko gatazkea (II)
Ekonomia eta politikea
Hong Kong eta Macau uriek daukien status edo mailea onartzearen kontra dagoz taiwandar gehienak, Pekineko gobernuak horren alde egin arren. ‘Demokrazia ezartzeagaz batera hartutako askatasunak galtzea ekarriko leuke horrek’, dino Estela Hsiao-Chen-ek, Taiwan Thinktank enpresako Estatistika Arduradunak. ‘Denporan atzera egitea lakoa litzateke, Chian Kai-Shek-en diktadura garaira arte. Lortu behar doguna hauxe da: Txina kontinentaleko disidenteek indarra hartzea eta, ondorioz, herrialdea biziten dagoan garapen ekonomikoak arlo politikoan be aldaketak ekartea. Taiwanek ez leuke ezelako arazorik izango Txina herrialde demokratikoa izango balitz’, dino gogor Hsiao-Chen-ek.
Txina eta Taiwan arlo politikoan eta ekonomikoan dagoz aurrez-aurre. Estadu independete legez jokatzen dabe. Halanda be, batek baino ez dauka ahotsa. Nazinoarteko komunidadeak interes ekonomikoek bere horretan segidutea gura dau, munduaren orekea arriskuan jarriko dauen ezelako gatazkarik ez biztuteko. Baina beste pentsakera bat be badago: gatazka honek Estadu Batuek eta Txinak XXI. mendeko nagusitasunagaitik burrukan egitea ekarri leike, jokoan asko dago eta.
Txinan aldaketa ugari izan dira azken aldian, bai ekonomian eta baita gizartean be. Klaseen arteko desbardintasun handiak eta pobreziak indar larregi daukie eta horri aurre egiteko ahaleginetan dagoz orain. Gatazka militar batek ‘txinatar miraria’ kolokan jarri leike eta gaur egun kontrolauta dagozan barruko tensinoek eztanda egingo leukie. Baina egia da, baita, Taiwanek bere etorkizunaren inguruko erabagiren bat hartu behar dauela. Hutsunetik urten behar dau. Nazinoarteko analisten ustez, erabagi egokiena herrialdeari izena aldatzea da. Txinako Errepublikeak Taiwaneko Errepublikeari lekua itxiko leukio. Holan, ‘Txina bakarra’ aldarrikatzen dauen nazinoarteko politikeak ez deutso trabarik egingo ugartearen izatearen autorpenari. ‘Txina bakarra eta Taiwan bakarra’ izango litzatekez orduan, dino pozik Jou Yi-Tseng-ek. Iraultza horren aurrean Txinaren jokabidea zein izango litzateken jakitea besterik ez da falta.
Testua eta argazkiak: Zigor Aldama
Taiwani eskainitako erreportajearen bigarren zatian ugartearen etorkizun baltza aztertuko dogu. Ezegonkortasun ekonomikoak eta txinatar inbasino posible baten mehatxuak egoerea gero eta larriago egiten dau, ganera.
Taiwani Ameriketako Estadu Batuek eta Japoniak laguntzen deutse, modu ofizialean ez bada be. ‘Estadu gehienak euren alde dagoz baina taiwandarrak bakarrik sentiduten dira, baztertuta, herrialde horreek ez diralako kapaz Txinari aurre egiteko’, dino Bo Tedars, TFDko ikertzaileak. Jaiotzez estadubatuarra da baina taiwandarra adopzinoz. ‘Nazinoarteko laguntzinorik barik ezinezkoa da gerrarik bako independentzia aldarrikatzea’.
Lai I-Chung-entzat, aurrez-aurreko militarra denpora kontua baino ez da. ‘Ez dakit noiz izango dan baina uste dot nonoiz Txinak Taiwan indarrez hartuko dauela. Daborduko 700 bat misil dagoz honantza begira eta giroa gori-gori dago. Herrialdearen garapen ekonomikoak indarra emon deutse eta indar hori arlo politikoan be igarten da, orain arte inoiz euki ez dauen arren. Preparauta dagoala uste dauenean, Txinak Taiwanen kontrako gerrea hasiko dau’.
Duda barik, mueta honetako gatazka batek herrialdea erabat hondatuko leuke. Japonia eta Ameriketako Estadu Batuak alde batetik eta, Txina bestetik, aurrez-aurre jarriko litzatekez. Mundu osoan igarteko moduko ondorioak ekarriko leukez egoereak. ‘Gerra batek oraingoz ezereza diran txinpartak atarako leukez’, dino I-Chung-ek.
Taiwaneko itsasarteko beste aldeko eretxiak oso desbardinak dira. Chen Xiaoya-k abogadu legez egiten dau behar Shenzhen-en, Hong Kong-etik 50 kilometrora, eta beraren jarrerea oso zorrotza da: ‘Taiwan Txina da. Holan izan zan XV. mendeko Japoniaren inbasinora arte. Biztanleak Han etniakoak dira, gure herrialdean legez, eta hizkuntzea be geurea daukie, baita ohiturak be. Taiwaneko estadua Kuomintang-ek Gerra Zibilean egindako gehiegikerien ondorioa baino ez da. Kontinentean jentea gosez hilten zan bitartean, Taiwanen egoera ekonomiko ezin hobeaz gozetan egozan, ohostutako aberastasunei esker. Euren ongizatea milaka txinatarren biziari zor deutse eta orain ez dabe ezer jakin gura gutaz, negozioetarako edo gure beharginak hara eroateko ez bada behintzat’ . Ikuspuntu hau izanda be, Chen urtenbide baketsuaren aldekoa da. ‘Ez geunke gure artean burrukan egin behar barriro. Txina mundu mailan herrialde garrantzitsuenen artean dago eta bertokoa izatea harro egoteko modukoa da. Bihar-etzi, Taiwan bete-betean Txinan sartzeko hitzarmenen bat sinatzea gurako neuke, erregimen berezian baino ez bada be’.