Euskal Herriko Bertso-eskolen VI. Topaketea
Aurreko topaketek bertso-eskolen beharrizanei erantzun gura izan deutsie eta honek be horrenbesteko asmoa euki dau. Bertsotan trebatzeko emon beharreko pausoak aztertu izan dira urtez urte: bertsogintzearen alderdi formalak, bertso-eskoletako irakasleen formazinoa, metodologia, material didaktikoa. Gorago agiri dan lez, intuizinoak eta Xabier Amurizaren materialak sano lagungarri izan dira bertsogintzea bideratzeko, baina gehiago sakontzea posible da.
Xabier Paia
Euskal Herriko Bertso-eskolen VI. Topaketea joan dan astegoienean izan da, Nafarroako Astiz herrian. Topaketa berezia izango zala aurreikusi eban Transmisino Batzordeak eta hala jazo da. Garai barri baten atari izango dala, hain zuzen be.
Gai nagusi bi egon ziran: 2005ean zehar Elkarteak bertso-eskolen inguruan egindako gogoetaren emoitzen aurkezpena eta aurrera begirako lehentasun eta proiektuen debatea. Dudarik barik, esperientziak trukatzeko eta alkarren barri jakiteko aukera polita izan zan be.
Seigarren topaketa honeetan bertso-eskoletako irakasle eta ikasle nagusienek hartu eben parte, urte osorako lanaren oinarriak eta programazinoa zehazteko. Horren harira, aurten ‘bertsofitxa’ izenagaz ezagun dan proiektua jarriko da martxan, bertsogintza lantzeko sekuentzia didaktikoak sortzeko egitasmoa, zelanbait esanda. Oraingoz 6 bertsofitxa egin dira. Emoten dau lan txikia dala, baina ibilbide handiko proiektua da fitxa honeena. Horrela definiduten dau Andoni Egañak horren zuzen be:
‘Orain urte pilo bat alkartu ginan lehenengo biderrez, gure susmo baino ez zan hari formea emon gurean. Ondoen ezagutzen genduan arlotik abiatuta, bertsogintzatik, ahozkotasunari ze ekarpen egin geunskion pentsetan hasi ginan. Ziurtasun bakarra geunkan, ondo frogatua ganera: bertsolaria gai zala, estrategia jakin batzuk erabiliz, aurrean eukan entzuleaganako komunikazino arrakastatsua lortzeko. Gizartean eta belaunaldi barriakan batez be, galtzen dabilen gaitasuntzat joten dabe askok.
Hezkuntza arauturako lana honezkero berean dabil. Ohartu ginan, ostera, mundua konpondu guran genbizala etxe-aurrea zikin eta lohituta eukita. Derrigorrezko moldaketa batzuk ikusita, egindako lana emonkorra izan ahal zan baita bertso-eskoletan be. Ahozkorako proposatutako prozedura sano erabilgarria zan bertsoen lanketarako be, atalez atal egokitzea posible zalako. Gauzak holan, ahofitxa ziranak bertsofitxa dira orain. Bertsozale Elkartearen eskutik, lagun gehiagok hartu dau parte moldaketa lan horretan.
Lan-tresna egokia izan leiteke bertsoen lanketa modu espezifikoan egiteko. Orain arteko intuizinoak asko balio izan deusku, baina ezin ibil geinke beti soka beretik tiraka. Ganera, kontu handiz hartu beharra dago hau metodoau. Bertsotan trebatu gura dauenarentzat lagungarri izan behar leuke, eta ez hesi edo traba. Bertsotarako biltegia beteteko iturriak asko dira, egunez egun gero eta antolatuago eta garatuago dagozanak ganera. Zenbat eta gehiagotatik edan, hoba. Bertsofitxak bertsofitxa dira, ez bertsopizza eta ezta bertsobitsa be ez. Ez dira bertsoa beti bardin egiteko tresna eta ezta gailurreko bertsoen katalogo kopiagarria bez. Euren kabuz hegaz egitea lortu daben piezak dira... holako pieza gehiago eta hobeak sortzea ekarriko dabenak. Eta hori espero dogu!’