Izortz Zabala: 'gogorra da egunean ia 300 kilometro egitea...'
Astillero Arraun Elkarteak 40 urte beteko ditu datorren urtean; izan be, 1966an sortu zan Santanderreko Badiaren barrualdean dagoan herri arrantzalean.
Pontejos eta Astillero bertako arraunlariakaz lehen trainerua osotu eta Klubaren lehen estropadea 1966ko garagarrilaren 30ean izan zan; ‘El Indio’ patroiaren aginduetara, azken postuan geratu ziran; Pedreñak 2’23” atara eutsen.
Ordutik gauzak goitik behera aldatu dira; gaur egun, onenen artean dagoz eta Astilleroren palmaresean, Kontxako Banderea, Espainiako Txapelketea eta makinatxu bat bandera dagoz. Aurten, 2005eko denporaldian, Astillerok TKE Liga irabazi dau, 18 estropada puntuagarrietatik 12 irabazita.
Beste alde batetik, TKE ligeari eutsi deutsie Zumaiak eta Zarautzek eta mailea galdu dabe, ostera, Isuntzak eta Trintxerpek. Denporaldiko estropadarik garrantzitsuenak amaitu dira, baina denporaldia datorren urriaren 1ean amaituko da Lekeition; Kontxako Banderearen errebantxea izango da: Astillero (TKE'05eko txapelduna), Hondarribia, Orio eta Pedreña, danak irabazleak jasoko dauzen 12.000 euroen bila.
Aurtengo denporaldia eta arraunlaritzearen oraina eta geroa aztertzeko Izortz Zabalagaz alkartu gara.
1.- Zorionak aurten egin dozuen denporaldiagaitik. Zein izan da denporaldi honetako momenturik gozoena? Eta mingarriena?
Gozoena, Bermeoko estropadea irabazi genduanean. Aurrekoetan Kontxa izan da, baina aurten ezinezkoa izan da eta horixe izan da momentu txarrena edo mingarriena. Lehenengo jardunaldia irabazi eta segundo bi baino ez geuntsazan atara Castrori, baina Banderea irabazteko aukerea geunkan, itxaropentsu gengozan; dana dala, bigarren jardunaldian gauzak nabarmen trabestu ziran, itxaso txarra egon zan eta ur piloa sartu jakun, gure errua izan zan ura atarateko makinea ez gendualako eroan. Horixe izan da denporaldiko momenturik txarrena edo gogorrena.
2.- Kontxako Banderea ei da denporaldiko mugarria, bolada txar bat salbau leikena, baina, era berean, polemikoena eta tirabiratsuena izaten da. Zergaitik da hain garrantzitsua, sariakaitik, historiagaitik?
Akaso historiagaitik eta banderea irabazteak dakarren prestigioagaitik. Ehun da piku urte daukaz Kontxako Bandereak eta palmares horretan sartzea oso garrantzitsua da arraunlari batentzat. Horrezaz ganera, kontuan euki behar da traineru danek mimo handiz preparetan dabela estropada hori eta, beraz, traineru guztiak egoten dira momenturik onenean. Lehia bizia egoten da eta norberaren indarrak traineru onenakaz neurtzen dozuz. Danon amesa da Kontxa irabaztea.
Kontuak kontu, denporaldiko estropadarik erakargarriena danez, polemikoena eta tirabiratsuena izatea berezko kontua da, irabazi batek baino ezin dauelako irabazi.
3.- Aurtengo Kontxako Banderearen ondoren, arraunlaritzeak galdu dauela esan zenduan, baina polemikak bazterrean itxita, uretan ikuskizun ederra izan genduan aspaldiko partez...
Bai, estropada polita izan zan. Lehenengo txandatik bigarrenera goitik behera aldatu zan itsasoaren egoerea eta olatuak hartzen eta olatuen erasoei aurre egiten nahikoa lan izan genduan. Zaletuentzat ikuskizun ederra, duda barik.
