Euskerea modan dago Bartzelonan
Iratxe Ormatza
Udagoienagaz batera katalanak euskerara hurreratzen hasi dira. Bartzelonan lau leku dagoz euskerea ikasteko: Euskal Etxea, Hizkuntza Eskola Ofiziala, Bartzelonako Unibersidadea (UB) eta Bartzelonako Unibersidade Autonomoa(UAB). Urtetik urtera gero eta ikasle gehiagok emoten dabe izena eta aurton 400 bat itxaroten dabez.
Bartzelonako Euskal Etxean lau irakasle dagoz: Jon Ansa, Goretti Alzuri, Ahinitz Gerrikagoitia eta Ander Elortza. Danetara, sei maila eskaintzen dabez, mintza praktika eta Boga online sistemearen barruan. Joan dan urtean nahiko arrakastatsua izan zan eta 120 ikasle ibili ziran.
Izena emoteko arrazoiak sano desbardinak dira. Batzuek euskal arbasoak daukiez, beste batzuek bikotekidea euskalduna daukie, badagoz Euskal Herrira osterea egin gura dabenak eta euskal kulturara hurreratu gura dabenak be.
Ohiko ikasketez aparte, urtearen barruan, Euskal Etxea saiatzen da Euskal Herriko jaietara hurreratzen, berbarako: Euskal Herria Sona musika jaialdira, Santo Tomas Egunera, Sagardo Egunera edo Korrikara. Horrezaz ganera,13 ikasle Itureneko (Nafarroa) barnetegira be joan ziran.
Hizkuntza Eskola Ofizialean be euskera ikastaroak dagoz. Amaia Artola eta Adune Olaizola dira irakasleak eta pasa dan ikasturtean 153 ikaslek emon eben izena. Aduneren berbetan, euskerea modan dago Bartzelonan: 'euskal jatorriko irakasleak, jubiladuak eta azkeneko urteetan, 25 eta 35 urte arteko gazteak etorten dira. Uste genduan Euskaldunon Egunkaria zarratu ebenean, hainbat jente bildurtuko eta atzera egingo ebela, baina kontrakoa izan da'.
Itziar Aduriz da Bartzelonako Unibersidadeko euskerazko irakasle bakarra. 1999tik dabil bertan beharrean eta hiru irakasgai eta mintegi bat emoten dauz; datu lez baino ez bada be, igaz 80 ikasle izan ebazan. Adurizek esan dauenez, 'Katalanak oso interesauta dagoz euskal kontuetan, baina ez dot uste alderantziz hori pasetan danik. Batzuk engantxau egiten dira hizkuntzara eta oso ondo egiten dabe berba, klasean eta barnetegian eta euren kabuz be ikasten dabe'.
Bartzelonako Unibersidade Autonomoan, 199 ikasle batu ziran igaz euskera, historia eta literaturako klaseetan, Jon Elordi irakasle zala. Jon Elordik eta Itziar Adurizek Eusko Jaurlaritzeari laguntzinoa eskatu deutsie irakasle gehiago lanean hasteko. Horren harian, Adurizek hauxe adierazo dau: 'Bartzelonako euskerazko ikasle guztiak batu gara gure artean laguntzeko. Zelan izan leiteke Bartzelonan euskerazko erreferentea izatea eta hain laguntzino gitxi eukitea. Diru gehiago behar dogu'.