Euskerea berbagai  II. urtea // 17. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 1a

Getxoko toponimiaren harian

Ikerlariek 1259 leku-izen jaso dabez


Bitxikeriak

Dokumentu batetik bestera kopiaukeran akats batzuk topau dira zenbait toponimotan: Arediondo – Arechondo // Jillamonte – Villamonte...; edozelan be, ez dabe eraginik izan, kasu isolatuak baino ez diralako izan.

Aldaketa baten adibiderik argiena, Goñi gasolindegiaren atzealdean dagoan baserri baten izenagaz pasau da, Ibarbengoa baserria; 1629an dokumentauta dago lehenengo aldiz eta Ybarrabengoa izenagaz agertzen da; beranduago, aldaketa fonetikoak dirala eta, Ybarbengoa edo Yberbengoa agertzen da. 1856an, ostera, Yberberango dokumentetan da eta gaur arte holan erabili izan da. Auzokideei galdetu eta Yberberango esan deuskue nahiz eta artxiboetan berezko izena ikusi dogun. Kontuan hartu behar da Berangoko herria oso hur dagoala eta horregatik uste dogu bateren batek interpretazino okerra egingo ebala bere garaian.

Bestalde, euskerazko aldaketa fonetikoak be topau doguz, asimilazinoak eta bestelakoak; aldea batez be, idatzizko formetatik egungo ahozko formetara ikusten da. Berbarako, Arrigunaga – Arrune // Barrenetxe – Barr a/e ntze // Ibarreko errota – Iberkorta // Garaiena – Gariñe...

Kasu bitxia Larrazabalostaikoa baserriarena da. Larrazabalostaikoa, askotan eta aspaldi agertutako oikonimoa da. Baina gaur egun guztiz desagertu da izen hau. Etxea badago egon baina beste izen bategaz da ezaguna, Moreaga. Azken izen hau, Moreaga hain zuzen be ez da ia XX. mendera arte dokumentetan; beraz, ez dago jakiterik aldaketea nondik datorren. Dana dala, auzoko bati etxe horren izena galdetu ezkero, duda barik Moreá erantzungo dau. Jabeek badakie etxearen benetako izena.

Gorrondatxe hondartza Azkorri izenagaz da ezaguna; ezagunagoa esango geunke. Halan da be, dokumentazinoan agertzen dan lehenengo izena Gorrondatxe da, gero zabal dabilena eta gehien erabilten dana Azkorri izan arren.

Etxerreko Francisco Kaierok argitu euskun kontu hau. Berak esan euskun zati bat Gorrondatxe zala eta bestea Azkorri. Itsasora begira jarri ezkero, ezkerreko aldea Gorrondatxe izango litzateke. Baina, eskumakoa Azkorri, bertan dagoan haitza (atxa) gorria dalako.

Hemendik aurrera zer?

Ikerketa eta bilketa beharra amaitu ostean, Mikel Gorrotxategi, Euskaltzaindiako kideak egokitu ditu izen guztiak gaur egun indarrean dagoan arautegiaren arabera.

Proiektuaren bigarren fasea be martxan dago eta aurrerantzean, ikerketan batutako datu guztiakaz liburua eta CD bat kaleratzea dira asmo nagusiak. Getxoko Udaleko web orrian honezkero badagoz datuak eskuragai.

Azkenik, toponimo guztiak batzeko mapea eta udalerriko leku eta baserriak ezagutu ahal izateko ibilbideak egitea be aurreikusita dago.

Amagoia Aurrekoetxea / Sofia Suso / Bizkaie


Euskerearen normalizazino prozesuan zeregin garrantzitsua da herrietako toponimoak jaso eta aztertzea, izan be, leku-izenak gure kultur ondarearen zatitzat hartu behar doguz eta Getxoren kasuan, toponimoak jaso barik egozan orain arte eta leku-izen asko desagertzeko arrisku bizian egon dira. Arrisku horrezaz arduratuta, orain dala pare bat urte Getxoko Udalak bertako toponimia ikertzeko, sailkatzeko eta kokatzeko beka deialdia egin eban. 2001eko zezeilean, epaimahaiak bekea Amagoia Aurrekoetxeari eta Sofia Susori emotea erabagi eban. Ordutik, hamalau hilabetetan 1259 toki-izen jaso ditue.

