Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 129. zenbakia

Itxaroten ikasi beharra


Larritasuna, frustrazinoa eta izakera heldubakoak

Psikologo askoren esanetan, ume eta gazteen artean atzemon eta eten barik gora doan frustrazinoak zuzeneko zerikusia dauka ezinegonaren, arrakasta errezaren eta berehalako emoitzen kultura barri honegaz. Gaur egun, nahiko arrunta izaten da arretearen defizitaren trastornoa; espezialistek dinoe gaixotasun honetan aurreikuspenerako ohiturarik ezak, etorkizunari begiratzeko ahalmen falteak eta bakar-bakarrik orainaldian biziteko nozinoak eragin handia daukiela.

Ezinegonaren teoria psikiatriko batek arazo hau lotzen dau umetako pentsamentu magikoagaz; horren arabera, gauza bat irudikatzeak benetako bihurtzen dau: hori gura dot eta, beraz, hori berori daukat; izan be, umeek personak eta objektuak agertu eta desagertu eragiteko fantasiak daukiez. Egoera horretatik urten ez dauen persona heldubakoak errealidadeari eskatu ohi deutso existiduten ez dana; holakorik lortu ezinik dabilen ezkero, gorabehera handiak daukaz eta estutasun, larritasun eta ezintasun sentsazino mingarriak sentiduten dauz. Itxaroten ikasi beharrean, munduaren eta ganerakoen kontrako jokaerak garatzen dauz.

Erdi Aroko gizakia ohituta egoan hainbat gizaldietan eregiten ziran katedralak zelan altzetan ziran ikusten. Eta, hala eta guztiz be, bere bizi itxaropena gaur egungo personena baino askoz be laburragoa zan. Askoz denpora gitxiago eukita be, lasaitasun handiagogaz egiten eban behar. Paradoxa hau modu errezean azaltzen da, gaur egun balioa galdu dauen geldotasuna obrak egiteko eta emoitza onak lortzeko bermea zalako.

Edozelan be, gatxa da lasaitasunaren alde egitea larritasun eta frenesiaren kaosean. Gaur egun daukagun urduritasunak ez deusku hausnarketa eta baretasunerako tarterik opesten. Itxarotea eta begira egotea ekintza heroikoa da, are gehiago hartu-emonak behin-behinekoak diranean eta porrota nahiz gitxiespenari aurre egiteko modu bakarra dan-dana bertan behera ixteko jokaerea danean. Gauza bakotxaren iraupenagaz barriro be ohitzen ez bagara, gero eta estres nahiz frustrazino handiagoak eukiko doguz. Izan be, prisaren gauzarik txarrena prisa horreek larregi luzatzea ei da.

Begiluzea

‘Denporea baino arinago eginiko beharra, alperrik’. Esaera zahar honek, oso aspaldikoa izanagaitik be, indarra galdu dau. Egia esan, gaur egungo bizimoduaren ikurrak dira berehalako urtenbide eta erantzunak eskaintzen dabezan zerbitzuak. Gure sasoia ezinegonaren adibidea da, bai gai garrantzitsuei bai eguneroko ohikeria txikiei jagokenez. Dan-dana prisaz, albait arinen, berehala... egin beharra dago.

Janari arineko lokalak eta etxera edozein gauza eroateko enpresak ugaldu dira, bai eta erropea segiduan sikatzea eskaintzen daben garbitegiak, argazkiak ordubetean errebeletako eskaintzak, megahertz mordoa daukien mikroprozesatzaile ezin arinagoak eta Interneten abiada bizian nabegetako sistemak. Telebistearen urruneko aginteak publizidadearen hutsarte gogaikarriei aurre egiten laguntzen deusku eta eskuko telefonoari esker edozein unetan berba egin geinke beste modu batera lantoki edo etxean topau behar gendukezan personakaz. Dan-dana momentuan bertan egin daitekela frogatuta badaukagu, zelan egongo gara zain?

Baina, ezinegona, ekintzaileek goraipaturiko ezaugarria eta larritasunen merkatuan ondo be ondo saltzen dan balioa, arazoen iturburua izaten da emoitza egokiena baino gehiago. Izan be, aurreratzeko eginahalak eginagaitik be, denporea behar daben prozesuak izaten dira. Horren kontra joteak amorrua eta haserre bizia eragingo deusku.