Euskaldunak zein euskal jatorrikoak martxan
Angel Diaz Silleroren '73 aƱos del Fronton Mexico, cronica de vida del Palacio de la Pelota' liburuaren aurkezpena.
'Gogoratzen naz zelan hasi nintzan ni pelotan jokatzen. Hamairu edo hamalau urte baino ez nituan. Mexikoko Frontoitik hiru kaletara dagoan Puente de Alvaradoko nire auzokide batzukaz alkartu eta zezta zahar eta kautxuzko peloteagaz ibilten ginan. Oso ondo pasetan genduan, primeran, domekatan hamar ordu be emoten genduzan pelota jokuan'. Ordutik, Angel Diaz Sillero zesta punta edo xistera zale amorratua dogu.
Habanan jaio zan, Concordiako Frontoitik hur. Gero, Mexikora joan eta han be Mexikoko Frontoitik hur izan eban bizilekua. Hamar urte zituala atzelari moduan jokatzen hasi zan. Dana dala, etxean ez eutsen ixten pelotari izaten eta ikasi egin behar ebala eaten eutsen behin eta barriro. Kontuak kontu, haren amesa pelotari izatea zan: 'Barriro jaioko banintz, pelotari izango nintzateke' esaten dau.
Gauzak holan dirala, Diaz Sillerok bere pasino edo zaletasunaren ganeko, hau da, pelotearen gaineko liburua preparetan pare bat urte emon ditu. Izenburuan, Jauregi berbea aitatzen dau eta Frontoia benetako luxuzko jauregia dala autortzen dau idazleak, izan be, aurrealdea egiteko Arte Ederretako Jauregian erabili bako marmol hondakinak aprobetxau zituen. Diaz Sillerok penaz, poztasunez eta emozino handiz baina, batez be, pelotearenganako zaletasuna erakutsiz gogoratzen dau Pelotearen Jauregia, 1996. urtetik zarratuta dagoana. Pelotari handiek ahaztu ezinezko pelotakada eta partiduak jokatu ditue bertan, denporaldi eta txapelketa gogoangarriak. Horrezaz ganera, Mexikoko lagun ospetsuak aitatzen ditu idazleak liburuan, kirol ikusgarriagaz disfrutetan bertan egondako lagunak hain zuzen be eta, jakina, zenbat gura kontu eta bitxikeria be topauko ditu irakurleak.
Liburuaren aurkezpenean, idazleagaz batera, Pepe Musi, Alfonso Lopez eta beste 20 pelotari izan ziran. Musi, 1978ko Munduko Txapelduna eta gaur egun Mexikoko Frontoi Federazinoko presidentea da eta Lopez, ostera, Mexikoko atzelaririk onena. Oraingoz, pelotearen gaineko bilduma bakarra da Diaz Silleroren liburua.
eitb.com // Bizkaie
Martin Echevarria mendizalea Antartidako Vinson tontorrera bidean
Martin Echevarria, Karakaseko Euskal Etxeko kideak espedizino bereziari ekin deutso abenduaren 14an. Cumbre Proiektuko lagunakaz batera doa, hau da, Marcus Tobias, Carlos Calderas, Marco Cayuso eta Carlos Castillogaz. Abenturea ez da edozelakoa izango, izan be, Antartidako Vinson mendiaren tontorrera heltzea da asmoa eta kontuan izan behar da ia-ia bost mila metroko mendia dana, zehatz esateko 4.897 metroko mendia eta, ganera, ingurualde haretan, eguraldiak ez dau larregi laguntzen, berbarako, tenperaturen aldetik zero azpitik berrogei gradu ingurukoak izango dabez eta, hori gitxi ez bada, Tal Cual egunkariak argitaratu barri dau ia-ia 5.000 mila metroko mendia izan arren, Hego Poloko grabedadea dala eta, 6.000 metro baino gehiagoko bategaz konparau daitekela.
Espedizinoa Txilera abiatuko da lehenengo eta behin eta Patagoniatik Vinsonen tontorrera heltzen ahaleginduko dira. Lortu ezkero, amesa beteko dabe, hau da, kontinente guztietako mendirik altuenetan Venezuelako banderea ipintea hain zuzen be.
Severino Ayastuy misiolariari Urrezko Bihotza saria emon deutse oraintsu Argentinan
Cordis Elkargoak alkartasuna, zintzotasuna eta besteakanako maitasuna erakutsiz, danon mesederako behar egiten daben lagunei emoten deutse sari hau eta oraingo honetan, dinogun lez, Urrezko Bihotza saria Severiano Ayastuy misiolariari emon deutse.
Duda barik, Severino Ayastuyk urrezko bihotz handia dauka. Txikia da neurriz baina indar handiko gizona, 88 urte egin ditu baina jentea erraz erakarten dau.
Severiano Ayastuy misiolariari 'Abade ibiltaria' ezizena ipini deutse Impenetrable eskualdean. Ia-ia hogei urte daroaz hango mendietan, bertako herritarrei ebanjelioaren barri emoten eta bizimodu hobea izan daien burrukan.
1914ko urtarrilaren 7an jaio zan Gipuzkoan eta berak dinoanez, ez da espainola, euskalduna baino. 'Kotoiaren lurraldea' Chacoko Euskal Etxeak egin eutson proposamena Cordis Elkargoari. Horretarako, Jose Cristian Echavarria, Euskal Etxeko presidenteak sinatutako idatzia bialdu eben. Halan da be, ekimenak gizarte osoaren babesa izan eban, bai Friaseko Komandantziarena eta bai General Guemeseko Departamendu osoarena be. Severiano misiolaria Friasen bizi da gaur egun eta bertako alkatea sari banaketa ekitaldian izan zan Ayastuygaz batera. Laurogeigarren hamarkadaren hasieran heldu zan General Guemeseko Departamendura aita Ayastuy Santiago de Esterongo Monte Quemadotik. Mendira jo eban eta Chacoko Impenetrableko herritar pobreenakaz sekulako beharra egin eban (oraindino be horretan dabil).