Ikerketea egiteko informazinoa Bizkaiko Artxibo Historiko Probintzialean, Bizkaiko Foru Aldundiko Artxiboan, Getxoko Udal Artxiboan eta Jabetza Erregistroan bilatu dabe gehienbat baina Bizkaiko Fogerazinoak (1745/1796) be hustu eta, danetara, 11.446 aitamen topau ditue. Ahozko datuak be oso erabilgarriak izan dira eta, horretarako, sei lekukoren laguntzinoa ezinbestekoa izan da.

Beharra Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean eta Mikel Gorrotxategiren gidaritzapean egin dabe eta toponimoak biltzeko Euskaltzaindiak emondako fitxan hainbat arlo jaso dira, horreen artean, toponimoaren izen normaldua, hau da, euskera batuan toponimo horrek dauen izena.

Batutako toki-izenen artean, herriko etxe zaharren izenak dira nagusi baina beste izen batzuk be badagoz, besteak beste, kaleak, mendiak, soloak, errekak, iturriak, baseleizak zubiak eta bestelako batzuk; lehen esan bezela, horreetako batzuk galtzeko arriskuan egozan transmisino txarraren ondorioz eta beste arrazoi batzuengaitik eta bilketa beharraren balioa ukaezinezkoa da.

Ikerlariek Euskaltzaindiak emondako fitxa eredua erabili dabe eta arloak ondokoak izan dira:

Izena: normalduta dagoan leku-izena.
Zer: zer dan ( etxea, hondartza...)
Deskribapena: toponimoaren deskribapena. Askotan ezin izan da arlo hau bete.
Oharrak: zeozer gehitu edo komentau gura izan danean bete izan da.
Kokapena: toponimoa non dagoan.
Normaldua: Euskaltzaindiak normaldu dauen era dala baieztatzeko.
Toponimoaren erak: topau diran toponimoaren aldaera guztiak.

Toponimoen bilketa beharrean izandako arazoak

Toponimo batzuk Bizkaiko Foru Aldundiak emondako Getxoko mapa topografikoetan kokatu dira. Batzuetan, tamalez, ez da kokatzeko datu nahikorik egon.

Esan beharra dago Elexalde inguruko toponimoak errazago kokatzeko modua egon dala, izan be, oraindino baserri batzuk badagozalako inguru horretan eta ingurua ezagutzen dauen jentea bizi dalako bertan. Algortan eta Portu Zaharrean, barriz, gatxagoa izan da; batez be, Gazteluzarra – Portuzarra tartean. Kasu batzuetan, etxe batek izen bat baino gehiago ditu ( Soldaduena / Piñaguena: "...la casa llamada Soladaduena ó Piñaguena cuya casa..."// Artzubiena / Padrena // Felipena / Errementariena) eta, kontuan hartuta gehienak aspaldi desagertu zirala, ezinezkoa izan da etxearen kokapen zehatza emotea.

Portuzarreko batzuk kokatu daitekez izena idatzita dabelako baina, oro har, bertako bizilagunek ez dabe etxearen izena erabilten.

Beste alde batetik, gaur egun geratzen diran etxeen argazkiak be atara dira larregi ez badagoz be; gehienak baserriak dira, batzuk hutsik dagoz eta asko kontserbazino egoera txarrean.

Datuak 1609. urtetik batu dira eta Artxibo Probintzialean lortutakoak izan dira zaharrenak. Dana dala, 1580 urte inguruko aitamen batzuk be badagoz Diputazinoko Artxiboan baina ez da normalena izan.