Ardaoaren ezaugarri onuragarriak edertasunerako
Imanol Sarasola
Ardaoa otorduetarako ez eze, gaztetzeko eta edertzeko produktu lez erabilten be hasita dagoz ardaoterapia izeneko tratamentuetan. Argentinan ekin deutsie tramentu barritzaileari eta emoten dau beronen garapena eta arrakastea upealakoa dala ardaoaren ezaugarri gaztetzaileengaitik.
Kontuak kontu, edertasun-zentroak, gorputza zaintzeko eta apaintzeko konpainiak eta “wine spa” lez ezagututakoak (ura erabili beharrean ardaoa erabiliz) be hasi dira eskaintzen “malbec”, “cabernet” eta “chanpagne” bariedadeetako mahatsagaz egindako produktu kosmetikoak, mahatsaren ezaugarri onuragarriak goraipatuz.
Edertzeko produktuetan, E bitaminea erabilten da sarri eta emoten dau mahatsaren polifenolen gaitasun antioxidantea E bitaminearena baino ehun aldiz handiagoa dala. Gauzak holan dirala, ardaoan edo mahatsaren osogaietan oinarritutako tratamentuek, gorputzeko zelulen zahartzea atzeratu egiten dabe adituek jakinarazo dabenez.
Ardaozale eta enologoen artean, ezaguna da Mendoza lurraldea, Buenos Airesetik 1.500 kilometrora kokatua dago eta “Eguzki on eta ardo onaren lurraldea” deitzen deutse. Bertan, Argentina osoko ardaoen % 70 produziduten da, mundu zabalean bosgarren produktorerik handiena izan da Argentina. Hemetik aurrera, ardaoa ez eze, mahatsaren osogaiak erabiliz sortutako kosmetikoak be berbagai izango dira.
Hegoamerikako beste lurralde batzuetan be erabilten da ardaoa edertasunerako, izan be, Argentinako iparraldeko Cafayate urian, abuztuaren amaieran inaugurau eben “Wine spa” bat; bertan oso-osorik ardaotik ataratako produktu eta tratamentuak erabilten dabez eta, badaezpada, ondoan bodega bat eta lujo handiko hotel erraldoia ditu. Hurreratzen diran bezeroak oso pozik joaten ei dira etxera bueltan, tratamentuak egiten dabezan bitartean, ardaoa edan, leihoetatik mastica eta mahatsak zelan hazten diran, zelan jasoten dabezan ikusten dabelako...
Zentro horretan, mahatsen estratoakaz preparautako bainuak eskaintzen dabez, upeletan, jakina. Horrezaz ganera, gorputz tratamenduak be badagoz; honeek egiteko mahatsaren haziakaz egindako produktuak erabilten dabez.
Merkatu barri horretan lurrinak be hasi dira egiten; daborduko txanpaina oinarri dauen produktu bat dago merkatuan emakumeentzat, eta “cabernet” eta “malbec” bariedadeekaz egindakoa gizonezkoentzat.
Ikerlari batzuek dinoe ardaotik ataratako produktuak A, C eta E bitaminatan aberatsak dirala eta oso onak dirala zelulak barriztetako; ondorioz, denpora tarte txikian, larruazalean malgutasuna eta gaztetasuna igarten da.
Adituen esanetan, mahatsaren hazietan dagozan polifenolak eta bioflabonoideak antioxidante naturalak dira eta zahartzea ebitetan dabe larruazala airean dagoan ke eta zikinkerietatik babestuz.
Ardaoterapia, gaztetasunari eusteko ez eze, larruazala hezetzeko, sabeleko koipeak kentzeko, eperdi-maminak gogortzeko eta giharrak tonifiketako be egokia ei da, Universo Garden Angels, sektoreko entrepresak eginiko txostenaren arabera.
Argentinatik kanpo, Brasil Ekuador eta Txilen be hasi dira terapia barri horreek apliketan eta laster gurean be hasi daitekez, izan be, Europatik enpresa asko joan dira hango ardaogintzea ezagutzeko eta oraingoz interes handia erakutsi dabe terapia barri horreen inguruan.