Aupa Etxebeste!
Euskeraz grabauriko aurreko lana orain dala hamahiru urte egin zan. Halanda ze, euskal zinemearen gaur egungo egoerea ikusita, benetan eskertzekoa da oso-osoan euskera bizi, herrikoi eta onean egindako film hau batez besteko mailearen ganetik egotea.
Unekada zorragarri batzuetan izan ezik, ez da barre zantzoka hasteko pelikulea, baina bai ezpainetan ezin ezabatu daiteken irribarrea marrazteko modukoa. Horretarako, Euskal Herri honetako personen erretratu nahiko garratz eta esperpentikoa egin eta bete-betean asmau dabe. Beharbada, horrexegaitik eretxi deutsagu hain hurreko lana, hain txukuna, hain geurea.
Hasikeran zozokeria gazbako baten kutsua eta sundea hartuagaitik be, pelikuleak deskribaturiko muturreko egoera zoro baizen sinisgarrian sartzen goazen neurrian, geure egiten dogun neurrian, gero eta hobea, gero eta apartagoa begitanduko jaku, lan bikaina ikusi dogula pentseteragino.
Ramon Agirre, Elena Irureta, Pako Sagarzazu eta Iban Garate dira protagonistak, eta aspaldiko ezagunak izan arren, ostera be esan behar da antzezle bikanak dirala eta halantxe frogetan deuskuela generorik gatxean, jenteari barre eragiteko genero gitxietsi honetan, hain zuzen be.
Horrenbestez, geure izakerearen erretratu lotsabako honen kontura ondo be ondo pasetako prest bazagoze, ez galdu aukerea, “Aupa Etxebeste!” filma ona da eta.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Asier Altuna eta Telmo Esnal.
- Herrialdea: Euskal Herria
- Iraupena: 97 minutu.
- Antzezleak: Ramón Agirre (Patricio Etxebeste), Elena Irureta (María Luisa), Pako Sagarzazu (Luziano), Iban Garate (Iñaki), Iñake Irastorza (Axun), Patxi González (Exenarro), José Mari Agirretxe (Julian), Felipe Barandiaran (Juan), Ane Sánchez (Maite), Guillermo Toledo (Lapurra), Luis Tosar (Lapurra).
- Gidoia: Telmo Esnal, Asier Altuna eta Pablo Bueno.
- Argazkia: Javier Agirre.
- Muntaia: Pite Piñas.