Obaba
Obabako personaiak benetakoaren eta irudizkoaren arteko munduan dagoz, guztiz egiazkoa dan baina amesetakoa dala emoten dauen mugan, hatan be; guztiok dakigu zein dan fikzino leku honen iturburua, baina autortu beharra dago gitxik eukiko leukiela Atxagaren 'Obabakoak' liburuan film baterako oinarri eta abiapuntua topetako ausardia.
Armendarizek adorea dauka eta liburuak erakusten dauen unibersoa irudietan iminteko ataza gatx honi oratu deutso; emoitzea, bada, ona baino hobea izan da. Obaba aurkezteko beharrari abilezia handiz ekin deutso, egunerokotasunari misterio kutsu ederra emonez eta holan ikus-entzuleen jakingurea handituz. Obabara hurreratuko gaituen pasartean emon beharreko laurogeita zazpi bihurgunetan herriaren lehenengo argazki lauso eta iluna ikusi ahal izango dogu.
Herritarren bizitzea, gomutak, poztasunak eta tristeziak ikusiko doguz, txikitasunean uniberso erraldoi eta zabal baten pareko kontakizunak gordeten dauzen toki erakargarri eta eder baizen zakar eta zitalean. Obaba eta mundua, zorionez edo zoritxarrez, holakoak dira, gorrotoa eta maitasuna sortu eragiteko gauza.
Antzezleen lana bikaina da. Edozelan be, personaia femeninoen zeregina bete dabenen beharra azpimarratzekoa da: Pilar López de Ayala, Bárbara Lennie eta Mercedes Sampietro; Héctor Colomé eta Eduard Fernández be ezin dira albo batera itxi. Film honen bitartez, Montxo Armendarizek 'Secretos del corazón' filmaren maileari eutsi ez eze ostera be erakutsi deusku zuzendari bikaina dala.
Amaitu baino lehenago, arazo bat aitatu beharra dago: filma amaitzen danean, guztiok jakin gura dogu benetan zenbat pauso emon edo bihurgune hartu behar diran Obabara atzera be itzuli ahal izateko.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Montxo Armendáriz.
- Herrialdeak: Euskal Herria eta Alemania.
- Iraupena: 107 minutu.
- Antzezleak: Pilar López de Ayala (maistrea), Juan Diego Botto (Migel), Bárbara Lennie (Lourdes), Eduard Fernández (Lukas), Peter Lohmeyer (ingeniaria), Héctor Colomé (Ismael heldua), Pepa López (Mertxe heldua), Txema Blasco (Tomas heldua), Mercedes Sampietro (Migelen ama), Lluís Homar (Esteban heldua).
- Gidoia: Montxo Armendariz; Bernardo Atxagaren "Obabakoak" liburuko kontakizunetan oinarrituta.
- Argazkia: Javier Agirresarobe.
- Muntaia: Rori Sáinz de Rozas.