Estropadearen amaieran, momentuaren berotasunean, ‘arraunlaritzeak galdu dau gaur’ esan neban, batez be, egon zan polemikeagaitik; momentu horretan, merezidu ez eban traineru batek irabaziko ebala Banderea jakinda, amorrua emon eustan. Gero, Oriok Pedreñaren kontra jarritako inpugnazinoa tarteko, Hondarribiari emon eutsien Banderea eta apur bat nasaitu egin nintzan, gitxienez, denporaldian zehar eta baita Kontxan be maila ona erakutsi dabelako. Edozelan be, honegaz ez dot esan gura Pedreñak Banderea merezidu ez ebanik. Jardunaldi bietako denporak batuta, Pedreña izan zan onena, hor ez dago ezer esaterik. Ganera, Pedreña eta Orioren arteko arraunak jotea telebistaz ikusi ostean, Pedreña deskalifiketako bestekoa ez zala izan pentsetan dot. Azkenean, Hondarribiarentzat izan da Banderea, errekurtsoak tarteko, kontua zertan geratuko dan jakiterik ez dagoan arren; edozelan be, Hondarribiak Banderea holan irabaztea be ez dauela merezidu esango neuke.
Estropadea irabazten dauenarentzat ospatzeko eta gozetako momentuak izaten dira ahaleginaren ostekoak eta inpugnazinoen eta epaileek berandu hartutako erabagien erruz, arraunlariak, batekoak zein bestekoak ospatu ezinik geratzea tristea da.
4.- Astilleroren 2003ko palmaresa sekulakoa da (Kontxako sailkapena eta Banderako estropada biak, traineruetan 23 bandera, Espainiako txapelketea...) baina aurtengoa be ez da txarra. Zuk zeuk urte batzuk daroazuz Astilleron patroi. Ze balantze egiten dozu?
Bai, lau urte daroadaz eta klubaren balantzea oso ona da. Azken hiru urteotan zeozelako nagusitasuna erakutsi dau Astillerok, beti egon gara aurrean. 2003an dana irabazteko zorian egon ginan, talde sendoa geunkan, ondo akoplautakoa. 2004an, Urdaibai topera ibili zan eta guri kostau egin jakun mailea hartzea. Gero, halan da be, itzel ibili ginan, besteak beste, Kontxako errekorra ezarriz. Aurten, Kontxako Banderea kenduta, sekulako denporaldia egin dau Astillerok. Taldea sendo, serio ikusi dot, total ondo.
Arraunean egiteko beste era bat markau dogu. Entrenetako eta arrauna egiteko beste sistema bat sartu dau Jose Manuel Franciscok eta emoitzetan igarri da.
5.- Bizkaiko traineruen artean, aurten Arkoteren lana nabarmendu beharko geunke, izan be, historian lehenengoz sartu dira plentziarrak Kontxako Banderan. Horrezaz ganera, Isuntza eta Urdaibairen arteko burrukea be ikusgarria izan da. Zergaitik ez da sortzen gaur egun sasoi bateko Bizkaitarra, Zierbena edo Sotera lako traineru indartsurik?
Nik baneki! Dana dala, arraunlarien faltea izan daiteke arrazoia. Kanterea zaintzea eta lantzea izan daiteke konponbidea, baina horretarako nahitaezkoa da arraunlariak egotea. Horrezaz ganera, erakundeak eta enpresak inpliketea be oso garrantzitsua da. Kantabrian, berbarako, gobernua bera, enpresa indartsuak sartu dira eta, era horretara, arraunlari onenak fitxetako modua euki dabe. Astilleron, errumaniarrak, kantabriarrak, galiziarrak eta euskaldunak gagoz. Ganera, kantereari eta beheko mailei be aparteko garrantzia emoten deutsie eta traineruaren ibilbide arrakastatsua ikusita, arraunlari gazteak be hurreratzen dira eta oinarria, kanterea, hor dago. Gauza batek bestea dakar.
6.- Datorren urtean, Patxi Bilbaok Urdaibiren ardurea hartuko dau Plentzian sekulako lana egin ostean. Bermeoko taldea izan daiteke datorren urteko erreferentzia? Zu lako bermeotar batek zelan ikusten dau Urdaibai kanpotik?
