Jan-edanak  IV. urtea // 130. zenbakia

Kirolarien errakuntzak


Proteinak

Errakuntza normalena hau da: kirola muskulu-masea ugaltzeko helburuagaz egiterakoan, proteina ugari daukiezan osogarri edo elikagai larregi kontsumiduten dira (okelea, arraina, arrautzea, esnea eta esnekiak, osogarri bereziak...).

Hainbeste aitatu dogun elikadura orekatutaren printzipioa mantentendu behar da kirola egiterakoan. Eguneko energiaren % 12 proteinetatik hartuko dogu. Kirola egiten badogu, energiaren beharrak handitu egiten dira eta gehiago jaten da. Baina proteinen, gantzen eta karbohidratoen kopurua bardin mantentzen da: % 12-15, % 25-30 eta % 55-60, hurrenez hurren.

Proteina lar hartu ezkero, sobran dagoana energia legez erabiliko dogu eta metabolito hondakinak agertzen dira. Txisaren bidez kanporatzen dira eta giltzurrunari lan larregi emoten jako. Orduan, kaltzio lar galtzen dogu eta odoleko gantz- eta kolesterol-mailak aldatu daitekez. Egoereak luze joten badau, giltzurruneko arazoak, osteoporosia izateko arriskua eta gatx kardiobaskulak izateko arriskua eukiko geinkez.

Kreatinina

Azken urteotan kreatinina berbea behin baino gehiagotan entzun dogu batez be gimnasioen munduari lotuta. Kreatinina (metil-guanidinoazetiko azidoa) gibelean, pankrean eta giltzurrunetan sintetizetaen aminoazido batzuen metabolismoagaz eta, ondorioz, sustantzia naturala da. Elikagaietan be topau geinke, arrainean eta okelean batez be.

Egunero gramo bi kreatinina behar doguz. Erdia gure metabolismotik lortzen dogu eta beste erdia elikaduratik. Kreatinina gehiena muskuluetan dago eta laborategiko ikerketatan ikusi da muskulu-masea handitzen eta aktibidadea estimuletan dauela. Gorputzaren kreatininearen eta fosfokreatiniearen biltegiak % 15 eta % 30 handitu daitekez. Baina oraindino ez dago ikerketarik errendimentuaren hobekuntzeak kreatinina suplementoakaz lotura zuzena daukanik esateko. Argitaratu diran lanek dinoe ikerketea persona sedentarioakaz eta kirol gitxi egiten dabenakaz egin dabela ikerketea. Beraz beti agertzen da duda bera: errendimentua hobetzen da kirola modu programatuan egiten dabelako ala kreatinineari esker?

Dana dala, gaur egun kreatinineak ez dau ezelako ondorio ezagunik eta ez dago ‘anti-doping’ zerrendatan.

Amaia Laforga,
Dietetika eta Gizaki-Elikaduran Diplomaduna

Kirolariaren osasuna eta ongizateari eragin leikion elikadurearen inguruko hainbat ‘teoria’ dagoz. Gaur, ezagunenen ganean egingo dogu berba.

Edari isotonikoak

Kirola egiterakoan, izerdiaren bidez ur-kantidade handia galtzen da eta, deshidratazino-arazorik ez izateko, kirolariek egarria sentidu baino lehenago edan behar dabe zeozer, batez be iraupen luzeko kiroletan. Baina askotan, ura edatea ez da nahikoa izaten, izerdiagaz batera gatzak galtzen diralako. Hori dala eta, kirola egin eta lasterrera edari isotonikoak hartu behar dira, gorputzak dituan behar nutritiboak ahal bezain laster asetu eta, holan, ondorioak gitxitzeko.

Kirola egin bitartean hartu behar diran edarien osogai nagusia ura da, baina beste osogai batzuk ere eukiten dabez errendimendua hobetzeko. Batez be kirolarientzat diran edariek glukosea, fruktosea, sakarosea eta maltosa monosakaridoak eta disakaridoak daukiez, hesteek arin hartzen dabezan karbohidratoak. Holan, edari isotonikoei esker behar dogun energia oso arin hartzen dogu.

Baina, antza danez, edari horreetan karbohidrato sinpleak egotearen arrazoi bakarra ez da energia-iturri izatea: karbohidratoak gatzakaz alkartu ezkero, heste meharrak errezago hartzen dau ura, batez be karbohidrato horreek glukosea eta galaktosea direnean; horregatik, kirolarientzat preparautako edariek, glukoseagaz batera, sodio miligramo batzuk daukiez. Halanda be, esan behar da edari horreen karbohidrato kantidadea neurtuta egon behar dala eta kantidade egokia % 6koa da. Hortik gora, edari horreek hesteetako arazoak eta ura galtzea ekarriko leikiez.

Hau guztia kirolari profesional batentzako oso garrantzitsua da, entrenamentuetan eta lehiaketatan kantsau ez daiten. Karbohidrato kantidade hori baino gehiago daukan edari ezagunak Coca-cola da. Mueta horretako edari freskagarriak ez dira bape onak kirolarientzat. Urak, barriz, ez dauka karbohidratorik, ezta sodiorik be, baina kirolariarentzat ona izan ez da nahikoa beharrizanak beteteko. Halanda be, kirola denpora librea beteteko edo gorputza osasuntsu mantentzeko egiten bada, uragaz eta edari naturalakaz (zukuak edo infusinoak) nahikoa da.