Poztu egin nintzan igaz Urdaibaik emon eban mailea eta herriaren erantzuna ikusita. Gero, barriz, denporaldia amaitu eta tristea izan zan traineruaren hondamendia. Imanol Cascantek ezerezetik abiatuta zeozelan taldea eratu eta aurten TKE ligeari eustea lortu dabe, eta txalotzekoa da egin daben lana. Orain, barriz, Patxi Bilbao fitxetea erabagi ona dala pentsetan dot; ibili dan taldeetan emoitza oso onak lortu ditu eta ganera, jentea erakarten daki, arraunlaritzea eta arraunlariak ondo ezagutzen ditu eta giro ona sortzen be badaki. Beraz, Patxik proiektu eta talde polita, sendoa, eratu leikela pentsetan dot.
7.- Igaz TKE Ligan dopingaren kontrako kontroletan hiru emoitza positibo izan zirala zabaldu zan, Kontxako bigarren jardunaldian Astillerok Urdaibairi 20 segundo ataratea susmagarria zala... Doping kontrolei buruz zein da zure eretxia?
Bai, hiru positibo egon ziran igaz, baina horreetako bat B ligan izan zan eta beste biak TKE ligan, baina cannabisagaitik eta hor momentuan ez egozan galarazotako produktuen zerrendan; aurten, ostera, bai. Kontuak kontu, doping kontrolen harian, gauzak ondo egiten dagozala esango neuke, kontrol asko pasetan doguz (aurten, 40 bat pasauko genduzan) arraunlariok, zozketa bidez zein ezustean egiten deuskuez eta horretan konfiantzea euki behar da. Ezin gara ibili inoren lana zapuzten ezelako froga barik; sarritan, talde batek bere emoitza txarrak justifiketako edo tapetako zentzunik bako salaketak egiten ditu eta hori kontroletea ez da erreza, baina egiten dan kaltea handia izaten da.
Jakina, kalean zabal dabilen kontua da eliteko kirolariok ‘zeozer’ hartzen dogula eta egia da, arraunlarion kasuan, burdina, magnesioa, bitaminak eta holakoak hartzen doguz gorputza jagoteko eta errekuperetako. Horretarako dagoz kontrolak, galarazotako produktuen konsumoa ebitetako hain zuzen.
8.- Astillerok sortu eban TKE 2003an. A eta B ligak be hor dagoz. Lehiatzeko sistema lez ondo ikusten dozu?
Bai. Sistemea izatez ona da. Liga diferenteakaz mundu guztiari emoten jako aukerea lehian sartzeko. Jakina, komunikabideen aldetik TKEri egiten jako kasurik gehien eta besteei askozaz gitxiago. Beraz, eskatzekotan A eta B ligen jarraipen zabalagoa eskatuko neuskie komunikabideei, era horretara, arraunlaritzeak asko irabaziko leukelako. Horrezaz ganera, araudiak bateratzea be nahitaezkoa da nire eretxiz.
9.- Gaur egungo arraunlaritzan lehen baino diru gehiago dabil, fitxaketak, kontratu bereziak, era guztietako interesak...; norberaren koloreak eta trainerua defendidutea antxinako kontua ete da?
Antxina be baegozan mobimentuak, ez da gaurkoa bakarrik. Hori bai, oraindino herri txikietan jenteak herriko arraunlariak ikusi gura ditu traineruetan eta normala da. Edozelan be, fitxaketa, kontratu eta enparauak be ez dagoz txarto, lehiakortasunari eta ikuskizunari begira. Arraunlariontzat, ganera, positiboa da fitxaketak egotea, ze horrek esan gura dau kanpoan be balorau egiten dabela zure beharra.
10.- Datorren urtean Astilleron jarraituko dozu? Jaso dozu eskaintzarik beste talde batzuetatik? Aukeran, bueltako zinateke Bermeora-Urdaibaira?
Astilleron gustora nabil, baina urteak dira egunean ia 300 kilometro egiten eta gogorra da...; dana dala, oraindino goizegi da holako erabagia hartzeko eta aukera guztiak patxadaz aztertu gura dodaz. Astillerok jarraitzeko eskaintzea egin deust, Urdaibairen proiektu barrian parte hartzeko aukerea be badaukat eta bestelako eskaintza batzuk be bai, baina oraingoz ezin deutsut ezer aurreratu. Oporrak hartzeko gogoa daukat orain, ze igazko zemenditik gabiz entrenetan eta nekatuta nago.
Koldo Isusi Zuazo